Irakaskuntzako greba deialdiaren atarian, negoziazioak azken ordura arte

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta sindikatuetako ordezkariak arratsaldean eta gauean bildu dira, lehenak mahai gainean jarritako proposamena aztertzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleen lan hitzarmena 2010ekoa da.

Irakasleen grebaren harira antolatutako manifestazioa, Gasteizen, urtarrilean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irakasleen grebaren harira antolatutako manifestazioa, Gasteizen, urtarrilean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete - Iosu Alberdi
2025eko martxoaren 24a
23:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleen greba ziklorako deialdia martxan zela, negoziatzen aritu dira sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Arratsaldean hasi, eta gauera arte iraun dute bilerek; are, gauerdian oraindik negoziatzen ari ziren. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek egindako deialdiaren arabera, aste honetan lanuzteak izango dira asteartean, asteazkenean eta ostegunean; datorren astean, berriz, asteartean eta asteazkenean. Gauerdian oraindik argitu gabe zegoen grebarekin zer gertatuko zen.

Gobernuak eta sindikatuek hitzordua jarria zuten 16:00etarako, baina sindikatuek denbora eskatu dute Hezkuntza Sailak mahai gainean jarritako azken proposamena aztertzeko, eguerdian jaso baitute. Hala, bilerak 19:00 aldera hasi dira, eta gauean jarraitu. Eragile guztiak batera bildu dira aurrena, baina Jaurlaritzak aldebiko bilkurak ere egin ditu sindikatu bakoitzarekin, banaka.

Egun indarrean den lan hitzarmena 2010ekoa da, eta irakaskuntza publikoko sindikatuen arabera, egokitu beharreko elementu ugari ditu. Nabarmenenetako batzuk dira lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.

Erosahalmenari dagokionez, sindikatuek salatu dute hitzarmena ez berritzearen ondorioz erosahalmenaren %20 inguru galdu dutela azken hamabost urteetan. Hori berreskuratzea lehentasunen artean jarri zuten, nahiz eta zehaztu asmoa ez zela hori guztia batera berreskuratzea, horretarako prozesu bat abiatzea baizik.

Eskaera horiek kontuan har zitezela lortzeko egin zieten sindikatuek grebarako deia 30.000 irakasle ingururi. Deialdiaren berri ematearekin batera, sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera kritikatu zuten: «Komunikabideen aurrean esaten du negoziatzeko atea irekia duela, baina hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia du».

Deialdi hura harriduraz hartu zuen Hezkuntza Sailak, baina, jarraian, negoziatzeko deia egin zien sindikatuei. Orduan, proposamen bat jarri zuen sindikatuen esku, eta hura izan zen atzoko bileraren oinarri nagusietako bat. Sailaren arabera, proposamen horrek «argi eta garbi» erantzuten zien sindikatuen eskari nagusiei; besteak beste, soldatak eguneratzea, irakasleen eskola orduak apaltzea, baliabide osagarriak indartzea eta langile taldea gaztetzeko plan bat ezartzea.

Greba ziklo baten ostean abiatu da negoziazioa, eta horri erantzuten dio azken lanuzte deialdiak ere: irakasleek urtarrilean eta otsailean ere beste lau greba egun izan zituzten. Oraintxe Hezkuntza Sailari konpontzeko geratzen zaion korapilo bakarra da; izan ere, grebak tarteko, bi lan hitzarmen adostea erdietsi dute azkenaldian: Haurreskolak partzuergokoa eta garbiketako eta sukaldeetako langileena.

Aste honetarako, deialdi hauek eginak zituzten sindikatuek: gaur, Bilbon, 11:30ean, Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik hasita. Biharko, berriz, hiru manifestazio: Bilbon, Arriaga plazatik hasita; Gasteizen, Bilbo plazatik abiatuta; eta Donostian, Bulebarretik hasita. Guztiak 11:30ean egitekoak dira. Eta ostegunean, Donostian, 11:30ean, Bulebarretik aterata.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.