Bide onetik doaz Euskararen Erakunde Publikoaren eta Parisen arteko negoziazioak

EEPren aurrekontuak zortzi urte daramatza izozturik. EEPko ordezkaritzak eta Peio Dufauk «begi onez» ikusi dute Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera.

EEPren bilera, Baionan, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
EEPren bilera, Baionan, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 11
13:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Oraindik akordiorik hitzartu ez duten arren, bide onetik doaz EEP Euskararen Erakunde Publikoaren eta Frantziako Gobernuaren arteko negoziazioak. Gaur bildu dira bi aldeak, Frantziako Asanblea Nazionaleko Euskal Herriko diputatuekin batera, Frantziako Hezkuntza Ministerioan. EEPko ordezkaritza pozik agertu da bileraren ostean, uste baitute Paris «borondate onez» heldu dela negoziazio mahaira. Horiek horrela, erakundearen finantzaketaren auzia izan dute mintzagai, besteak beste. Izan ere, azken zortzi urteetan aurrekontuak izozturik izan ditu EEPk.

Ordu eta erdi ingurukoa izan da bilera, eta bertaratutakoek «begi onez» ikusi dute Hezkuntza Ministerioaren jarrera. «Entzun gaituztelako sentsazioa dugu», esan du Peio Dufau EH Baiko kide eta Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatuak. Bide beretik jo du EEPko lehendakari Maider Behotegik: «Gaur jorratu beharreko gaiak aurretik landu dituztela ikusi dugu. Gainera, [Elisabeth Borne] ministroaren bulegoko zuzendariarekin bildu gara, eta horrek ministerioaren borondate ona erakusten du».

EEPren aurrekontuak berritzeko akordio baten beharra ez da erakundearen eskari berri bat, statu quo batean zortzigarren urtea egin behar baitu. Eta aferak desadostasunak eragin ditu EEPren eta Frantziako Gobernuaren artean. Iaz, esaterako, bilera egin zuten bi aldeek, baina 45 minutu igaro ostean mahaitik altxatu eta bilera amaitzea erabaki zuen EEPk, ministerioaren jarrera zela eta. Gaurko giroa, ordea, bestelakoa izan da. Behotegik nabarmendu duenez, Bornen bulegoko zuzendariak jakinarazi die EEPren interesen alde agertuko dela. «Estatuak tresna honi eutsi nahi dio, eta egoeraren jakitun dago», gaineratu du EEPko lehendakariak. Hala ere, aurrekontu berri hori zenbatekoa izango den oraindik zehazteko dutela nabarmendu du Behotegik.

Diru kontuez gain, beste zenbait auzi jorratu dituzte bileran. Besteak beste, baxoko ahozko azterketa euskaraz egiteko aukera, eta eskola publikoetako ikasleek ere zientzietako azterketa brebetan euskaraz egin ahal izatea. Mediabask egunkariak argitaratu duenez, bi galdera horien aurrean ere «jarrera positiboa» agertu du Parisek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.