Orain hamar urte Loiolako elkarrizketetan eman zieten "maitasuna" eskertzeko, Arnaldo Otegik bazuen hango Arrupe etxeko mojak agurtzeko gogoa, eta agurtu ditu: joan den ostiralean, hantxe; BERRIA lekuko. Pozik hartu zuten detailea Maritxu eta Marianjeles Azkune ahizpa mojek. Negoziazio gelara sartu zen ondoren Otegi, eta galdutako aukeraz aritu zen. Bateragune auzian preso (2009-2016) zeukatela hitzeman zuen, Argien aroa liburuan (Fermin Munarriz, Gara, 2012), kartzelatik irtetean itzuliko zela hara, bisita bat egitera.
2006ko udazkenean Batasunaren, EAJren eta PSE-EEren puntako ordezkaritzak bildu ziren Azpeitian (Gipuzkoa), Arrupe gogo-jardunetarako komentuan —jesuitena da—, euskal gatazka politikoa konponbidean jartzeko asmoz. Ez zuten lortu akordio bat sinatzerik, gertu egon arren. Loiolako eta Genevako 2007ko saioen hausturaren ondotik berehala sartu zuten espetxean Otegi, ia hamabost hilabeterako, 2003an Jose Miguel Beñaran Argala ETAko buruzagi izandakoaren omenaldian "terrorismoari gorazarre" egin ziola egotzita. Donostiako Martutenen egon zen preso, eta handik igorri zien moja haiei lehen mezua, Loiolako hegiak liburuan (Imanol Murua Uria, Elkar-BERRIA, 2010) jasota dagoenez: kartzelara bisitara sarri joaten zen beste moja bati eman zion Arrupeko bi ahizpentzako eskumuinak emateko enkargua. Bigarren mezua, duela lau urte, Logroñoko espetxetik (Espainia). Aurtengo martxoaren 1ean irten zen libre, eta ostiralean egon zen berriro Arrupen; hamar urtera.
36ko gerrari buruzko ekitaldi bat baliatu zuen bueltatzeko: abuztuan 80 urte beteko dira Loiolan Azpeitiko komandantzia sortu zutela —Eusko Gudarostearen sorburua izan zen—, eta ostiral arratseko omenaldira joatea erabaki zuen. "Izan zirelako gara", idatzi zuen gero txio batean, ekitaldiko bideo batekin lagunduta. "Eusko Gudarostearen 80. urtemuga. Gora eusko gudariak! Herri hau bizirik dago. #independentzia", jarri zuen beste txio batean. Ekitaldi hasieran eta bukaeran lagun andana joan zitzaion agurtzera. Arrupeko sarreran eta atarian izan zen omenaldia, eta, gero, jendea eraikinaren atzealdeko mokadura zihoala egon zen Azkune mojekin, biak han ondoko Gogartetxetik espresuki atera zirenean. 2006ko elkarrizketa politikoen gelara sartu zen ondoren Otegi, kazeta honen proposamenari baiezkoa emanda. Irailaren 20tik azaroaren 15era hamabi aldiz batzartu ziren han, sekretupean bildu ere; alboko ate batetik sartzen ziren Arrupera, inork ez ikusteko moduan.
Otegik esan izan du Batasunekoei bururatu zitzaiela Loiolan biltzea. Iñigo Urkulluk, ideia jeltzaleena izan zela. Jesus Egiguren sozialistak, berea izan zela, sortzez gertukoa dela izanik —Zestoako auzo Aizarnakoa—. Kontuak kontu, hiru alderdietako zuzendaritzakoez gain, Loiolako jesuiten arduradun batzuek, Donostiako gotzainak eta Arrupeko moja gutxik baino ez zekiten han, basilika ondoko etxeko gela batean zer batzar mota zeuden. Diskrezioari eusteko, gelako atean jarri zuten Deustuko Unibertsitateko irakasle batzuk zeudela barruan. Italiar erretore bat galdezka aritu zen, "ma che cosa succede?" (baina zer pasatzen da?). Erantzunik ez.
Bilera gelara, hamar urtera
Eraikinaren beheko solairuan batzartu ziren, eskuinaldean. Bilera gela bat, atseden eta otorduetarako egongela bat, eta alderdi bakoitzaren bileretarako beste bi gela txiki hartu zituzten eremutzat. Joan den ostiralean, 2006an ez bezala Arrupera ate nagusitik sartu arren, berehala aurkitu zuen bidea Otegik. Izan ere, orduan inoiz eremu pribatutik atera ziren, harrerara joateko fotokopia batzuk egitera. Batzar gelara sartu, eta "hau duk", zioen, nostalgia pixka batez. Gogoratu zuen mahaiak U forma zeukala, han den telebista orduan ere bazela... Mahaian, erdian, EAJkoak eseri ziren: Urkullu BBBko orduko presidentea eta Josu Jon Imaz EBBko burua. Urkulluren alboan, Batasunekoak: Rufi Etxeberria, Olatz Dañobeitia hasieran eta haren ordez Arantza Santesteban gero, eta Otegi bozeramailea. Batasunekoen parean, PSE-EEkoak: Egiguren orduko presidentea —Jose Antonio Pastorrek ordezkatu zuen behin—, eta, Imazen ondoan, Rodolfo Ares Antolakuntza arduraduna. Otegik ostiralean zioenez, Ares "egun santu guztian" gelatik kanpo telefonoz hizketan aritzen zen. "Rubalcabaren gizona zen, eta harekin hitz egiten zuen. Negoziaziorako baino gehiago, Jesus [Egiguren] kontrolatzeko zegoen Ares".
Ostiralean BERRIArekin eta EH Bilduko komunikaziokoekin 2006ko negoziazio gelara sartu, eta, aulki batean eserita, kasik etenik gabe eta deus galdetzeke ordu laurden batez mintzatu zen, orduko bileretako giroa oroituz eta, off the record-en, gogoeta politiko gordinak eginez. Proposamenak-eta idatzi zituzten bakarrak beraiek izan zirela adierazi zuen, Imaz baino "abertzaleago" ikusi zuela Urkullu... Loiolako hegiak-en kontatu zuen Batasunekoak "negoziazio dinamikaz ikastaro trinkoa" hartuta joan zirela Loiolara; "xehetasun guztiak jarri nituen mahai gainean, eta uste dut horrekin harritu egin zirela besteak".
Gai garrantzitsuak izan zituzten mahaian 2006an: Euskal Herriaren nazio aitortza, prozedura legalen bidez erabakitzeko eskubidearen gauzatzea, proiektu guztiak bideragarri izateko konpromisoa, EAE-Nafarroa lankidetza, adostutakoaren zabalkundea... Akordioaren idatzia, balego, Vatikanoan gordetzekotan geratu ziren. Urriaren 31n, bazuten aurreakordioa: Elkarrizketa eta Akordio Politikorako Oinarriak dokumentua. Izenpetzea falta zen. Azaroan hautsi zen dena, Batasunak, testuan "indefinizio asko" zeudelakoan, Hego Euskal Herriaren estatutuaz zehaztasun batzuk aurkeztu zituenean. "Ezker abertzalearen kohesioari eustearren, aurreakordioa behin betiko akordio bihurtu nahi izan genuen", azaldu zuen Otegik Argien aroa-n. Loiolako hegiak-en, "autokritika" bezala, ezker abertzaleak "tempus-arekin beste era batera" jokatu behar zutela zioen, eta iruditzen zitzaiola "oinarrizko akordiorako pieza guztiak" han daudela.
Loiolako hausturatik hamar urte beteko dira udazkenean, eta haietatik ia zortzi urte kartzelan egin ditu Otegik –EH Bilduko EAEko lehendakarigaia da orain–, Arrupe atzeko mokadura atera aurretik esan zuenez. Zalantza bat agertu zuen gibeleko patiora heltzean Ama Birjinaren estatua ikustean: "2006an ba al zegoen?". Bazegoen: Lurdeskoa. Gero, Arrupe hotel bilakatzeko obretan, Lurdesko Ama Birjina hautsi egin zen; elkarrizketa haiek bezala. Jesusen Amaren bat dago orain han. Miraririk ez.
konpoNBIDEARI BEGIRA
Negoziazio gelara bisita
Duela hamar urte Batasunaren, EAJren eta PSE-EEren elkarrizketa politikoak izandako lekura itzuli da Arnaldo Otegi: Loiolako Arrupe etxera. Lekuko izan da BERRIA. [YouTube]https://youtu.be/wnWEYkZfNtI[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu