Homo sapiens-ek ez ezik, neanderthalek ere hildakoak ehorzten zituztela frogatu du ikertzaile talde batek. Zehazki, 2 urteko ume baten eskeletoa aztertu dute, eta ondorioztatu dute duela 40.800 eta 41.700 urte arteko epean lurperatu zutela. Asier Gomez Olivencia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea izan da hamalau ikertzaileko taldearen buru, CNRSko eta Parisko Historia Naturalaren Museoko ikertzaile Antoine Balzeaurekin batera. Ikerketaren emaitzak Scientific Reports aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte. Diziplina askotariko ikerketa bat egin dute duela 50 urte Frantziako Dordoina departamenduko La Ferrassie aztarnategian aurkitutako La Ferrasie 8 izeneko umearen eskeletoarekin. Neanderthalen aztarnategirik famatuenetako bat da La Ferrasie. XX. mende hasieran, sei neanderthal eskeleto aurkitu zituzten: bi helduren hezurdura osoak eta osorik ez zeuden lau umerenak. 1970ean eta 1973an berreskuratu zuten La Ferrassie 8 deituriko umea.
Garai hartan landu gabe utzi zuten informazioari tiraka egin dute orain aurkikuntza, Gomezek BERRIAri azaldu dionez: «La Ferrassie 8 2 urteko umea aspalditik ezagutzen da. Kontua da ume horren testuinguru arkeologikoa ez zela ezagutzen, eta beti aipatu izan da oso informazio gutxi hartu zela horren indusketan; baina kontua da informazio hori landu gabe zegoela». Eta hori egitea erabaki zuten ikerlariek: «Ume honen fosil gehiago identifikatu, eta indusketa zaharretako informazioa landuz, indusketa berriak eta analisi gehiago egin ditugu».
Ikertzaile taldeak erradiokarbono bidez ikusi du duela 40.800 eta 41.700 urte arteko epean lurperatu zutela. Horrenbestez, La Ferrasie 8 da datazio zuzenik berriena daukan neanderthala —ikerlariek zuzenean hezurrak aztertzen dituzte noiz hil zen jakin ahal izateko—.
Baina La Ferrassie 8 al da lurperatu zutela frogatuta geratu den lehen neanderthala? Europan, lehenengo aldiz geratu da egiaztatuta, hainbat irizpide zientifikotan oinarrituta, ume neanderthal bat lurperatu zuela bere taldeak. Ondorio horretara iristeko, diziplinarteko ikerketa bat egin dute, eta informazio arkeologikoa, paleoantropologikoa, geologikoa, tafonomikoa, proteomikoa eta paleogenetikoa erabili dute, baita erradiokarbono (C14) eta lumineszentzia datazioak ere. Gomezek uste du beste hezurdura batzuek ere badituztela ebidentziak proposamen bera egiteko, baina oztopo bat dela duela ehun urte baino gehiago egindako indusketetan ateratako gorpuak izatea. Gomezen hitzak berresten ditu ikerketari buruzko prentsa oharrak ere. Hor adierazi denez, ondoen mantendutako neanderthalak duela mende bat baino gehiago aurkitu zituzten, eta garai hartan indusketetarako, erregistratzeko eta analisiak egiteko erabilitako teknikak hain desberdinak izaki, orain «oso konplikatua» da hipotesia baieztatzea, egungo estandarrekin eta irizpide zientifikoekin.
Hainbat uste oker uxatzeko balio beharko luke aurkeztu berri duten ikerketak; izan ere, orain arte asko eztabaidatu izan da neanderthalek hilak lurperatzen ote zituzten, eta ikerketaren prentsa oharrean adierazten denez, oraindik komunitate zientifikoaren zati batek uste du ehorzketak Homo sapiens-ek soilik egin izan dituztela. Gomezen hitzetan, oraindik hainbat ikertzailek ez dute sinesten neanderthalek kideak lurperatzen zituztenik: «Ameriketako ikerkuntza talde batzuek ez dute sinesten neanderthal batzuek beste neanderthal batzuk hilobiratzen zituztela».
Balio sinbolikoa, ezbaian
Ikerketaren bidez erakutsi dute neanderthalek kideak nahita lurperatzen zituztela, baina ez dago argi lurperatzeari balio sinbolikoren bat ematen ote zioten. «Gure interpretazioa da bazegoela kode sinboliko bat, eta hilobiratzean bazegoela sentimendu eta erritual bat», azpimarratu du Gomezek. Azterketak orain duen garrantziaz gain, etorkizunerako ere baliagarria izan daitekeelakoan dago Gomez: «Garrantzi bikoitza dauka». Alde batetik, ikertzailearen irudiko, erakusten du «informazio berri asko» topatzen dela duela 50 urteko aurkikuntzak egungo tresnak erabiliz aztertzen direnean, eta hori bultzatu behar dela: «Behar bat dago aspaldiko aurkikuntzak orain dauzkagun teknikekin begiratzeko».
Gainera, aztarnategiari begira, uste du informazio gehiago ematen duela bertan aurkitu ziren beste hezurdura batzuk hobeto ulertzeko, baita etorkizuneko aurkikuntzetarako ere: «Gerora aurki daitezkeen beste neanderthalen hezurduretan ere pistak eman ditzake honek: zelan aztertu, zer begiratu...». Neanderthalen desagerpenaz ere informazioaematen duelakoan dago Gomez, «urriak» baitira orduko gizakien hezurren bidez egindako datazio zuzenak.
Neanderthalek ere hildakoak lurperatzen zituztela frogatu dute
Duela 41.000 urte inguru, 2 urteko haur baten gorpua lurperatu zuten, Asier Gomezen taldeak egindako azterketaren arabera. Datazio zuzenik berriena duen neanderthala da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu