«Gurean beti esan behar da oraingoz. Batetik bestera ager daiteke kobazulo bat, eta, agian, bezperan esaten ari zinena ez da horrela». Alvaro Arrizabalaga arkeologoak —EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Taldeko kidea— ongi du ofizioaren berri; gizakien arbasorik urrunenen gaineko ikerketak egiteko gero eta tresna zientifiko doiagoak dituzte, hobeak, baina lausoak handiak dira oraindik. Irudikatzen ere zail dira aro urrutiko haiek: historiaren aurrekoak, haraindikoak. Gero eta doiago ari dira, ordea: horren erakusle Nature aldizkariak gaur argitaratu duen lana: Neandertalgo gizakiaren desagertzearen bilakaera espazioan eta denboran. Ikerketa handi bat da, Europa osoko aztarnategietako datuekin eginikoa, eta aparteko doitasunez deskribatzen du cro-magnonak agertu —egungo gizakion arbasoak— eta neandertalak desagertu ziren aro erabakigarria. Milaka urte iraun zuen sasoi bat izan zen —adituek diote 25 eta 250 belaunaldi artean hartu zituela—: gero eta doiago deskriba daitekeena.
Orain dela 250.000-28.000 urte bizi izan zen giza espezie bat zen neandertalena, eta zergatik eta nola desagertu zen jakitea arkeologoen aspaldiko kezka da. Hotzari aurre egiteko ez zeudela ondo prestatuta diote zenbaitek; beste hainbatek, berriz, sinboloak eraikitzeko orduan ahalmen urriagoa zutela cro-magnonek baino, eta horregatik galdu zirela. Betiko. Ikerketa berria Oxfordeko Unibertsitateko Tom Higham ikertzaileak zuzendu du, eta Europa osoko arkeologiako adituek parte hartu dute, tartean bi euskal ikertzaile: Alvaro Arrizabalaga eta Ikerbasqueko aditu Maria Jose Iriarte. Iberiar penintsula osoko datuak eransteko eginkizuna izan dute ikertzaileok, eta, besteak beste, Arrasateko (Gipuzkoa) bi aztarnategitan —Labeko eta Lezetxiki kobazuloetan— lortutako datuak aztertu dituzte. Eta, ikerketan erdietsitako datuen doitasunari esker, argia jarri ahal izan dute neandertalen eta cro-magnonen ustezko elkarbizitzaren inguruan: zehaztu dute, %95,4ko fidagarritasunarekin, batera bizi izan zirela 2.600-5.400 urte inguruz —egun Europa deitzen den eremuan—, eta aski denbora izan zela, ondorioz, bien arteko elkarbizitza izateko; hala kultur arloko erlaziotarako nola genetikorako. Ekialde Hurbilean aurkitu izan dituzte neandertalekin izaniko erlazioen aztarna genetikoak, baina Europan ez dago oraindik ebidentziarik.
«Garaikideak izan ziren hainbat alditan Europako hainbat tokitan», azaldu du Tom Higham ikerketako buruak. Emaitzek iradokitzen dute, halaber, neandertalen desagertzea eta mousteriar kulturaren azkena garai bertsuan izan zirela: orain dela 41.000-39.000 urte inguru, orain arte pentsatzen zena baino lehenago. Ikerketaren emaitzei arretaz erreparatu behar zaiela uste du Arrizabalagak ere. «Denoi ikuspegi zabalago bat ematen digu. Kontu hau gakoetako bat da egungo ikerketa arkeologikoan». EHUko ikertzaileak zehaztu du Iberiar penintsulan ez zela izan bi giza espezieen arteko elkarbizitzarik. Baina esplikatu du Europan zehar «egoera ezberdinak» erakutsi dituztela indusketek eta, horregatik, «mosaiko» baten gisan eratu behar dela ikerketa, ikuspegi zabala izateko: kontinente osokoa. «Hartzen badituzu Krimeako, Italiako, Belgikako eta beste hainbat tokitako egoerak, azkenean gertatzen da datak direla-eta ematen duela bi espezieak kontinentean batera egon direla zenbait milaka urtetan».
Ikerketak aparteko garrantzia du, teknologia berri bat erabili dutelako hezurrak aztertzeko. «Sumatu dugu orain arte emaitza ezberdinak eta anomaloak ematen zituzten lagin zenbait kutsatuta egoten zirela», azaldu du Arrizabalagak. «Eta aplikatu da teknologia berri bat garbitzeko kutsadura guztia, eta geratzeko bakarrik kolagenoarekin, datazioak ateratzeko». Emankorra dela dio.
Datazio fidagarriak
«Leku batzuetan ez du funtzionatzen metodoak, kolagenoa ez delako kontserbatu behar bezain ondo. Baina, funtzionatzen duenean, datazioak fidagarritasun erabatekoa du». Euskal Herriko aztarnategietan, bai Labekon eta bai Lezetxikin, metodo horrekin aski datu fidagarriak lortu dituztela esplikatu du: doitasun handikoak. «Kasu batean ikusi dugu zeintzuk diren azkeneko neandertalak, eta bestean, zeintzuk diren lehendabiziko cro-magnonak gure eskualdean». Teknologia berri horren aldeko hautua egin dute zientzialariek, datazio tradizionalak ez direlako aski fidagarriak laginik zaharrenetan.
Etorriko dira datu berriak eta horietan oinarrituta eginiko interpretazio doiagoak. Baina «oraingoz» puntako ikerketa da. Eta lorpen handia da hor egotea. Arrizabalagak argi du: «Oso pozik gaude; ez da askotan gertatzen ikertzaile baten bizitzan horrelako aldizkari batean argitaratzea».
Neandertalen azken hatsaz, gero eta doiago
'Nature' aldizkariko artikulu batean aparteko doitasunez deskribatu dute historiaurreko aldi erabakigarri bat: neandertalak desagertu eta cro-magnonak azaldu zirenekoa. Egile taldean, bi euskal aditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu