Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendaria

Asier Aranbarri Urzelai: «NBEn hartzen diren erabakietan Euskadik ere zeresana izatea eskatzen dugu»

Arazoei era koordinatuan egin behar zaie aurre, Aranbarriren ustez. Gizarte, ekonomia eta politika arloetako eragileak saretzeko, demokraziaren aldeko apustua handitzea planteatu du.

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
Kerman Garralda
Donostia
2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak asteazkenean aurkeztuko du Berrikuntza Sozialari eta 2030 Agendari Buruzko 2025-2028 Plana. Aurreko legegintzaldian hasitako lanari «buelta bat» eman diotela kontatu du Asier Aranbarri Urzelai Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1972). «Bereziki, euskal komunitatea sendotu nahi dugu, demokraziaren balioetan sakonduta».

Zergatik sakondu behar da demokrazian?

Munduan dauzkagun arazoak konplexuak dira, eta ez dago errezeta magikorik erantzun bat emateko. Gobernuak bakarrik ez dira nahiko arazo konplexuei aurre egiteko. Beraz, areagotu dezagun erakundeen arteko harremana, inplikatu ditzagun gizarteko eragile ezberdinak, eta denon artean ikusi dezagun zer neurri behar ditugun arazo konplexuei aurre egiteko.

Zeintzuk dira arazo konplexu horiek?

Asko dira: migrazioa, klima aldaketa, ezberdintasuna...

Nola baloratzen duzu herritarrek politikan duten parte hartzea?

Ondo dago esatea herritarrek gehiago parte hartu behar dutela, baina erreminta egokiak eskaini behar dira horretarako. Herritarrak formatu behar dira, ahaldundu egin behar dira. Eta, hortik, komunitatea sortu behar da. Orain arte egindakoari buelta eman behar zaio, eta herritarrekin bestelako interakzioa izan behar da.

Garai onak al dira komunitatea sortzeko?

Egia da gizarte kontsumistago batean bizi garela eta gure lehentasunak ere aldatuta dauzkagula. Horrek indibidualismo handiagoetara eramaten gaitu, nahiko modu nabarmenean. Baina hori horrela izanda ere, ikusten ditut zantzu positiboak, eta uste dut oraindik ere badaukagula komunitatea osatzeko eta elkarren artean gauzak egiteko gogoa. Arazoren bat dagoenean, azkar biltzen da jendea, eta oso proiektu interesgarriak daude.

«Gobernuak bakarrik ez dira nahikoa arazo konplexuei aurre egiteko»

Klaseen arteko aldea geroz eta handiagoa da?

Munduaren eta Euskadiren artean bereizketa bat egingo nuke. Egia da mundu mailan aberatsak geroz eta aberatsagoak direla eta pobreak geroz eta pobreago, baina ez dut uste Euskadiren kasua hori denik. Bertako egoera, munduarekin alderatuta, ona da. Parametro ezberdinak aztertzen baditugu, ikusiko dugu gizarte berdinduenen artean gaudela, nahiz eta badauden errealitate zaurgarriak. Horien artean, gehienak kanpotik etorritakoak dira. Lan egin behar dugu behar bezala integratu daitezen, lan munduan eta handik harago, gure idiosinkrasia berezi honetan.

Ghettizazio arriskua ikusten duzu?

Ez dut uste egoera horretan gaudenik. Euskal gizartea, orokorrean, gizarte zabala da, eta immigrazioa ez da arazo bezala ikusten. Gizartea prest antzematen dut kanpoko jendea hartzeko bide egokiak lantzeko.

Nola sentiarazi migratzaileei euskal identitatea?

Eusko Ikaskuntzarekin badaukagu proiektu bat immigrazioa eta euskal identitatea lantzeko. Kanpotik datorren jendearekin nola egin dezakegun lan, ikusteko errealitate berezi batera datozela, non kultura eta hizkuntza propioak ditugun, eta horrek berezitasun bat ematen digun.

Baikorra zara? Mundu globalizatuan euskal nortasunak badu tokirik?

Bai, zalantzarik gabe. Are gehiago, euskarak eta euskal kulturak munduari ere egiten diote ekarpena. Munduak euskara galduko balu, mundua okerragoa izango litzateke, pobreagoa litzatekeelako. Horregatik, aliantza batzuk lantzen ari gara munduko beste errealitate batzuekin, Nazio Batuek ere har dezaten 2030 Agendako 18. helburua lehentasun gisa.

«Denok eduki behar dugu zeresana eta zeregina, modu handiago edo txikiago batean. Euskadiri dagokionez ere hori eskatzen dugu»

Zein da 18. helburua?

Aniztasun kulturalari eta aniztasun linguistikoari erantzuten dion helburua da. Garrantzi handia ematen diogu guk. Kontsideratzen dugu 2030 Agenda behar bezala aplikatu ahal izateko eta garapen jasangarrirako lan ildoei behar bezala erantzun ahal izateko ezinbestekoa dela lurralde bakoitzaren idiosinkrasiara egokitzea. Hemen badaukagu kultura bat, badaukagu hizkuntza propio bat... 2030 Agenda egokitu egin behar da errealitate horretara.

Nazio Batuen Local 2030 idazkaritza bat Bilbon kokatu dute.

Guretzat aldaketa izugarria ekarri du. Esan behar da mundu mailako idazkaritza sare bat dela, eta haren egiteko nagusia dela 2030 Agendaren bitartez garapen jasangarria lortzeko egiazko proiektuak sortzea. Idazkaritza sare horrek ordezkaritza ezberdinen bitartez funtzionatzen du, eta zenbait lekutan daude: Brasilen, AEBetan, Japonian, Erresuma Batuan... Ordezkaritza propioa sortu dugu, Euskadikoa, bereziki lantzeko lankidetzazko gobernantza. Hala, 2030 Agenda askoz modu egokiagoan bideratu daiteke, eta hori da formula bat gobernua, eragileak eta gizartea harremantzeko. Politika egiteko modu berri bat.

Gizarte, ekonomia eta politika arloetako eragileak saretu behar diren moduan, herrialdeek ere saretu beharko dute. Gobernu bakoitzak bere eskumen batzuk nazioarteko erakundeen esku utzi beharko lituzke helburu amankomun batzuen mesedetan?

Onartu behar dugu denoi eragiten badigu denon artean konpondu behar dugula. Denok eduki behar dugu zeresana eta zeregina, modu handiago edo txikiago batean. Euskadiri dagokionez, hori eskatzen dugu: Nazio Batuetan hartzen diren erabakietan zeresana izatea. Ez dugu guk bakarrik hartuko erabakia, ez baikara nahikoa. Baina Espainia bakarrik ere ez, edo Europako Batasuna, edo AEBak. Edo ez dezatela erabakia hartu enpresek bakarrik, beste eragile batzuei ere eragiten diete eta. Joan gaitezen sistema hibridoak bilatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.