«Nazionalismo historikoa» galera «lazgarria» izaten ari dela esan du Hamaikabatek

Galdosen ustez, ezker abertzalea EAJri eta H1-i aurrea hartzen ari zaie, eta prozesu hori «aspalditik» dator

jon olano
Donostia
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Iñaki Galdos Hamaikabateko presidenteak ohartarazi du «nazionalismo historiko instituzionala» izaten ari den babes galera «lazgarria» dela, eta galera hori EAJk eta H1ek «errealitate eta sektore berriekin konektatzeko» duten zailtasunari egotzi dio. Galdosen ustez, bi alderdi horiek sakon hausnartu behar dute hauteskunde soziologiaren aldaketaren inguruan, eta egoera berrietara egokitzea ezinbestekotzat jo du.

H1ek atzo egin zuen batzar orokorra, Donostian. Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetako emaitzen gaineko azterketa egin zuten bertan. 90 pertsona inguru batu ziren, Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatua, Martin Beramendi H1eko Gipuzkoako presidentea eta Galdos bera, besteak beste. Galdosek garbi hitz egin zuen: «Porrot galanta izan dugu». Bilduren emaitzak «izugarriak» izan direla uste du, eta ezker abertzalea «nazionalismo historikoari» aurrea hartzen ari zaiola iritzi dio. Hala ere, prozesu hori ez dela berria eta «aspalditik» datorrela gaineratu du.

Bilduren boto kopurua faktore ugarirekin lotu du Galdosek. Haren iritziz, herritarrek «saritu» egin nahi izan dute ezker abertzaleak ETArekiko izan duen «jarrera aldaketa nabarmena». Bide batez, herritarrek ezker abertzalea legez kanpo utzi zutenei mezu bat bidali dietelakoan da Galdos.

Bilkura, uztailaren 16an

Galdosek alderdiaren «kohesioari» eustera deitu zituen alderdikideak. Haren ustez, Hamaikabatek «oraindik asko du esateko» Euskal Herriko politikagintzan, eta ziur da alderdiak gora egingo duela: «Gaur goran daudenak porrot izugarrien ondoren hazi dira, eta berdin gertatuko zaio H1-i».

Atzoko batzarrarekin, H1ek hausnarketa prozesu bat zabaldu du alderdian. Uztailaren 16rako ezohiko batzarrera deitu du zuzendaritzak, eta orduan ebatziko dute etorkizunean zer egin. Zuzendaritzak ez du txostenik aurkeztuko, «inor ez baldintzatzeko». Uztailaren 16koa «beste urrats bat» izango dela argitu du Galdosek: «Inola ez azkena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.