Jabi Asurmendi. Udalbiltzako lehendakaria

«Naziogintza garatu behar da, estrategia konfederalaz gain»

Udalbiltza udal hautetsien nazio instituzioak batzarra egin zuen atzo, Durangon, zuzendaritza berria aukeratzeko. 2021. urtera arteko plangintza ere azaldu dute. Arakaldoko alkatea da Jabi Asurmendi.

enekoitz esnaola
Andoain
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Duela sei urte pasa Udalbiltza «berrantolatu» zutenetik hirugarren lehendakaria da Jabi Asurmendi (Arakaldo, Bizkaia, 1979). Atzo hautatu zuten, Durangon, batzar batean. Mertxe Aizpurua eta Luis Intxauspe izan ziren udal hautetsien nazio instituzioko aurreko bi buruak. 2015etik Arakaldoko alkatea da Asurmendi.

Zer dela-eta animatu zara Udalbiltzako lehendakari izatera?

Batzorde eragilean banago duela bi urtetik, eta zuzendari lanak ere egin ditut. Luis Intxauspek utzi beharra zeukan Udalbiltzako lehendakaritza [joan den ekainetik ez da udal hautetsia], neuri proposatu zidaten kargua hartzea, baloratu nituen gauzak, eta onartu egin dut. Arakaldoko alkate lau urte pasa daramatzat, baina joan den irailera arte Hezkuntza arloan egin dut lan; duela bi hilabete pasatik utzita nago, eta Udalbiltzan nabil egun osoko lanaldian.

Nola ikusten duzu Udalbiltza?

Hura da nazio instituzio bakarra; beraz, hori da haren indargunea. Potentzialitate handia du lurraldeen arteko kohesioa lantzeko, udalerrien arteko saretzea garatzeko eta naziogintza eraikitzeko. Udalbiltza 1999an sortzean, bost printzipio ezarri ziren: Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea; Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzea; nazio eraikuntza bultzatzea; udalerrien arteko harremanak laguntzea; eta nazioarteko lana egitea. Lizarra-Garazi garaia zen, eta ordutik egoera politikoa eta baldintzak aldatu egin dira. Sorrerako printzipioak hor dira, baina, agian, buelta bat eman behar zaie, nolako Udalbiltza nahi dugun erabakitzeko.

Zer «bueltaz» ari zara?

Hego Euskal Herrian maiatzean izan ziren udal hauteskundeak, orain batzorde eragilea aldatu dugu, eta ez gara horretan gogoeta egiten hasi oraindik modu sakon batean. Baina batzordean egon garen gehienok garbi dugu buelta bat eman behar zaiola Udalbiltzaren planteamenduari eta proposamen bat egin behar duela.

Baldintzak ere aipatu dituzu lehentxo. Zer baldintzaz ari zara, abertzaleen arteko elkarlanaz?

Bai, eta estrategia desberdinak daudela ere badiot. Orain, indar politiko batzuen aldetik estrategia konfederala planteatzen da. Udalbiltzak ezin ditu sortu estatu azpiegiturak norabide bakarreko bidea egiteko; hori egun ez da planteatzeko modukoa. 1999ko garaian planteatutako gauza batzuk ez dira aipatzen egun, estrategia aldaketak egon direlako.

Zer irizten diozu estrategia konfederal horri?

Nik neuk, bat egiten dut, euskal estatua lortze aldera, estrategia konfederalarekin. Hori da estrategiarik egokiena eta praktikoena, baina lan gehiago egin beharko genuke naziogintzan. Estrategia konfederalak, izan ere, arrisku bat duela uste dut nik, eta da: lurraldeen arteko arrakala handitzekoa. Euskal Herrian dugun zatiketa administratiboak eragiten du horretan, baina estrategia konfederalak ere badauka arrisku hori. Beraz, estrategia horrez gain, paraleloki, naziogintza, euskalerrigintza eta lurraldeen arteko kohesiorako estrategia bat ere garatu behar da. Udalbiltzak hor, naziogintza estrategian, zeregin garrantzitsua du jokatzeko: nazio kohesioa, udalerrien saretzea...

EAEko, Nafarroako eta Akitaniako gobernuek badituzte lankidetza programak; EAEko eta Ipar Euskal Herrikoak eta Nafarroakoak eta EAEkoak ere bai.

Ez dut ikusten proiektu nazional bat horietan. Lurralde lankidetzarako gauzak badira, baina nazio proiektu oso bat ez. Gainera, euroeskualdean ez dago Euskal Elkargoa; Akitaniako instituzioa dago. Bestalde, herrigintzako eragileekin ez dute kontatu; gehienez ere, inguru ekonomikoari begiratu diote. Beraz, ez dira Udalbiltzak proposatuko lituzkeen ereduak.

Herrigintza aldetik zer pauso nazional eman dira azken urteetan euskal lurraldeetan?

Esango nuke Lizarra-Garazitik aurrera herritarren nazio sentimendua murriztu egin dela, eta garai batean maila nazionaleko ekinbide eta proiektu gehiago zeudela. Herri mugimenduetan ere gure errealitate administratiboak eragiten du. Esaterako, Gure Esku-rena erritmo batera eraman da EAEn, beste modu batera Nafarroan eta beste era batera Ipar Euskal Herrian. Baina ez diot kritikarik egiten Gure Esku-ri; errealitate batzuk daude, eta erritmoak errespetatu egin behar ditugu.

Udalbiltzak 2018-2021 arteko plangintza bat dauka. Nabarmendu ardatz nagusiak.

Garrantzi handia ematen diegu saretzeari, burujabetzari eta tokiko garapenari. Hainbat programa ditugu: Ikerbiltza, Hurbiltzen, Hartu-eman, Lurgida, Hauspotu eta Euskal Herriko historiaren memoria gunea. Burujabetzaren ardatzaren barruan, adibidez, energetikoarena, elikadurarena eta ekonomia sozialarena garatzen ari gara. Euskarri turistiko baten egitasmoa ere badugu. Lurralde desorekari ere aurre egin nahi diogu, ahal den neurrian. Beharrekoak dira proiektuak dira horiek guztiak, eta gehiago behar ditugu naziogintzarako.

Dirua behar... Zer aurrekontu izan duzue aurtengorako?

400.000 euro. Oso aurrekontu murritza da hori. Udal gehiago behar ditugu Udalbiltza partzuergoan. Proiektuen bidez, espazio zabalago batera jo beharko genuke kide berriak erakartzeko. Pentsatu behar dugu nola egin hori.

1.050 udalbiltzakide zarete.

Milara iristeko helburua jarri genuen duela hilabete batzuk, eta gainditu dugu kopurua. Gehiago izan nahi dugu. Saiatu behar gara.

EAJko hautetsiak ez dira ari parte hartzen nazio instituzioan.

Baina badira EAJko udal hautetsi batzuk udalbiltzakideeen artean. Geroa Baiko bakarren bat ere bai. Zenbait independente ere bada. Baina egia da gehien-gehienak EH Bilduko eta EH Baiko kideak direla. Ofizialki, ez dakigu EAJk eta Geroa Baik zergatik ez duten parte hartzen Udalbiltzan.

Jabi Asurmendi da Udalbiltzako lehendakari berria

[youtube]https://youtu.be/Yj4eVKzZSBk[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.