El País egunkariak, «nazioarteko bitartekarien gertuko iturriak» aipatuta, seguru jo zuen bitartekarien ordezkaritza ETArekin harremanetan jarriko dela, eta lehen lana ETAren su-etena egiaztatzea izango dela zehaztu zuen asteleheneko alean.
Aurreko prozesuan ere parte hartu zuen Brian Currin hartu du informazio iturritzat Espainiako egunkariak. Ipar Irlandako eta Hegoafrikako bake prozesuetan bitartekari aritua da Currin, eta euskal gatazkarentzat konponbidea sustatzeko ahaleginetan ere bai. El País-en arabera, oraingo prozesuan bitartekari aritzeko «hautagaiak» gatazken konponbiderako zentroetako ordezkari norvegiarrak, suediarrak eta suitzarrak, zein Bruselako Adierazpena sinatu zuten Nobel saridun batzuk dira. Desmond Tutu, Frederik W. de Klerk, John Hume eta Mary Robinson aipatu ditu, zehazki.
Nazioarteko hainbat hedabidetan ere «hautagai» horien izenak zabaldu dituzte. Hautatuak lan horri eusteko prest egongo liratekeen galdezka ere hasi dira batzuk. France Press agentziak, esaterako, De Klerkengana jo du. Hegoafrikako presidente izana da De Klerk, eta Nobel sariduna da. Haren bozeramaile Dave Stewardek agentziari esan dioenez, proposamena ofizialki egiten diotenean hartuko du kontuan aukera, eta, horretarako, alde guztien oniritzia behar dela abisu eman du. «Eskaera egiten denean eta alde guztiekin, Espainiako Gobernuarekin barne, kontsultatzen duenean pentsatuko du bitartekari izateko aukeraren inguruan».
Edozein kasutan, sortutako egoerarekin De Klerk pozik dagoela jakinarazi du. Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen eskaerak ETAren erantzuna jaso duela eta «itxura hartzen» ari dela.
Zorrotzago mintzatu da John P. Linstroth norvegiarra: «Gatazka honetan nazioarteko bitartekaritza behar da argi eta garbi, nik dudan ezagutzatik behintzat Espainiako Gobernuak oso jarrera intransigentea baitu euskal herritarrekiko». Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetako bat da Linstroth ere, eta Osloko Gatazken Konponbiderako Nazioarteko Institutuko kidea da.
Nazioarteko gaietan espezializatutako International Affairs Forum kazetari emandako elkarrizketa batean, salatu du Espainiako Estatua negoziazioen aurka dagoela eta egungo aukera ikusita ere «Francoren diktaduratik euskal ekintzaile politikoen kontra indarrean den errepresioa» darabilela, tortura, «desagertzeak», zein eskubide zibilen eta bozkatzeko eskubidearen urraketak aipatuta. BBC eta Irishtime atari digitalek ere zabaldu dute ETAren prestasunaren aurrean Espainiako agintariek itxikerian jarraitzen dutela.
Hain zuzen, gatazka konpontzearen alde nazioartean abiatu den mugimenduaren inguruan, «ETAri aurre egiteko» nazioartean lan diplomatikoa egiteko eskatu berri die PPk sozialistei. Aurrez, ostiralean, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordeak berak ziurtatu zuen ahalegin horretan ari dela gobernua buru-belarri.
Conde-Pumpidoren hitzetan, «ezer berririk ez dagoela da berria»
Justiziak orain arte bezala jarraituko duela esan du Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak: «Terrorismoaren aurkako borrokan justiziaren ekintza aurrerantzean ere etengabea izango da, gai honetan ezer berririk ez dagoela delako berria». «Indarkeriaren bidea alde guztietatik ixten» segituko duela esan du, eta Auzitegi Nazionalak ere hori egingo duela, «milimetro bakarra aldatu gabe».Fiskaltzak gobernuari eta legegileei «esperientzia» eman diela esan du urte judizialaren hasiera ekitaldian, eta «hiltzaileek, izen-mailegariek zein haien mesedetan ari direnek instituzio demokratikoak lapurtu ez ditzaten» ahal duen guztia egingo duela.