Sarek nazioarteko kongresu bat antolatu du, konponbideari begira

Urriaren 26an izango da topaketa, 'Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza' lelopean. Nazioarteko eta Euskal Herriko adituak izango dira hizlari: besteak beste, Brian Currin, Martina Anderson, Laura Pego, Jaime Tapia eta Jon Miren Landa.

Sare Herritarraren manifestazioa, Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sare Herritarraren manifestazioa, Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 4a
11:00
Entzun

Sare Herritarrak nazioarteko kongresu bat antolatu du datorren urriaren 26an, Donostian, gatazkaren konponbideari begira. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza lelopean, nazioarteko eta Euskal Herriko zenbait adituren topaleku izango da Kursaal jauregia. Hizlarien artean izango baitira, besteak beste, Brian Currin, Martina Anderson, Laura Pego, Jaime Tapia eta Jon Miren Landa.

Saioak bi atal izango ditu. Nazioarteko begirada Euskal Herriari du izena aurreneko mahai inguruak, eta Currin eta Anderson ariko dira hizlari; eztabaida gidatzen Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendaria arituko da. Nazioarteko bitartekari ezaguna da Currin; nazioarteko hainbat gatazka konpontzeko lan egindakoa da, eta tartean euskal gatazkari konponbidea bilatzeko lan egin zuen. PIRA Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikanoko militantea izan zen Anderson, eta hamahiru urtez egon zen kartzelan, 1998ra arte. Ipar Irlandako Parlamentuko diputatua ere izan zen, 2007tik 2012ra, baita Sinn Feineko eurodiputatua ere.

Bigarren atala, aldiz, Aurrera egiteko ordua izenpetu dute, eta Laura Pegok, Jon Mirena Landak eta Jaime Tapiak hitz egingo dute bertan; Naroa Iturri kazetariarena izango da eztabaida gidatzeko ardura. Kriminologiaren Euskal Institutuko kidea da Pego, eta EHUko Zigor Zuzenbideko katedraduna Landa. Epailea eta Eusko Jaurlaritzako espetxe zaintzako arduradun ohia da Tapia.

Aurreneko saioa 10:00etan hasiko da, eta bigarrena, berriz, 11:30ean. Bego Atxak hasiko du kongresua, eta Joseba Azkarragaren hitzaldiak amaituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.