Oraindik abian dauden gatazken konponbideak izango ditu hizpide Sortuk ostiralean 18:00etan Iruñeko Baluarten egingo duen nazioarteko kongresuan. Kolonbiakoa, Saharakoa, Kurdistangoa eta Palestinakoa zehazki. Egungo gatazken konponbidea izenburupean herrialde horietako gatazken konponbide prozesuaz hitz egingo dutela esan zuten atzo Joseba Alvarez eta Iñaki Zabaleta Sortzaile prozesuko bozeramaileek. Moderatzailea Gara-ko zuzendari ohi Josu Juaristi izango da.
Lau herrialde horiek gaur egun duten egoeraren berri emateko, herrialde horietako hainbat ordezkarik parte hartuko dute konferentzian; hala, bertakoen bizipenak bilduko dituzte. Pledad Cordoba egongo da, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen artean abian diren elkarrizketen aurrekarietan parte hartze zuzena izan zuena. Kurdistango egungo egoeraren eta garatzen ari den negoziazio prozesuaren berri emango du Kurdistango Kongresu Nazionaleko ordezkari N lufer Koc-ek. Saharako herriaren eskubideak egunero «urratzen diren bitartean», joan den asteburuan espetxe zigor «gogorrak» jaso dituzte hainbat sahararrek; horren berri emateko, Fronte Polisarioko Badabi Benabar egongo da bertan. Eta Palestinako gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez arituko da Palestina Askatzeko Erakundeko Karioti Yaber.
Hurrengo egunerako, larunbaterako, kongresua antolatu du Sortuk. Bertan, nazioarteko 25 bat herrialdetako ordezkariek parte hartuko dute. Adibidez, Irlandako Sinn Fein, Greziako Syriza, Alemaniako Die Linke, Ameriketako hainbat herrialdetako ordezkariak eta Kurdistangoak eta Palestinakoak izango dira bertan, baita Euskal Herrikoak ere. «Urteetako lanaren emaitza da. Gure ispilua ere bada, herrialde horiekin izan dugun elkartasunaren fruitua», azaldu zuen Sortzaile prozesuko kide Alvarezek.
Nazioarteko esperientziak aztergai, euskal gatazkaren konponbidean laguntzeko
Syriza, Sinn Fein eta Die Linke egongo dira, besteak beste, Sorturen eratze kongresuan, larunbatean, Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu