«Gazteria independentistari prozesu demokratiko honetan gure babesa adierazteko gaude hemen». Hala mintzatu zen atzo Ogra Sinn Feinn-eko kide Kevin O'Hara, Gazte Martxan parte hartuko duten Europako hainbat herrialdetako gazte erakundeek Bilbon egindako agerraldian.
O'Haraz gain, Jalgi Hadi Garaipenera taldeko kide Elorri Arinek eta Eskoziako Socialist Party-ko gazteen kide Andy Bowdenek hartu dute hitza. Bowdenek euskal gazteria independentistak pairatzen duen «errepresio izugarria» salatu du, eta eskoziarrek 2014an gauzatuko duten autodeterminazio eskubidea Euskal Herriari ere aplikatzeko eskatu du: «Guretzat posible bada erreferendum baketsu, aske eta demokratikoa egitea, ez dakigu zer dela-eta ez lukeen euskal gizarteak eskubide bera izan beharko». Bai Bowdenek bai O'Harak galdegin dute preso politikoak askatzea eta erakunde politiko guztiak legeztatzea.
Katalanak, gaurtik aurrera
Horrez gain, Arinek gogora ekarri du Herrialde Katalanetako CAJEI eta Maulets antolakundeetako gazteek ere parte hartuko dutela gaur Saran hasiko den Gazte Martxan. Haren hitzetan, «Europako herriekin elkartasuna landuz, euren borrokaz asko ikasteko daukagu euskal gazteok». Azkenik, martxan parte hartzeko deia egin dio «euskal gazte orori».
Nazioarteko babesa jaso du gaur hasiko den Gazte Martxak
Europako zenbait herrialdetako gazteek atxikimendua adierazi diote Jalgi Hadi Garaipenera taldeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu