Nazio Garapenerako Biltzarrak jai giroan aurkeztuko du urteko uzta

Ekitaldi sorta prestatu du urriaren 8an egingo duten Nazio Eztabaidarako

gurutze izagirre intxauspe
2005eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Festa giroan aurkeztuko du Nazio Garapenerako Biltzarrak urte osoan egindako lana. Egitarau oparoa atondu dute urriaren 8rako, Zarautzen egingo duten Nazio Eztabaidarako. Salbatore Mitxelena ikastolan izango dira ekitaldiak. Xehetasunak Jagoba Zulueta koordinatzaileak eman zituen atzo.

Bi zatitan banatu dute eguna. Goizean bilera itxia egingo dute Nazio Eztabaida osatuko duten 350 lagunek baino gehiagok. Euskal Herrian euren lanagatik ezagunak diren hainbat pertsonak osatuko dute osoko bilkura. Iaz, sortu zenean, 200 bat lagunek osatzen zuten Nazio Eztabaida, eta azken urtean hainbat esparrutako jendea Nazio Garapenerako Biltzarraren proiektura bilduz joan da, eta ekarpenak egin dituzte. Hala iritsi dira ia kopurua bikoiztera.

Arratsaldean ateak irekiko dituzte

Goizeko bileran bi testu izango dituzte aztergai. Testu horiei azken zertzeladak ematen dabil biltzarra. Nazio programazioan eta nazio erakundetzean urtean zehar lanean ibili diren batzordeek osatutako Nazio Plana eta Euskal Herriko egoeraren azterketa berritua eramango dute osoko bilkurara, haren eztabaidarako eta onespenerako.

Baina eguna bestelako ekitaldiz josita ere badator. Hala, arratsalde partean ateak irekiko dituzte. Maite Aristegik hartuko du hitza, egunaren aurkezpena egiteko. Haren ondotik, gustu guztietarako hainbat ekitaldi izango dira arratsaldetik iluntzeraino.Zazpiehun lagunentzako herri bazkaria prestatuko dute. 14:00etarako paella erraldoia prest edukiko dute. Bazkal ostean, 16:00rak aldera, ekitaldi andana hasiko da: dokumentalak, hainbat tailerren aurkezpenak, eragileen azoka eta animazioak.Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dute arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.

Egitaraua



Nazio Eztabaidaren osoko bilkura, 09:30: Nazio Plana eta Euskal Herriaren egoerari buruzko txostena eztabaidatuko dituzte.

Herri bazkaria, 14:00: 700 lagunentzako paella.

Batzordeen lanen aurkezpena, 16:00: Sei egitasmo aurkeztuko dituzte: Gaindegia, Laborantza Ganbara, Gazte Kontseilua, Emakumeen Eskubideen Karta, Euskal Unibertsitatea eta Naziotasun Aitormena. Ondoren, hainbat tailer egingo dira. Nagusia 18:30ean hasiko da. Aurrekontu parte-hartzaileei buruz arituko dira Edmilson Rodrigues eta Luciano Brunet.

Eragileen azoka, 16:00: Nazio Garapenerako Biltzarrean parte hartu duten eragileek erakusmahai txiki bana izango dute.

Zinema, 16:00: Brasilgo dokumentalak eta Euskal Herrian ekoitzitakoak.

Animazio gunea, 16:00: Bertsolariak, Txan Magoa, Korri, Xalto ta Brinko pailazoak, Mikel Markez eta Pako Aristi eta Karidadeko Benta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.