Hizlariek hitza hartu aurretik ere, ideiak argi. «Euskadik eta Kataluniak liskar eta banaketa nazionalista sufritu dituzte» eta, egungo testuinguruan, eskuin muturraren gorakada betean, «ez da independentziarekin eta estatus berriarekin jo eta kearitzeko garaia». Hala aurkeztu ditu bideo batek Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia eta Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentea. Gaia: Euskadi plural eta anitza Espainia moderno eta kohesionatu batean.
PSE-EEren hamargarren kongresuari ekin aurretik ere, alderdiak adierazi zuen ez zuela «eztabaida zaharretara» jotzeko asmorik; hau da, lurraldearen auzira. Eguneko hitzaldi nagusian, baina, hori izan dute hizpide. Hain zuzen, euskal subiranismotik eta Espainiako eskuinaren joeretatik urrutzenko asmoz. Hala, moderatzaileak, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, ekitaldia hasi du esanez «ultren», albiste faltsuen eta «prentsa erasokorraren» aurka, «kudeaketa, kudeaketa eta kudeaketa» dela PSE-EEren erantzuna. «Nazionalismoaren eztabaida amaiezinen aurka, gizartea kezkatzen duten beste gai batzuk eztabaidatzea».
Amu horri helduta, azken urteetako bilakaerari erreparatu dio Anduezak. Hark argudiatu du eztabaida publikoa nabarmen aldatu dela Euskal Herrian, eta onerako egin duela. «Sozialisten konpromisoak eragin du eztabaida herritarren intereseko gaiei adi egotea», zehaztu du, eta gehitu PSE-EEren ekarpen nagusietako bat izan dela «sentimendu independentistak» behera egitea, «lubakietatik» eskua luzatu dutelako akordioak lortzeko.
Anduezak abertzaletzat jo du bere burua, baina Espainiako eskuinaren nazionalismotik eta euskal abertzaletasunetik aldenduta: «'Edo haiek edo guk' pentsatzen ez dutenak ere onartzen ditugu gurean. Horrek hobe egiten gaitu». Izan ere, argudiatu du «printzipio eta balioetan oinarritutako abertzaletasuna» dela eurena, «espainiar guztiak berdin» egiten dituena. Hain zuzen, adierazi du hori izan dela «ezberdinen arteko gobernuak» sustatzearen oinarria: «Printzipio demokratikoa eta gizartearen aurrerapena Alderdi Sozialistaren gisako alderdi abertzale batekin soilik lortu daitezke».
«Hezkuntza, instituzioak, errespetua» oinarri dituen abertzaletasuna, gehitu du Zapaterok. Eta bakearen aldeko jarrera ere aipatu du PSE-EEren oinarri eta ekarpen gisa: «Euskadiko Alderdi Sozialista bakearen eta pluraltasunaren alderdia da». Hala, ETAren amaiera gogoratu du, eta Patxi Lopez, Jesus Egiguren eta Rodolfo Ares omendu nahi izan ditu. Bakeari lotuta, liburu bat idatzi duela ere adierazi du: La solución pacífica (Konponbide bakezalea; martxoan argitaratuko da). Eta eskuinak memoriaren harira PSOEri egindako erasoei erantzunez, azaldu du eurek «biktima guztien aitortzan eta elkarbizitzan» oinarritutako memoria sustatzen dutela.
«Lurralde gatazkarik» ez
Egungo testuingurura itzuliz, Zapaterok adierazi du Espainiak «bere historia demokratikoko unerik onena» bizi duela. Hitz horiek balio izan dute Pedro Sanchezen gobernuari aitortza egiteko, eta aipatu du «lurralde gatazkarik» gabeko testuinguru bat eskuratu dutela. Izan ere, Kataluniako prozesu independentista gogoan, esan du Espainiako Gobernuak eta PSCk bideratu zutela «amildegitik» gertu zegoen egoera hori. «Gehiago gustatzen zait partekatzeko eskubidea erabakitzeko eskubidea baino», bota du.
Iritzi berekoa da Illa ere. Hark defendatu du Kataluniaren autogobernua zerbitzu publikoak indartzeko baliatu behar dela, Espainia «plural eta anitzaren» barruan. Izan ere, adierazi du oparotasuna sortu eta konpartitu egin behar dela, «gizarteari eta lurraldeari dagokienez».
Hitzartzeetan presente egon da eskuin muturraren gorakada, eta bidegurutze gisa aurkeztu du egoera Generalitateko presidenteak. «Nora goaz?», galdetu du, nazioarteko testuinguruari begira: «Indarraren boterea edo argudioaren boterea», adierazi du, besteak beste, Ukrainari erreparatuz. «Dolar bat, boto bat edo herritar bat, boto bat», oraingoan, AEBetako enpresa digital handien boterea hizpide. «Hori da jokoan dagoena».
Zapateroren esanetan, baina, eskuin muturrak «hutsune bat» dagoela adierazten du: «Ideien hutsune erraldoi bat». Eta horren aurka «berpizkunde demokratikoa» defendatu du. Horri ekiteko elementu gisa, migrazio politikak aipatu ditu. Aferak sendotasun ideologiko eta politiko handia eskatzen duela azaldu du, eta azaldu eskuineko populismoaren lehen heldulekua dela.
Harekin bat egin du Anduezak ere: «Aukera bat da haientzat, baina baita herrialde honentzat ere». Eta argudio gisa aipatu du iraganean biztanle ugari iritsi zirela Espainiatik Euskal Herrira. «Eta hemen nago, Gernikako arbola baino euskaldunago», esan du Anduezak.
Babestuta iritsi da
Anduezak baditu arrazoiak kongresuari lasaitasunez heltzeko. Hura izan zen PSE-EEko gidaritza hartzeko hautagai bakarra, eta, ondorioz, 2024a amaitu aurretik ziurtatua zuen bigarren agintaldia. Gisa berean iritsi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusi izateko hautagaiak ere, oposiziorik gabe. Beste hiru gizonezko: Javier Hurtado Jaurlaritzako Turismo sailburua, Mikel Torres bigarren lehendakariordea eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiordea.
Gainera, ezin da esan Anduezak PSOEren babesik ez duenik. «Euskadiko Alderdi Sozialistaren mailan dago», goraipatu du Zapaterok, baina hura ez da Anduezari babesa emateko Madrildik iritsi den bakarra. Kongresuko ekitaldi nagusian parte hartuko du bihar Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, eta lau ministro ere han izango dira. Horietako bik gaur hartu dute hitza: Oscar Puente Garraio ministroa eta Isabel Rodriguez Etxebizitza Ministerioko burua. Bihar, berriz, Carlos Cuerpo Ekonomia ministroa eta Oscar Lopez Eraldaketa Digitalekoa izango dira parte hartzaileen artean. Azken hori Sanchezen konfiantzazko taldearen parte da, Santos Cerdan nafarra bezala. PSOEko Antolakuntza idazkariak igandeko itxiera ekitaldian hartuko du hitza.