NAZIO ERAIKUNTZA. BAI EUSKAL HERRIARI EKIMENA. Euskara, integraziorako gakoa

Amazigh jatorria duen Jafid Ahamazianen arabera, Euskal Herriaren nortasuna ezkutatzen dute administrazioek, etorkinak integratzeko politiken bidez.

jokin sagarzazu
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Jafid Ahamazian amazigha da, Maroko iparraldean jaio zen, eta Belgikan eta Espainian izan ondoren, duela 11 urte iritsi zen Euskal Herrira, «beharrak eta kuriositateak jota». Gatazka politikoari buruz zuen ezagutza dela eta Europan eginiko harremanak direla, Euskal Herrirekiko interesa piztu zitzaion. «Marokora propaganda politikoa baino ez da iristen. Euskal Herria, Katalunia edo Galizia ez dira existitzen: guztia da Espainia». Madrildik Bilbora eginiko bidaia batean, baina, ohartu zen Euskal Herriko errealitate soziala eta kulturala «ezberdina» zela.

Ahamazian Zuzenbideko lizentziaduna da, gizarte hezkuntzan egiten du lan eta Anitzak ekimeneko kide da. 2007an sortu zen Anitzak, Euskal Herritik kanpo etorritako pertsonez osatutako herri ekimen bat da, eta migratzaileen eskubideen eta Euskal Herriari nazio gisa dagozkion eskubideen aldarrikapenak bateragarri egin nahi ditu. «Iluntasunean oihu bat da Anitzak», dio Ahamazianek. «Gu ez gaude hemen lan egiteko soilik. Gure seme-alabentzako etorkizun bat eraikitzera etorri gara. Horregatik parte hartu nahi dugu Euskal Herriko arazoetan. Baina espainiarren eta euskal herritarren arteko arazo bat dela esaten digute; eta gu zer? Inork ez du guregana jotzen».

Ahamazianek argi du bera ere euskal herritarra dela. «Identitate asko daude. Identitatea ez da genetika, arraza edo txapela kontu bat», dio. «Identitatea prozesu baten moduan ikusi behar da. Ez dut uste identitatea homogeneoa denik, berezkoa edo oinordetu daitekeenik. Identitatea gune partekatu bat izan behar da, errespetuan eta elkar ezagutzan oinarritzen dena. Nire identitatea sortzeko prozesu etengabe batean nago».

Ahamazianek, beraz, argi zuen euskal gizartean integratu nahi bazuen euskara ikasi behar zuela. «Herri baten hizkuntza ezinbesteko faktorea da integraziorako», azaldu du. Oso kritikoa da, baina, alor horretan egiten diren politikekin. «Hona iristen zarenean eskaintzen dizuten lehenengo gauza da gaztelania ikastea; euskara zertarako behar dugun esaten dizute, gainera». Erabaki horri «kutsu politiko handia» nabari dio. «Benetakoa ez den errealitate bat inposatzen saiatzen dira. Herri honen identitate bakarra espainiarra dela esaten digute, gu txoroak izango bagina bezala».

Hori dela eta, Ahamazianek uste du administrazioen aldetik ez dagoela integraziorako politika argirik. Hala, nazio eraikuntzaren alorrean ari diren eragileek gai horri buruz hausnarketa sakona egin behar dutela dio. «Ikuspegiak globala izan behar du. Kontuan hartu behar gaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.