Amestu bai baina ameskerian erori gabe borrokatzeko prest den gazte komunitate bat badela nabarmendu du Ernaik. Ostegunetik, Gazteon eskutik independentziara lelopean antolatutako topagunean bilduta dira 3.000 gaztetik gora Berriozarren (Nafarroa). Larunbat iluntze honetan egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, eta, horretan, gazte antolakundeak irmo aldarrikatu du badela gaur egungo gizarteari eskaintzeko alternatibarik, badela «Euskal Herri aske, sozialista eta feminista bat» eraikitzeko indarrik. Diotenez, euskal gazteriak «ez du etsiko» hori erdietsi arte. Baina ohartarazi dute, hori bai, ekiteko unea orain dela. «Ezin dugu itxaron baldintza egokienak heldu arte: ezin gara esperoan egon iraultza perfektua noiz iritsiko».
Hain zuzen, gazteak zain eta egonean ezin direla gelditu aldarrikatu dute ekitaldiaren hasieran taularatu duten antzezlan batean. «Indibidualismoak irentsita» eta «desira kontsumistei» segika bizitzeko imintzioan ziren hiru gazteren rolak jokatu dituzte hiru aktorek, baina, kolpez, «akatsaz ohartu» eta aldarri argi bat zabaldu dute gero: borroka «kolektiboen» aldekoa. Hala, Ernaik azkenaldian mahaigaineratu dituen hainbat auzi eta borroka aipatu dituzte segidan: besteak beste, zaintza sistema eraldatu beharrarena, euskararen zonifikazioaren kontrakoa, eta genozidio sionistaren salaketa.
Gazte antolakundeko hainbat kide oholtzaratu dira haien segidan —adibidez, euskal presoen auziaren kronologia aletu du Amaiur Iragik—, eta, ekitaldiaren hondarrean, Ernaiko bozeramaile Amaiur Egurrolak egin du hitzaldi nagusia. Ernairen izenean, aktibatzeko eta saretzeko deia egin du, batik bat.
Askapenerako jauzi bat
Zorrotz, Egurrolak hainbatetan nabarmendu du gaur egungo egoera «nahasia» dela. Giroa gaiztotua dagoela onartu du, «gero eta ezegonkorragoa» dela. «Krisiak gero eta krisiago dira, zapalkuntzak gero eta zapalkuntzago», adierazi du. Eta gerretan egin du azpimarra, besteak beste nabarmentzeko euskal gazteek ez dutela haietan parte hartuko. Are, argitu du «konplize ez izatea» ez dela nahikoa, eta ohartarazi du «inperialismo eta basakeria kapitalistaren aurka» eginen dutela.
Bozeramaileak hainbat aldiz izan du hizpide askatasuna. Askotariko askatasunei egin dizkie aipamenak —presoak etxeratzeko exijitu dute, esaterako—, baina, batik bat, nabarmendu du soilik «nazioaren askapenerako mugimenduak» ekar diezaiokeela eredu alternatiborik Euskal Herriari.
«Nazioaren askapen prozesuan» gazteek jokatzen duten rola nabarmendu du Egurrolak, baina, orobat, azpimarratu du ez direla hutsetik hasitakoak. Alegia, ereduak badituztela iradoki du, eta urteotan Euskal Herrian izandako hainbat mugimendu eta prozesu ekarri ditu gogora horregatik. Hasi Itoizko presaren eta Lemoizko zentral nuklearraren auzietatik, segi 2023ko greba feminista orokorrean barrena, eta buka, esaterako, Euskal Herrian gutxieneko soldata propio bat izan dadin sindikatuek abiatu duten prozesuarekin. Funtsean, aurrez bidea ibili dutenei egin die aitortza. «Herri borrokalaria izatearen ondarea da gurea», esan du.
Zenbait militante gogora ekartzeko ere begiratu du atzera Ernaik. Esate baterako, Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi militanteak oroitu dituzte —aurten beteko dira 50 urte Francoren erregimenak fusilatuta hil zirela—. Edonola ere, aurrera begirako mezu mordoa zabaldu du Egurrolak, tinko, eta, hain zuzen ere, besteak beste halakoak bota ondoan egin dute eztanda txaloek Berriozarren. Mobilizaziora deitu ditu gazteak, «lehen lerroan» aritzera. «Nazio bulkada berri bat abiarazteko eta matxinada berri bati bide emateko garaia da».
Bihar bukatuko dira Ernaik Berriozarren antolatutako jardunaldiak. Gazte antolakundeak iragarri duenez, goizean kalejira gisako martxa batean mobilizatzea eta eguerdirako Iruñean izatea da asmoa, Aberri Egunaren karietara EH Bilduk deitutako manifestazioarekin bat egiteko: 12:00etan abiatuko da hori, Golem zinema aretoetan, eta Iruñeko erdialderantz eginen du bidea gero, Askatasunaren nazioa gara lelopean. Manifestazioak Antoniutti parkea izanen du helmuga, eta ekitaldi politikoa eginen dute bertan. Saio horretan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak hitz eginen dute.