«Nazio aniztasuna» oinarri duen gobernu bat nahi du Ahal Dugu-k

Pilar Garridok ontzat jo ditu Espainiako bozen emaitzak, « eskuin muturra geldiaraztea» lortu dutelako. Espainiako Estatutik kanpoko botoetan ere PSE eta PSN dira nagusi

Pilar Garrido, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzen balorazioa egiten, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusiak ontzat jo ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak. Izan ere, uste du «helburu nagusia» lortu dutela: «Eskuin muturra geldiaraztea». Gainera, osatu beharreko gobernuari begiratuta, Garridok nahi du gobernu hori «nazio aniztasunean» oinarritzea: «Guk estatuaren errealitate plurala eta askotarikoa onartu eta errespetatuko duen gobernu bat nahi dugu, gehiengo plurinazionalean oinarritutakoa». Ahal Dugu-k ordezkatzen duen espazio politikoa «ezinbestekoa» da inbestidura bloke hori «ehuntzeko»eta horrela koalizio gobernu «aurrerakoi» bat berresteko, Garridoren hitzetan.

Hauteskundeen emaitzen analisia plazaratzeko agerraldi bat egin zuen atzo Garridok. Datuei erreparatu zien: nahiz eta diputatu bakarra eskuratu —Lander Martinez, Bizkaitik—, Garridok nabarmendu zuen Gipuzkoan beste eserleku bat lortzetik «oso gertu» egon direla eta Araban botoen %13 eskuratu dituztela: «Hori oso datu ona da».

Gobernua osatzeko negoziazioak abiatzeko daude, baina Aitor Esteban Eusko Alderdi Jeltzaleko diputatua kexu agertu da Pedro Sanchez PSOEko presidentegaiaren jarrerarekin: egotzi dio «etzanda» zain egotea, «ahalik eta inbestidurarik merkeena» lortzeko.

Atzo hasi ziren zenbatzen Espainiako Estatutik kanpoko botoa. Horretan ere PSN izan da garaile Nafarroan; 671 boto eskuratu ditu, eta bigarren indarrak —PPk—, 641. UPN izan da hirugarrena, 410 boto jasota. Espainiako Estatutik kanpoko boto emaileek ez dute aldatu igandeko emaitzetan oinarritutako eserleku banaketa: bi eskuratu zituen PSNk, eta bana EH Bilduk, PPk eta UPNk.Igandean, EH Bildu izan zen Nafarroako bigarren indarra, baina Espainiako Estatutik kanpoko botoen artean bosgarrena izan da, 261 eskuratuta. Aurretik du Sumar, 330 botorekin. Voxek, berriz, 234 lortu ditu, eta Geroa Baik, 102. Segidan daude PACMA (39), Bidezko Mundurantz (28), Frente Obrero (9) eta Langileen Alderdi Komunista (7). Gainera, 51 herritarrek zuri bozkatu zuten. Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan ere PSE-EEk lortu ditu boto gehien.

Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian ere hasi ziren zenbatzen, eta, edizio hau ixterako, estatutik kanpoko botoak ez zuen aldaketarik eragin ordezkarien banaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.