Nazio aitortzaren eskaeretan maila bat igotzeko ordua dela dio EH Bilduk

Arnaldo Otegik iragarri du eztabaida nazionala eta herrien aitortza «mahai gainean» jarriko diola Espainiako Gobernuari. Martxa jendetsua bildu du Bilbon hirugarren urtez jarraian: 30.000 pertsona.

EH Bilduko
EH Bilduk atzo Bilbon 'Nazioa Gara' lelopean deituriko manifestazioko burua Zabalburu plaza ingurura iritsi zenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

«Batzuek lotua eta ondo lotua utzi zuten hori deslotzea da gure lana». Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak mezu zuzena bidali zion atzo Espainiako Gobernuari, Bilboko Autonomia kalean elkartu zuen jendetzaren aurrean. Koalizioak uste du naziotasunaren eztabaida jorratzeko «leiho berri bat» ireki dela, eta bide horretako eskaeretan maila bat igo behar dela. Era berean, azaldu zuen hori gerta dadin arduratuko direla: «EH Bildu eztabaida politikoan presente dagoenean, gauzak gertatzen direlako».

EH Bilduren azaroko deialdia ohitura bihurtu da kasik, eta hirugarren urtez jarraian argazki indartsua lortu zuen Autonomia kalean. Antolatzaileen arabera, 30.000 lagun inguru bildu ziren. Bilboko udaltzainek oso antzeko kopurua eman zuten: 28.000. Iazkoan baino jende gehiago bildu izanaren itxura zuen kale zabalak. Martxaren amaieran, bertaraturikoek Txoriak Txori abestu zuten elkarrekin. Mikel Laboaren bertsio klasikoa izan zen, ez kirol eremuan hainbeste zabaldu den bertsio futbolzale berri hori.

Otegi izan zuen buru martxak, eta alderdiko hainbat kargu eta alkate izan zituen alboan Nazioa Gara zioen pankarta eramaten. Amaierako hitzaldian mezu ugari bota zituen, baina, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatu berritan, Madrilera begira igorri zituen argienak: «Eztabaida plurinazionalak eta herrien aitortzak baldintzatuko dute bigarren legegintzaldi hau. Hori da orain egin beharreko eztabaida, EH Bilduk mahai gainean jarriko duena».

«Faxistek atea jotzen dutenean haiek gelditzea da lehentasun bakarra. Ez abiadura handiko trena, ez beste ezer».

ARNALDO OTEGIEH Bilduko koordinatzaile nagusia

Koalizio subiranistak Sanchez hautagai sozialistaren izendapena baldintzarik jarri gabe babestu du, eta zergatia azaltzean ahotsa altxatu zuen: «EH Bilduk ez du bere jarrerarekin espekulatu. Faxistek atea jotzen dutenean, haiek geldiaraztea ez den beste lehentasunik ez dagoelako. Ez abiadura handiko trenik, ez ezer; lehentasuna pertsonak, langileak, emakumeak... babestea da».

Keinu ugariko hitzaldia izan zen. Josu Muguruza eta Santi Brouardekin oroitu zen —bihar izango da bien hilketen urteurrena—. Haiek hil zituztenak bueltan direla ohartarazi zuen, eta Euskal Herriak aurrera egin dezala oztopatu nahi dutela. «Herri hau maite eta zaindu zituztelako hil zituzten, eta haien ideiek, desirak eta nahiak hemen bildu zareten guztien bihotzetan bizirik diraute».

Palestina ere hartu zuen hizpide hasieran. Duela hemeretzi urte Anoetako belodromoan eman zuen hitzaldian atrilean jarritako kufiya zapi palestinar bera jarri zuen atzokoan. Ikurrina eta Nafarroako bandera ugari zabaldu zituzten manifestazioan, baita Palestinakoak ere. «Gaur Autonomia kalea Palestina kalea ere bada», aldarrikatu zuen, eta salatu zuen ez dagoela «milaka ume hiltzea zilegi bihurtzen duen inongo defentsa eskubiderik». Bildutakoek «Palestina askatu!» oihuekin erantzun zuten.

Nazioarteko hainbat alderdik ordezkaritza bidali zuten manifestaziora. Besteak beste, bertan ziren Palestinako FPLP alderdiko kide batzuk, Saharako Fronte Polisariokoak, KNKko kurduak, Sinn Feineko irlandarrak, ER, CUP, Mes Per Menorca eta Compromiseko kataluniarrak, BNGko galiziarrak eta Andecha Asturreko asturiarrak (Espainia).

Udaberrira «anbizioz»

Ustekaberik ezean hurrengo urteko udaberriaren bueltan egingo dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak. Otegik ez zituen izendatu, baina «apirilaz» mintzatu zen. EH Bildu anbizioz eta zuhurtziaz joango dela aurreratu zuen, «lan asko eta zarata gutxi» eginez. Gogoratu zuen «herrialde honetan» jada ezin dela egin politikarik EH Bildu gabe: «Gelditzeko etorri gara, herri hau askatasunera eta berdintasunera eramateko». Independentziaren aldeko oihuekin erantzun zioten manifestariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.