Nazio aitortza eskatu dute EH Bilduk eta EAJk Espainiako Konstituzioaren egunean

Alderdi abertzaleek gogoratu dute Espainiako Konstituzioa bozkatu zenean, 1978an, babes eskasa izan zuela Euskal Herrian.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko eleduna, Sabin Etxean, agerraldi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Aitor Esteban EAJren Kongresuko eleduna, Sabin Etxean, agerraldi batean. LUIS TEJIDO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abenduaren 6a
12:45
Entzun

EAJk eta EH Bilduk Espainiako Konstituzioarekiko desatxikimendua adierazi dute, hura onartu zela 46 urte bete diren egunean. 1978an bozkatu zuten Espainiako Estatuan, eta Euskal Herriko Hegoaldeko lau herrialdeetan parte hartzea eskasa izan zen, eta babesa, orotara, %40tik beherakoa. Estatutu berrirako elkarrizketak sukalde lanetan daude hilabeteotan, eta testuinguru horretan esan du Aitor Esteban jeltzaleen Espainiako Kongresuko eledunak EAJk euskal herritarren ahotsa izan nahi duela, Konstituzioan nazio aitortza jaso dadin, eta etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea onartu dezaten, «Konstituzioaren barnean». EH Bilduk sare sozialen bidez igorri du mezua: «Euskal Herriari bere nazio izaera onartzea eta bere herritarrek erabakitakoari errespetua zor zaie».

Estebanek Sabin Etxean egin du agerraldia. Esan du Espainiako Konstituzioak «gabezia» batzuk dituela, ez duelako nazio aitortza jasotzen eta gainera euskal herritarrei etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea oztopatzen die. «Hain aurrerakoitzat jotzen duten Konstituzio horretan, gainera, adibidez, harrigarria da Estatuaren batasunaren bermatzailea oraindik ere gudarostea izatea, eta Espainiako erregearen bortxaezintasuna indarrean egotea».

Estebanek uste du Espainiako Konstituzioaren I. xedapen gehigarrian badaudela aukerak akordio politikoak lortzeko, hura modu zabal batean interpretatuz gero. Baina orain arteko irakurketak atzerakoiak izan direla deritzo, batez ere, esparru judizialetik. «Konstituzioak mugak jartzen dizkigu euskal gizartearentzat beharrezkoak diren arloetan eskuduntzak izateko aukeretan, esate baterako esparru judizialean edo lan arloan».

Erkidegoei dagozkien eskumenetan estatuaren esku hartzea ere gero eta nabarmenagoa dela salatu du, are gehiago Europako Batasunaren sorreratik. Estebanen irudiko, erkidegoenak ziren hainbat eskumenetan esku hartu du Espainiako Estatuak batez ere gizarte gaietan, «narriatze nabarmena ezagutu du bere hainbat titulu eta kapitulutan».

Bestetik, salatu duenez, Europako Batasunean dagoen estatuen arteko harreman zuzena baliatuz, «erkidegoak aintzat hartu gabe hartu ditu zenbait erabaki». Eta gaineratu du: «Ez da guk behar dugun Konstituzioa. Euskaldunek ez zuten babestu. Konstituzioan gure nazioa aitortza jaso dadin lanean segituko dugu Madrilen».

Ospatzekorik ez

EH Bilduk ez du agerraldirik egin propio, baina sareetan zabaldutako mezuen bidez gogoratu du euskal herritarrek ez zutela babestu Espainiako Konstituzioa, eta NATOn sartzearen aurka ere egin zutela. Nazio izaera aitortzeko eskatu dute, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu. Sareetan irudi ugari zabaldu dituzte gaurkoa lan eguna dutela adierazteko: «Euskal Herrian ez dugu ezer ospatzeko», dio Nafarroako EH Bilduren mezuak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.