Nazio aitortza aldarrikatuko du EH Bilduk azaroaren 23an egingo duen ekitaldian

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du «oso testuinguru garrantzitsuan» datorrela estatusari buruzko eztabaida. EAJri gonbita egin dio «nazioari, euskarari eta hezkuntzari» buruz hitzartzera.

Arnaldo Otegi, EH Bilduren Donostiako egoitzan, azaroaren 23ko ekitaldia aurkezten.
Arnaldo Otegi, EH Bilduren Donostiako egoitzan, azaroaren 23ko ekitaldia aurkezten. EH BILDU
joxerra senar
2024ko irailaren 30a
14:15
Entzun

Nazioa gara  lelopean, ekitaldi politikoa egingo du EH Bilduk azaroaren 23an, Bilbon. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiaren arabera, demokratizazioan sakontzeko edo ezkerreko politikak aktibatzeko «ezinbestekoa» da nazioaren aitortza. «Eredu territoriala eta politikoa aldatzen du horrek, baita estatuarekin dagoen harremana ere. Bide bat hasten ari gara Euskal Herrian, baina agerian dago mahai gainean gure eskubide nazionalen eztabaida dagoela. Aprobetxatu behar da garai hau», aldarrikatu du.

Donostian egindako agerraldian, Otegik azpimarratu du estatuan mahai gainean jarri dela lurralde ereduari eta nazioaniztasunari buruzko gaia. Haren irudiko, euskal herritarrek aukera baliatu behar dute esateko zer pentsatzen, amesten eta nahi duten. «Bideko abiapuntua errespetua da. Euskal Herria nazio gisa errespetatu behar da, eta bere herritarrak euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea duten herritar libre gisa errespetatu behar dira». 

Hala, Otegiren arabera, «ez da gauza bera 1978tik eratorritako lurralde ereduan oinarritutako erkidegoen eta estatuaren arteko harremana, edo nazio baten eta estatu baten artekoa». Haren irudiko, horrek statu quo-a aldatzen du, eta egungo unea baliatu behar da eztabaidari heltzeko, «lasaitasunez baina anbizioz». 

EAJri erantzuna

EAJk Alderdi Egunean egindako adierazpenei buruz galdetu diote Otegiri. «Ekitaldi bat egiten duten bakoitzean edo artikulu bat idazten dutenean, ez dira gai euren proposamenei buruz hitz egiteko», erantzun du, eta gaineratu du ez duela kritiken gurpila astinduko. 

Dena den, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak estatusa hizpide izan zuen igandeko Alderdi Egunean, eta Otegik nabarmendu du bat egin duela proposamen horrekin. «Euskal Herriak estatuarekin duen harreman eredua aldatuko duen estatusa behar du».

Haren irudiko, alderdi abertzaleak gai izan beharko lukete zehazteko zer gairen inguruan ados jartzen diren, eta hura babestu. «Logikoa eta zentzuzkoa da, hiru lurraldeetan gehiengo oso zabala duten hiru indar garelako». Hala, euskara, hezkuntza eta nazioari buruz ados jartzeko deia egin dio EAJri. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.