Navarrometroaren arabera, COVID-19ak apenas aldatu duen mapa politikoa

Hauteskundeak orain egingo balira, parlamentuaren osaera ia berdin geratuko litzateke: PSNk eserleku bat irabaziko luke Geroa Bairen kaltetan. Hamar herritarretik zazpik ondorioztatu du bere ekonomia pertsonala ona dela, gutxiago gastatu eta gehiago aurreztu duelako.

NUPeko Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutuko ikerlariak eta erdian Unai Hualde parlamentuko lehendakaria. PARLAMENTUA
2020ko abenduaren 21a
12:29
Entzun

Nafarroako Parlamentuaren enkarguz, V. Navarrometro inkesta landu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutuak. Ezinbestean, COVID-19aren gaitzak gizartean eragin dituen ondorio ekonomikoei, sozialei eta politikoei erreparatu die, eta, besteak beste, ondorioztatu du iazko hauteskundetatik hona apenas aldatu dela mapa politikoa. Legebiltzarraren osaera berdin geratuko litzateke, orain hauteskundeak egingo balira, diferentzia txiki batekin: PSNk 12 parlamentari lituzke, eta Geroa Baik, zortzi. Gainerakoan, beste taldeak berdin geratuko lirateke, eta Vox, parlamentutik at.

Navarrometroa egiteko 1.200 elkarrizketa egin dira Nafarroa osoan, irailaren 9tik 19ra bitartean. Hortaz, egunean 200 kasu iragartzen ziren garaian atera du argazki soziologiko hori, bigarren olatuaren gordintasuna eta ondorengo neurriak oraindik ere hartzeko zeudela.

Egoera ekonomikoari dagokionez, herritarren %55,9k uste dute egoera ona dela; beste %13,5ek, hala moduzkoa; eta %23k, txarra. Nafarroako gizartearen isla diren 1.200 pertsona horien erantzuna, zifra bakar batean laburbildu beharko balitz, 5,8 litzateke; hots, zerotik hamarrera edo egoera ekonomikoa oso gaizki dagoela uste dutenetatik oso ondo dagoela uste duteneraino. batezbestekoa 5,8 da —2018an 6,4 eta iaz 6,2 izan zen erantzuna—. Etorkizun hurbilak ere erantzun nahasiak eragiten ditu: %35ek uste du hobea izango dela eta %37,1-ek okerra.

Dena den, ekonomia pertsonalari buruz galdetzean, pertzepzioa hobetu egiten da. %70ak uste du, egoera ekonomiko ona duela eta %16,8k txarra. Halaber, galdera hori batez zifra batean laburbildu beharko balitz, zerotik 10 arteko eskalan, 6,44 litzateke batezbestekoa, aurreko bi urteetakoa baino hobea. Navarrometroak ondorio argi bat atera du. Administrazio publikoek abian jarritako neurriak eraginkorrak izan dira, batik bat lana aldi baterako erregulatzeko espedienteak, soldataren %70 jasotzea bermatu delako baina era berean, gutxiago gastatu denez, gehiago aurreztera bultzatu dituelako herritarrak. Aurrezkiaren igoera hori bat dator asteotan egin diren beste inkesta batzuk ateratako ondorioekin.

Egoera politikoari dagokionez, pertzepzioak erdibituta daude, egoera ona edo oso ona dela (%40,9) eta txarra edo oso txarra (%43,8) dela uste dutenen artean. Urteotan, tarteko erantzuna ematen duen populazioaren ehunekoa nabarmen jaitsi dela ondorioztatu du.  Navarrometroaren arabera, horrek islatzen du sumin politikoa nolabait presente dagoela, eta «noiznahi azaleratu» daitekeela. Nafarroako arazoen artean, hauek azpimarratu dituzte: COVID-19a %25,3ek; langabezia %19,6k; politikariak %11,8k; arazo ekonomikoak %7,5ek eta osasun sistema %4,8k.

COVID-19ari buruz

Inkesta irailaren erdialdera egin zenez, batik bat lehen olatuaren gaineko pertzepzioa jaso du Navarrometroak. NUPeko taldeak ondorioztatu du gizarteak erresilientzia handia duela, martxoaren 15etik maiatzaren 2ra arteko konfinamenduari nola aurre egin zioten galdetzean, %13,6k erantzun du oso ongi, %59,4k ongi, eta %5,5k hala-hola, ez ongi ez gaizki —gainerakoek gaizki edo oso gaizki jasan zuten neurri hura—. Halaber, Espainiako Gobernuak ezarritako neurri hori eraginkorra izan al zen galdetuta, lau herritarretik hiruk erantzun du baietz. Erlazioa dago bi erantzunen artean: izan ere, neurri hori eraginkorra izan ez zela uste zutenek gaizki aurre egin zioten konfinamenduari, eta alderantziz. Konfinamendu arinago batekin erantzun bera lortuko al litzatekeen galdetuta, %64k uste du ezetz.

Lehen olatuan, Espainiako Gobernuak hartutako egokitzat hartu zituen %56k eta %33k desegokitzat. Azken horien artean, %52k uste du desegokiak direla ez zirelako nahikoak izan. Halaber, herritarren bi heren (%64) kritiko azaldu dira Madrilek osasun arloko ekipamenduen erosketa zentralizatu egin zuelako eta hori ez zelako eraginkorra izan. Dena den, herritarren erdiek (%49,7) uste dute COVID-19ari aurre egiteko neurrien ardura Espainiako Gobernuarena dela, eta %30,9k, erkidegoena. Dena den, egungo egoeran, agerraldiei erantzuten ardura Nafarroako Gobernuari dagokiola uste du herritarren %57k.

Sentsibilizazio kanpainei buruz galdetuta, herritarren %64k gogoratu egiten du haren edukia, baina azpimarragarria da kanpaina oroitzen ez dutenetako asko gazteak edo oso gazteak direla; hots, Navarrometroaren arabera, kanpaina horren helburu nagusia. Emaitza horrek aditzera emango luke mezuak ez direla gazteengana iritsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.