Navarra Televisionentzat lanean ari da Euskarabidea

Erakunde publikoak atzo sinatu zuen kate pribatuarekin akordioa itzulpenak egiteko, baina urritik egiten ditu

edurne elizondo
Iruñea
2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen eta Navarra Television telebista kate pribatuaren arteko akordioaren berri eman zuen atzo. Hitzarmen horren eskutik, Euskarabideak telebista kate horren bi programa itzuliko ditu euskarara: Enfoque (Ikuspegia) eta No te pares (Mugi zaitez). Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Maximino Gomezek eta Navarra Televisioneko zuzendari Roberto Camarak sinatu zuten akordioa.

Atzo sinatu zuten, baina Euskarabideko itzultzaileak joan den urriaren bukaeratik ari dira Navarra Televisionerako lanean, BERRIAk jakin duenez. Akordioak jasotzen du ez dagoela «inolako konpromiso ekonomikorik» bi aldeen artean. Edozein modutan, Euskarabideko langile publikoak aritu dira eta arituko dira enpresa pribatu batentzat itzulpenak egiten.

Gobernuak hitzarmenari buruz plazaratu duen prentsa oharraren arabera, bada aukera Navarra Televisioneko programa gehiago itzultzeko. Euskarabideak itzulitako saioek, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erakutsi beharko dute. Gobernuak, gainera, itzulitako programen kopia jasoko du, «euskara irakasteko erabili ahal izateko».

Euskaraz ari diren hedabideak, hau da, euskara hutsean lan egiten dutenak, dirurik gabe utzi ditu aurten Nafarroako Gobernuak. Canal4 , Canal6eta Popular Television telebista kateentzat, berriz, 2,5 milioi euroko diru laguntza onartu zuen. Canal4 katea itxi egin zuten geroztik, eta Canal6 eta Popular Televisionek bat egin zuten, Navarra Television sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.