Navarra Sumaren hesia gaindituta, aurrekontuei bidea eman diete

Gaur amaituko da zuzenketa partzialak aurkezteko epea; 14 milioi euroko ituna lotuta dago

Elma Saiz gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria Navarra Sumako parlamentariei begira. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Hamar urtez, aurrekontuen eztabaidek UPNren eta Navarra Sumaren bakardade politikoa islatu dute. Barcinaren agintaldiko azken hiru urteetan ez zituzten aurrekontuak aurrera atera, eta, ondorengo legealdietan, Barkosen eta Txibiteren gobernuek aurkeztutakoei jarritako osoko zuzenketek ezezko irmoak jaso dituzte. Atzo ere bai. Nahiz eta aldez aurretik aukerarik ez zuela jakin, Navarra Sumak 2022ko aurrekontuak atzera botatzeko eztabaida proposatu zuen, eta ate hori irmo itxi zuten PSNko, Geroa Baiko, EH Bilduko, Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako 30 parlamentariek. Modu horretan, lege proiektuak gainditu du tramitazioan aurrera egiteko lehen hesia.

Helmuga abenduaren 23ko osoko bilkura izango da. Bide horretan hurrengo urratsa gaur egingo da, eguerdian amaituko baita zuzenketa partzialak aurkezteko epea. Bost taldeek hitzartu dute ezohiko gastuei aurre egiteko kontingentzia planetik 14 milioi euro hartu eta zuzenketak finantzatzeko erabiltzea: bakoitzaren ordezkaritzaren arabera banatuko da dirua. Atzo, batera aurkeztuko zituzten zuzenketen edukia eta kopurua negoziatzen aritu ziren.

Eztabaidaren hasieran, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu zuen «aurrekontu onak eta erabilgarriak» direla. Orotara, 5.273 milioiko gastu eta inbertsioa izango dute, «inoizko handiena». Lehentasunen artean aipatu zuen ehun eurotik 54 gizarte arlorako izango direla. Azpimarratu zuen Europako funtsetatik gutxienez 166 milioi euro jasoko direla. «Eta honi guztiari ezetz esan nahi dio oposizioko talde nagusiak. Ez duzue nahikoa Nafarroa beltz bat marraztearekin; inoiz baino beharrezkoagoak diren aurrekontuok ere eraitsi nahi dituzue».

«Ahulak zarete»

Navarra Sumako Maria Jose Valdemororen arabera, «ez dira Nafarroak behar dituen aurrekontuak», besteak beste, aurtengo hazkunde ekonomikoa gobernuak egindako aurreikuspenaren «azpitik» geratuko delako, «nabarmen». Esan zuen ez dutela ikuspegi estrategikorik, euskararentzako diru sailak nabarmen handitzen dituela PAI programaren kaltetan, eta bost alderdiren babesa behar izateak «euren nahien gatibu» egiten duela gobernua. Alta, batik bat EH Bilduren babesa bilatzea aurpegiratu zion: «Ahulak zarete. Uste duzue dena kontrolatzen duzuela, baina boterean egotearen truke dena saltzeko gai zarete, baita arima ere».

PSNko Ramon Alzorrizek erantzun zion «lasai» daudela, aurrekontuak aurrera aterako direlako. «Behin eta berriz eskatzen baduzue ere, iragana ez da itzuliko. Behin eta berriz ari zarete PSNren zati bat defendatzen, baina zuek gobernutik bota gintuzuen guztiok. Ez ahaztu hori inoiz».

Geroa Baiko Uxue Barkosek gogorarazi zion Nafarroak zazpi urtez jarraian aurrekontuak izango dituela, UPNren azken legealdiko hiru urteetan ez bezala. Ustezko ikuspegi estrategiko falta irmo ukatu zuen, eta euskara gizartearen konfrontaziorako erabiltzea gaitzetsi: «Ez erabili zifrak testuingururik at; ez erabili euskara zatitzeko».

EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «aspergarria eta etsigarria» da Navarra Sumaren diskurtsoa: «Zuen posizioa jantzi behar duzue, mundua zuen kontra eta zuek munduaren kontra». Haren ustez, Navarra Sumak «Voxek bezala» jarduten du.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek adierazi zuen ez zirela eurek nahiko lituzketen aurrekontuak, baina bai bost talderen artean adostutakoak. Esan zuen zementuan inbertitzen dutela, baina «eskolak, osasun etxeak eta zahar etxeak eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.