Navarra Sumak Ikurren Legea berpiztu nahi du, zigorrak indartuz

PSNk baiezkoa eman dio proposamena aintzat hartzeari, beste alderdiak aurka izan arren. EH Bilduk «irrigarritzat» jo du sozialisten jarrera

PSNko Ramon Alzorriz, atzo. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Hasieratik atzera bota zezakeen, baina PSNk aukera eman nahi izan dio Navarra Sumaren lege proposamenari. Legealdi hasiera honetan, eskuineko koalizioak 2003ko Ikurren Legea berpiztu nahi izan du, PSNren eta bere hiru bazkideen artean kontraesanak areagotu asmoz. Izan ere, aurreko legealdian Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak lege hura indargabetu zuten, eta PSN neurri hura kritikatu zutenen aldean jarri zen, UPN eta PPrekin batera. Aurreko legearen ildotik, Navarra Sumaren proposamenak 150.000 euro arteko isunak ezarri nahi dizkie bandera ez ofizialak erabiltzen dituzten herritarrei zein erakundeei. Atzo, proposamen hori aintzat hartzeko bozketan, PSNk bat egin zuen Navarra Sumarekin, eta bidea eman zion tramitazioan aurrera egiteari.

Jose Javier Esparza Navarra Sumako eledunak «hauteskunde kutsua» hartu dio sozialisten botoari, baina ez da fio proposamenak aurrera egiten duenean PSNk egin dezakeenarekin. «Nafarroan mundu guztiak pentsatzen du PSNk, gobernua lortzearen truke, bere burua saldu diola euskal nazionalismoari». Koherente izateko eskatu die sozialistei.

EH Bilduk ere PSN kritikatu du, baina beste zentzu batean. Maiorga Ramirez parlamentariaren ustez, «PSNk gidatutako gobernuak lege proposamen horren aurkako jarrera adierazi du, eta, harrigarriki, PSN gobernuaren irizpidearen aurka doa». Sozialisten jarrera «irrigarritzat» jo du.

Ramon Alzorriz PSNko eledunaren arabera, lege proposamen horrekin PSNren aurka egin nahi izan du Navarra Sumak, eta, horren erakusle, ez du eurekin hitz egin aurretik: «Tokiz kanpo daude; ez dakite nola egin gure aurka». Alzorrizen arabera, PSNk begi onez ikusten du Nafarroako sinboloekiko begirunea eta aitortza, baina Navarra Sumari ohartarazi dio ez duela babestuko isunak ezartzea.

Hain zuzen ere, isunei eta zigorrei garrantzi berezia ematen die lege proposamenak. Izan ere, arau-hauste arinen kasuan, 2.000 eurorainoko isunak jasotzen ditu; larrien kasuan, 10.000 eurora artekoak; eta oso larrien kasuan, 150.000 eurorainokoak. Proposamenaren arabera, arau-hauste arina litzateke sinbolo ofiziala «modu laidogarrian» erabilia bada, edo alderdi, sindikatu edo elkarte baten sinbolo gisa. Horrez gain, arau-hauste larria izango da baldin eta eraikin publikoetan Nafarroako banderaren ondoan ofiziala ez den «beste edozein bandera» jartzen bada. Ildo beretik, arau-hauste oso larria litzateke erakunde publiko batek ikur ez ofizial bat «identifikazio bide gisa erabiltzea».

Txibiteren ohartarazpena

Osoko bilkura hasi aurretik, Maria Txibite gobernuburuak euskararen dekretuaren aurkako epaiaz hitz egin du, lehen aldiz. Dekretua duela bi urte sartu zen indarrean, eta, geroztik egin diren hiru deialdi publikoetan, euskara meritu gisa hartu da 1.500 lanpostu ingurutan. Txibite: «Mila pertsonari baino gehiagori eragin diezaioke erabakiak. Gobernuak bermatu behar du juridikoki zuzenak direla deialdi horiek». UGTk iragarri du deialdiok berrikusteko aukera aztertzen ari dela.

Maria Txibiteren arabera, Auzitegi Nagusiaren epaiak ez ditu soilik dekretuaren hainbat artikulu kamustu, «azken hogei urteotako hizkuntz politika» ere baliogabetu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.