Aurrekontuak

Navarra Sumak eta PSNk Iruñeko aurrekontuak onartzeko akordioa egin dute

PSN pozik gelditu da sinatutakoarekin, «lorpen historikoak» adostu dituztela uste baitute. Datorren ikasturtetik aurrera haur eskolak doakoak izan daitezela erabaki dute, besteak beste.

Maite Esporrin Iruñeko PSNko bozeramailea, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ / FOKU
2020ko abenduaren 21a
12:28
Entzun

PSNk adierazi du Iruñeko Udaleko Navarra Suma alderdiak ontzat hartu egin dituela talde sozialistak jarritako zuzenketak, eta hitzarmen bat egin dutela gaur goizean, 09:00etan, 2021eko udal aurrekontuak onartzeko. Eguerdian egin duen agerraldian, pozik azaldu da Enrique Maia Iruñeko alkatea: «Akordio honek erakusten du nahi denean negoziatu egin daitekeela. Akordio honek ere erakusten du batzuetan norbere harrotasuna alboratu eta herritarren interes orokorrari erreparatzen zaionean, ados jar daitekeela»,

Maiak zehaztu duenez, negoziazioetan PSNk eskatu zien bere 27 zuzenketak blokean onartzea. Navarra Sumako ordezkariaren arabera, hala egin dute «doikuntza txikiren batekin». Hartara, Iruñeko Udalak 235,8 milioi euroko aurrekontua izango du 2021ean, hasiera batean proposatutakoa baino 3,4 milioi euro gehiago: «Eta nondik aterako ditugu 3,4 milioi euro horiek? Zoruen salerosketarekin, ondarearen salmentarekin eta gehiago zorpetuta». zehaztu du Maiak. Alkateak azaldu du igoera hori batik bat inbertsioetara bideratuko dela, hasierako proposamenarekin alderatuta, 2,9 milioi euro gehiago inbertituko baitira.

Alkateak arrazoitu du PSNrekin lortu nahi zutela akordioa, Geroa Bai ez zutela baztertzen, «beti ere aurrekontu gaiez bakarrik hitz eginez gero», eta EH BIldurekin ez zutela inondik ere negoziatzeko asmorik. Azkenean, akordioa lortuta, 27 hautetsitatik hemezortziren babesa izango duela nabarmendu du Maiak eta gogorarazi du pandemia garaiotan zer beharrezkoa den aurrekontuak izatea.

PSNren oharra  

Hiriko azpiegiturak moldatzeko, etxebizitza sozialerako eta jasangarritasuna sustatzeko ezarriko dituzten hainbat neurriren berri eman dute. Ohar batean, Iruñeko PSNk «arrakasta sozialtzat» jo du akordioa, «lorpen historikoak» adostu dituztelako; besteak beste, haur eskolak doan izango direla datorren ikasturtetik aurrera. Mugikortasun jasangarria sustatzeko, Pio XII etorbideko aparkalekuak kentzeko asmoa dute, lorategiz hornitzeko. Bide jasangarri bat egingo dute Labriten ere, bizikletentzako eta autobusentzako erreiekin.

Adierazi dute etxebizitza sozialak eraikiko dituztela Erripagañan, eta energia txirotasunaren kontrako neurriak hartuko dituztela. Auzoak babesteko asmoz ere zenbait ekintza sustatuko dituzte, eta kiroldegi bat egin nahi dute Santo Domingon. PSNk azaldu du udalak ez duela ordaindu beharko Labriteko pasabidea, «denbora luzez» esan dutelako arduradunek ordaindu behar luketela.

PSNk esan du Erorien Monumentuaren ingurua ere berrurbanizatuko dutela, «memoria historikoaren ikuspegitik».

Batzorde batek aztertuko du gaur sinatu duten akordioa. Batzorde hori hilean behin elkartuko da, eta ezohiko batzarrak ere egingo ditu alderen batek eskatuz gero. Edonola ere, han parte hartuko dute Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Maite Esporrin PSNren taldeko bozeramaileak.

EH Bilduren «atsekabea

EH Bildu koalizioak atsekabea agertu du PSNk erabaki duelako eskuineko udal gobernuaren bazkide izatea. «PSNk 2021. urteko aurrekontuak onartzea erabaki du, Navarra Sumak inposatutako bazterkeria politikoa onartuz, eta oposizioaren fiskalizatzeko lanari uko eginez», EH Bilduren arabera, udal gobernuak Yolanda Barcinaren kudeaketa eredua berreskuratu nahi du: «Inbertsio soziala beharrean adreiluaren politika lehenestera garamatzate berriz ere».

Deigarria egin zaio EH Bilduri PSNk hartutako erabakia, udal gobernuari proposatutako zuzenketak oposizioarekin batera hitzartutakoak zirelako: «PSNren zuzenketetan jasotako proiektu gehienak gureak edo orain arte oposizioa osatzen genuenokin batera egindakoak diren arren, Alderdi Sozialistak nahiago izan du proiektu horiek eskuinarekin batera kudeatu, orain arte hain emaitza onak eman dituen oposizio bateratuaren ikuskaritza funtzioarekin jarraitu baino». EH Bilduren arabera, sozialistek aukera zuten aldaketaren bidea ahalbidetzeko Maiaren kudeaketa kontrolatuz.

Maiari, berriz, funanbulista politikoaren adibide izatea aurpegiratu dio. «Sei urtetan bere lehen aurrekontuak onartzeko berak pertsonalki hartutako konpromiso guzti-guztiak irentsi baititu». Bere hitza jan duen proiektuen artean, Labriteko pasabidea, Pio XII. etorbideko egitasmoa, Belosoko mendi hegalean etxebizitzak eraikitzeari amore emate edo erdiguneko amabilizazioa bere horretan onartzea. Asironen garaian egindako aldaketak onartu baditu ere, EH BIlduren ustez, «pena da» PSNren jarrera, eskuin atzerakoiarekin bateratu delako «gezurrezko erantzukizun baten» aitzakiapean.

Geroa Bai, «legealdiko akordioa»

Geroa Bairen ustez, PSNk akordio hori hitzartu izanak de facto sozialistek «legealdiko akordioa» izenpetu dutela esan nahi du, udal gobernuko atal guztiek garatuko dituzten politikak eta neurriak bere egingo dituelako. Geroa Bairen ustez, legealdiko bidea berretsi egin du PSNk, orain arte Navarra Sumaren udal gobernuak proposatuta gidalerro nagusiak babestu dituelako —besteak beste, euskarazko udal ordenantzaren aldaketa; haur eskoletan egindako aldaketak edo haurren alde jarduten zuten zerbitzuen pribatizazioa—.

Geroa Baik gogorarazi du PSNk planteatutako neurriak oposizioko beste bi taldeekin hitzartutakoak zirela, eta, ondorioz, aukera zuela Navarra Sumaren udal gobernua babestu ordez, gainerako taldeekin aurrekontu alternatiboak planteatzea. «Aitzitik, nahiago izan du Navarra Sumaren politikei babesa ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.