Udal politikak

Navarra Sumak badu bere Konstituzio plaza Iruñean

Enrique Maia buru duen Iruñeko Udalak izena aldatu dio orain arte Baluarteko plaza zenari: Konstituzio plaza deitu dute. Plazaren izena azaltzeko plakak urratu egiten du euskararen ordenantza: gaztelania hutsean dago.

Iruñeko Baluarte, artxiboko irudian. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urtarrilaren 24a
13:59
Entzun

Iruñeko alkate Enrique Maiak erdietsi du desio zuena: gaurtik, hiriak badu Konstituzio plaza bat. Horretarako, Udalak orain arteko izena kendu dio urte luzez Baluarteko plaza izandakoari. Baluarte auditoriumak leku hartzen duen plaza Konstituzio plaza deituko da aurrerantzean. Zehazki, Nafarroako Gizarte Zibila elkarteak egindako eske bati segika agindu du aldaketa Maiak. Gainera, Udalak azaldu duenez, izen aldaketa ez da itsuan eginiko urrats bat. Asmo jakin bat du, diotenez: «Gizarteak trantsizio demokratikoan egindako esfortzuari aitortza egitea».

Edonola ere, errekonozimendu hori hizkuntza bakarrean egitea erabaki du Iruñeko Udalak. Beste behin, bazter utzi dute euskara. Plazaren izen berria aurkezteko gaur eginiko ekitaldian, Enrique Maia arduratu da plaka estaltzen zuen oihala erretiratzeaz. Plaka bistara utzitakoan, gaztelania hutsean idatzitako hitzak baizik ez dira gelditu ikusgai: Plaza CONSTITUCIÓN. Enegarrenez, urratu egin da Nafarroako euskararen ordenantza. Izen nagusiaren azpian baizik ez da euskarazko hitzik: 1977ko Espainiako Konstituzioa, letra xehez.

Nafarroako bandera, bidean

Baluarteko plazari izena aldatzea ez da azkenaldian Enrique Maiaren buruan izandako desio bakarra. Aspaldi iragarri zuen beste asmorik, azaroan: Nafarroako bandera erraldoi bat ezarri nahi du Nafarroako Foruen plazan. Gaur kazetariei eginiko adierazpenetan, Maiak azaldu du oraindik ere «falta dela» dela pauso hori emateko, baina zehaztu du prozesua hasia dela dagoeneko: «Materialei loturiko arazo bat dago, baina dena enkargatua dago, martxan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.