Igandeko emaitzak ez ziren behin-betikoak. Oraindik ere, gorabeherak izandako hainbat mahai zein atzerrian bizi direnen botoak zenbatzea falta zen. Guztira, 8.145 boto. Gaur goizean goiz hasi dira zenbaketa hori egiten Nafarroako Justizia jauregian. Nahiz eta Maria Solana gobernuko jarduneko eledunak esan duen litekeena zela bihar arte atzeratzea, azkenik gaur arratsaldean eman dituzte datuak.
%98,14 zenbatuta, EH Bildu eta Navarra Sumaren artean 24 botoren aldea baino ez zegoen, eta behin boto guztiak zenbatuta, balantza eskuineko koalizioaren alde erori da. Navarra Sumaren 20. parlamentaria Angel Ansa izango da. Aldiz, iragan berri den legealdian EH Bilduko parlamentari izan den Arantxa Izurdiagak jokoan zen azken eserleku hori galdu du.
Azken emaitza horrek laukoari asko zailtzen dio hauteskunde ondorena, orain lauen artean ez dutelako gehiengorik —gaur arte 20 zituzten, EH Bilduko zortziak zenbatuta, baina azken horrek zazpi dituenez, orain 19 dituzte—.
Marisa de Simon, parlamentari
Ezkerraren parlamentaria ere jokoan zegoen. Parlamentuan ordezkaria izateko botoen %3 lortu behar da eta igandean ozta-ozta erdietsi zuen ehuneko hori. Falta ziren datuekin ere, Ezkerrak lortu du xedea. Marisa de Simon eserlekurik gabe geratzeko arriskua zuen, baina azkenik Ezkerraren ordezkari izango da.
Azkenean horrela geratu da parlamentua: Navarra Sumak hogei, PSNk, 11, Geroa Baik 9, EH Bilduk zazpi, Ahal Dugu-k bi eta Ezkerrak bat.