«Traizioa». Hala deskribatu du Javier Esparza Navarra Suma koalizioko ordezkariak PSNk «nazionalistekin eta independentistekin» lortu duen akordioa. Maria Txibiteri leporatu dio EAJren eta EH Bilduren «salbatzailea» izatea: «Abertzaleek nahiago zaituzte zu, badakitelako Navarra Suma horma bat dela nazionalismoarentzat». EH Bilduren abstentzioa bilatu izana kritikatu du Esparzak bereziki, ETAren biktimentzat «umiliazioa» dela esanez: «PSNk etikaren eta moralaren mugak gainditu ditu».
EH Bildu izan da Esparzaren argudioa: «Gobernu berriaren sostengu nagusi bilakatuko da EH Bildu». Ohartarazi du «akats larria» dela ezkerreko abertzaleekin hitz egitea, hasieratik esan zutelako ez zutela gobernua «dohainik» emango: «Sozialistek esan zenuten EH Bildu mehatxua zela Nafarroarentzat, eta, orain, haren botoei esker lortuko duzue lehendakaritza». Esparzak Espainiako panoramarekin alderatu du Nafarroako egoera: «Sanchez ez da fio nazionalistekin; hemen, baina, independentista biolentoenekin egin duzue akordioa».
ETA ere askotan erabili du Esparzak EH Bilduren kontra egiteko, eta, hala, PSNren aurka. UPNren zinegotzi Tomas Caballero eta Jose Javier Mujika hartu ditu gogoan, ETAk hildakoak biak; hilketa horiek egin zituztenean ezker abertzaleak izandako «isiltasuna» gaitzetsi du, eta indarkeria hori gobernu berriarekin lotu du: «Orain, gobernu berriak [Arnaldo] Otegiren onespena du».
Txibitek bultzatu nahi duen gobernu programaren aurka eregogor aritu da Navarra Sumaren ordezkaria: ohartarazi du azken legealdiaren «jarraipen hutsa» dela. Geroa Bairi, EH Bilduri, Ahal Dugu-ri eta Ezkerrari zuzendu zaie bereziki: «Nork esan zezakeen, gaur arte, hauteskundeetan lortutako emaitzei erreparatuta, laukoteak bere programari eutsiko zionik». UPNko buruaren arabera, Navarra Sumak eta PSNk, «konstituzionalistek», gehiengo zabala osa dezakete: 50 parlamentaritik 31. Horren alde egin du, aurrerapen soziala «konstituzionalisten eskutik» iritsi delakoan Nafarroara: ohartarazi du, ordea, gobernu berriko alderdiak horren aurka daudela.
Navarra Sumako parlamentariak txaloka lehertu dira Esparzak bere diskurtsoa amaitu duenean: denak zutitu dira. Unai Hualde parlamentuko presidentea giroa baretzen saiatu da: «Eutsi bozkarioari, mesedez».
Nafarroako inbestidura saioa. Taldeen hitzartzeak
Navarra Suma. «PSNk etika eta morala gainditu ditu»
Esparzak kritikatu egin du sozialistek abertzaleekin akordioa lortu izana: esan du EH Bilduren abstentzioa «umiliazioa» dela ETAren biktimentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu