Navarra Suma koalizioa utzi edo ez aztertuko du UPNk udara honetan

Marta Alvarez UPNren zuzendaritzako kidearen arabera, barne prozesu irekia da, eta Ciudadanosek eta PPk «normaltasun osoz» hartu dute

Javier Esparza eta Ciudadanoseko Carlos Perez Nievas, martxoan. J. DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Bi urte falta dira foru hauteskundeetarako, eta UPNk mugitu du fitxa. Asteburuan, Javier Esparza UPNko presidenteak, batzarrean, afiliatuen aurrean iragarri zuen barne prozesuari ekingo diotela Navarra Suma koalizioaren egoera aztertzeko. Urrats horrekin, koalizioa uzteko aukerari atea ireki dio UPNk. Esparzaren arabera, «eroso» daude Navarra Sumaren barruan, baina alderdiak«erantzukizunez» jokatu nahi du, eta udan erabakiko du zer egin koalizioarekin.

Atzo, astelehenero legez, Nafarroako Parlamentuko mahai eta eledunen batzordea bildu zen, eta bilkuraren osteko agerraldian ez zen izan Jose Javier Esparza. Haren ordez, Marta Alvarez Navarra Sumako parlamentariak azaldu zuen UPNren estatutuetan datorrena jaso besterik ez duela egin Esparzak, eta, koalizioei buruz erabakitzeko ahalmen hori gauzatuz, eztabaida ireki nahi izan duela. «Parte-hartze prozesu demokratiko bat ireki du, ahalik eta zabalena izan dadin eta denborarekin lantzeko eta aztertzeko asmoz nola aurkeztuko garen hauteskundeetan».

Alvarezen arabera, koalizioan dauden beste bi bazkideek, Ciudadanosek eta PPk, «erabateko normaltasunez» hartu dute UPNren mugimendua. Dena den, ez batak ez besteak ez dute ezer esan orain arte. Nahiz eta erabakia ez duen hartu oraindik, antzematen da UPN ez dagoela kontent egungo indar korrelazioarekin.

Izan ere, uneotan, Navarra Sumak hogei parlamentari ditu, baina talde horren barruan, UPNk hamabost ordezkari ditu, Ciudadanosek hiru eta PPk, bi. Hala jaso zen 2019ko martxoan UPNk PPrekin eta Ciudadanosekin egindako hitzarmenetan. Une hartan, alderdi bakoitza egoera desberdinean zegoen: PP parlamentutik kanpo geratzear zen, Ciudadanosen eragina ikusteko zegoen eta UPNk eskuineko botoaren zatiketa eragotzi nahi zuen.

Bi urte geroago egoera erabat aldatu da, Espainiako eskuinean ematen ari diren mugimenduek eraginda. Uneotan, PP indartsuago dago eta Ciudadanos, aldiz, nabarmen ahulduta, krisi larrian. Vox-en itzala ere nabari da atzean, 2023an nola eragin diezaiekeen ikusteko baitago. Testuinguru horretan, gogora ekarri behar da UPN eskuinaren diskurtso horren eraginpean dagoela. Adibidez, ordezkaritza bidali zuen ekainaren 13an, Madrilen, Colon plazan, egin zen manifestaziora Espainiako Gobernuak Kataluniako preso independentistei indultua ematearen aurka.

Esparzaren argudioak

Iragarpenak sortuko duen harrabotsaren jakitun, larunbatean Esparzak iragarri zuen barne prozesu horren atzean inork ez lukeela «okerreko ondoriorik atera behar», eta ez dagoela «inongo mamurik atzean». Haren hitzetan, koalizioa ondo ari da lanean, hala parlamentuan nola udaletan, eta barne prozesuak erantzuten dio koalizioei buruz erabakitzeko ahalmenari.

UPNko presidenteak gaineratu zuen Navarra Sumak bere helburua bete duela; uste du gauzatu dutela 2019ko foru hauteskundeetan euskal abertzaletasunaren aurka «indartsuago» izateko asmoa, eta, horri esker, besteak beste, Uxue Barkosek lehendakari, Joseba Asironek Iruñeko alkate eta Eneko Larrartek Tuterako alkate izateari utzi diotela ere bai. Esparzaren arabera, 2019an Barkosen gobernuaren alternatiba izan ziren moduan, 2023an Maria Txibiteren gobernuaren alternatiba gisa aurkeztuko dira. Baina ikusteko dago zer formularekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.