Naturista elkarteek auzitegian irabazi dute Hendaiako Udalaren kontra

Hendaiako auzapezak hiriko hondartzetan naturismoa debekatzeko erabakia hartu zuen 2021ean. Biluzirik ibiltzeko askatasunaren kontra doanez, auzitara jo zuten naturista elkarteek. Paueko auzitegiak arrazoi eman die.

Nudistak Hendaiako hondartzan, 2021ean. BOB EDME
Nudistak Hendaiako hondartzan, 2021ean. BOB EDME
Iñaki Etxeleku.
2024ko apirilaren 19a
13:15
Entzun

Paueko auzitegiak astelehenean erabaki zuen Hendaiako (Lapurdi) auzapezak hiriko hondartzetan naturismoa debekatzeko hartu erabakia deuseztatzea. Erabaki hori ezeztatzeaz gain, biluzirik ibiltzeko askatasunaren aldeko elkarteei 3.000 euroko kalte ordainak pagatzera zigortu zuen herriko etxea. Azkenean, auziak agerian utzi du legez kontrakoa dela Kotte Ezenarro auzapezaren 2021eko debekua. Apnel Naturismo Askearen Aldeko Elkarteak eta, harekin, Mugimendu Naturistak auzitara jaukitu zuten Hendaiako erabakia. Naturismoaren Frantziako Federazioak ere helegite bat jarria zuen.

Naturista elkarteak ez dira biziki harritu Paueko auzitegiak hartu erabakiaz, legeari jarraitu baitio. Apnelek mota bereko auzia izan zuen Frantzia iparreko Somme departamenduan, eta auzia irabazi zuen. Jacques Frimon Apnel elkarteko lehendakariordea da, eta, esplikatu duenez, naturismoa debekatu nahi duten herriko etxeak «ez dira ohartuak legea aldatua» dela. 1994. urtetik biluzirik ibiltzeko eskubidea onartua da, legez, Frantzian. «Debekatua dena sexu exhibizionismoa da, eta horretan Espainian indarrean den legetik hurbil da legea». Baina legeak exhibizionismoa eta biluzirik izateko askatasuna ezberdintzen ditu: «Hondartza batean biluzirik egoteak, etzanik, ez du deus bortitzik». Hala, legeak onartzen ditu oinez eta bizikletan biluzi eginiko ibilaldiak. «Herrialde gehienetan ez da batere arazorik sortzen», erran du argiki Frimonek; «Frantzia da leku bakarra non agintari batzuk erreakzio epidermikoak dituzten oraino».

Hautetsi batzuen hertsikeria hori ez du ulertzen Frimonek, ezen, oro har, jende gehien-gehienari berdin baitzaio beste batzuk biluzirik baldin badira. «Hendaiako hondartzetan ere ehuneko bizpahiru dira kexatu direnak. Gutiengo ttipi-ttipi bat». Eta Apnelekoak harritu dira auzi egunean, gainera, Hendaiako Herriko Etxearen abokatuek ez baitute defentsarako baliatu herritar batzuen balizko kexurik. «Erabili dituzten argudioak ez ziren serioak». Auzapezaren aldebakarreko erabakia izan dela deitoratu du Frimonek: «Nehorekin solastatu gabe, debeku erabaki autoritarioa hartu zuen».

Olde erreakzionarioa

Alta, Kotte Ezenarro auzapez sozialista da, eta «pentsa daiteke auzapez sozialistak eskuineko edo eskuin muturreko auzapezak baino irekiagoak direla». Errealitatean gauzak ez direla horrela esplikatu du Apneleko eledunak. «Pertsonaren araberakoa da; izan eskuineko, izan ezkerreko, izpiritu irekia den edo ez». Halako hautetsiak «beren eskema zaharretan hertsaturik» bizi direla uste du, eta ez direla «ohartuak gizartea aldatu» dela. Frimonek Paris aldean oinezko ateraldi biluziak antolatzen ditu aspaldian, eta beti dena ongi joan da beste herritarrekin: «Badu 45 urte praktikatzen dudala, eta ez dut egundaino arazorik izan». Gainera, ateraldi batzuk naturistak ez diren lagun batzuekin nahasirik egiten dituzte arazorik gabe. Gisa berean, hondartza frankotan. «Elkarbizitza arras ongi eramaten dugu».

Frimoni iduri zaio azken urte hauetan hautetsi batzuen partetik olde «erreakzionario» bat badela, berriz ere, ideologia batzuei jarraikirik: «Izan integrista katolikoak edo islamekoak, izan [eskuin muturreko] identitarioak. Aipatzen duten ordena morala moral judu-kristau intolerante bat da». Elkarbizitza lanjerean ikusten du Apnelekoak, eta elkartea horregatik borrokatzen dela dio. «Elkarbizitzari buruz ez bagoaz, denon askatasunen kentzeari eta gatazkei buruz joango gara».

Biluzirik egoteko askatasunaren defentsa beste askatasun indibidual guzien defentsaren aldeko borroka da, Frimonen ustez: «Askatasun guzien aldeko borroka da: ezberdina izateko eskubidea, homosexuala izateko eskubidea, sexua aldatzekoa eta abar». Askatasun batzuk kenduz askatasun guziei erasotzen zaiela uste du Frimonek. Horregatik kezkatzen du agintari politiko batzuen olde erreakzionarioak. Burkiniaren auzia piztu zelarik, naturismo askearen aldeko elkartea ez zen jantzi horren aurka agertu, kontrakoa baizik: «Bakoitza bezti daiteke nahi duen bezala». Ildo beretik, Frimonek salatu ditu karrikan soin-has ibiltzeko auzapez batzuek hartu debekuak, udan, alta «kanpoan 40 graduko tenperaturak direlarik». Alde batetik, debeku horiek «legez kanpokoak dira», eta, bestaldetik, «ez doa gizarte ireki eta askeei buruz».

Hendaiari dagokionez, auzitegiaren epaiaren ondotik, Ezenarro auzapezak erran du beste erabaki bat hartuko duela hondartzetako naturismoa arautzeko. Frimonek jakin duenez, naturismoaren aldeko elkarteak deitu ditu arauaz elkarrekin solastatzeko: «Pena da, behartuak izan baikara auzibide batetik pasatzera, hastetik solasaren bidez egiten ahal genuelarik». Komunzki, Hendaiako Bi Bikien hondartzan egoteko usaia hartua dute urteetan naturistek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.