Iñaki Arto. Ekonomian doktore eta BC3ko kidea

«Naturari egin beharko genioke so, eta ekonomia sistema zirkular bilakatu»

Gizarte metabolismoaz aritu da Iñaki Arto, Bilbon, Ekologistak Martxan taldearen eskutik antolatu udako ikastaroan. Hiriak izaki biziduntzat jo ditu, naturaren eta ekonomiaren arteko lotura lantzeko.

edurne elizondo
2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ekonomia ereduak zer ikusteko anitz du naturarekin. Horixe nabarmendu du Iñaki Artok, Bilbon, Ekologistak Martxan taldearen eskutik antolatu udako ikastaroan. Ekonomian doktore da, eta gizartearen metabolismoaz aritu da. Izaki bizidunen gisa, baliabideak hartu eta eraldatu egiten ditu sistema ekonomikoak, eta prozesuan sortutako hondakinak kanpora botatzen ditu.

Gizarte metabolismoaz aritu zara. Naturaren funtzionamenduarekin lotu duzu, hain zuzen, gure gizarteen funtzionamendua. Izaki bizidunak balira bezala?

Hala da. Sistema ekonomikoek naturan dauden baliabideak hartzen dituzte, eraldatu egiten dituzte, metabolizatzen dituzte ondasunak eta zerbitzuak sortzeko, eta prozesu horrek utzitako hondakinak naturara itzultzen dituzte. Gizarte metabolismoaren helburua da, hain zuzen, ekonomiaren eta naturaren arteko harremana hobeki ezagutzea.

Zer helbururekin?

Egungoa krisi garai bat da; ingurumenaren arloko krisia dugu. Gizarte metabolismoa aztertzea lagungarri izaten ahal zaigu zehazki jakiteko gure jarduerek ingurumenean eta naturan zer-nolako eraginak dituzten. Eta, mugak gainditu baditugu, aukera ematen ahal digu ekonomia berrantolatzeko, planetaren muga fisikoetara egokitzeko.

Eta gainditu ditugu muga horiek?

Bai. Klima aldaketari buruzko azken txostenak agerian utzi du horixe, gure jarduera ekonomikoarekin naturaren muga fisikoak gainditu ditugula. Guk sortutako eragin horiek ekarri dute klima aldaketa. Eredua aldatu beharra daukagu. Horretarako, garrantzitsua da aztertzea gure jarduera ekonomikoaren atzean zer dagoen.

Zer sortzen dugun eta nola aztertzea?

Ez hori bakarrik. Erabilitako baliabideak eta sortutako hondakinak mahai gainean jarrita, kontua da horiek jarduera ekonomikoarekin lotzea. Hau da, ikustea nor ari den baliabide horiek eskatzen; zer ekoizteko ari diren erabiltzen baliabide horiek. Ikusi behar dugu, halaber, nork kontsumitzen dituen; bertan edo kanpoan kontsumitzen diren; eta hondakinak birziklatzeko aukera ote dagoen. Kontuan hartu behar dira, gainera, anitzetan ezkutuan gelditzen diren elementuak.

Zer-nolako elementuak?

Adibidez, tona bat urre ateratzeko, 600.000 tona material mugitu beharra dago. Beraz, ezin dugu bakarrik urrea kontuan hartu. Ez dugu ahaztu behar, gainera, halako lanetan aritzen direnek baldintza eskasak dituztela anitzetan, haurrak ere aritzen direla. Beraz, guztia hartu behar da kontuan errealitatea hobeki ezagutzeko.

Halakoez, normalean, produktua kontsumitzen duen herritarra ez da ohartzen, ezta?

Ez. Gainera, garatutako gizarteetan gertatu da kutsadura, eta eragin gehien sortzen duten jarduerak bertze herrietara mugitu dituzte; beraz, han pairatzen dituzte ondorioak.

Gizarteak, hiriak, beraz, ez dira zirkuitu itxiak; eragiten diote elkarri?

Bai, baina helburua, hain zuzen, zirkuitu zirkularrak lortzea da. Egun, metabolismoa lineala da: baliabidea hartu, eraldatu, eta hondakinak bota. Erronka da hondakin horiek sisteman sartuko diren elementu bilakatzea berriz. Hori egiten du naturak. Hari egin beharko genioke so, eta sistema ekonomikoa zirkular bilakatu. Naturak eguzkia erabiltzen du. Guk ere eguzkia erabiliko duen ekonomia behar dugu.

Gure gizarte metabolismoaren egoera nolakoa da?

Azken urteotan industriaren pisuak behera egin badu ere, jarduera hori da nagusi. Baina baliabiderik ez dugu; kanpotik ekartzen ditugu. Beraz, gure jardueraren eragina bertze hainbat tokitan sumatzen dute, batez ere. Bertze arazo bat da hemen lurraren erabilera eta eraikuntzak izan duen eragina. Hiri baten antolaketak ere badu garrantzia, metabolismoaren zati da. Eta ez dugu ahaztu behar kontsumo gizartea dela gurea. Ezin dugu aurrera jarraitu bide horretatik.

Bertze eredu baten aldeko urratsik ez da sumatzen ordea.

Gauzak bertze modu batera egiteko aukera galdu zen krisiaren hasieran. Argi izan behar dugu baliabideak mugatuak direla. Batek anitz kontsumitzen badu, bertze batek, gutxi. Baliabideak agortzen ari direnez, halabeharrez egokitu behar dugu. Ez dugu bertze erremediorik. Izan dira gatazkak, eta gehiago sortuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.