IPBESen txostena. Unai Pascual. IPBESen, Balioen Txostenaren lehendakaria

«Naturaren balioa ulertzeko era murrizten du begirada ekonomizistak»

Hazkunde ekonomikoa eta ongizatea estu lotzeak ekarri gaitu gaur egungo egoerara, Pascual gidari izan duen taldeak ondorioztatu duenez. Begiradak aldatuz gero «kolpea» leundu daitekeela uste du.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
Zarautz
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Unai Pascual (Gasteiz, 1973) «naturaren balioen betaurrekoekin» mintzo da. IPBESen enkarguz, bere bizitzako azken lau urteak baldintzatu dituen txostena, «bere zortzimilakorik zailena» onartu berri dute Bonnen, Alemanian.

Ikusi gehiago:IPBESen txostena: Naturaren balioen antiojoak

Nondik sortu zen naturaren balioak ikertzeko ernamuina?

2018rako frogatu genuen zientifikoki bioaniztasunaren gainbehera nolakoa izaten ari zen. Besteak beste, milioi bat espezie galdu zirela jakinarazi genuen. Horrekin lotuta, esan genuen ikerketa bat egin behar zela jakiteko jendeak naturari zer balio ematen dion eta nondik datorren balioa ez ematea. Txosten horretan esaten zen hori zegoela pertsonok bai indibidualki eta bai kolektiboki dauzkagun jokabideen atzean: naturaren gaineko begirada. Eta hori ulertu ezean ezingo genuela eraldaketa bide egokian jarri.

Zeintzuk izan dira ardatzak?

Hasi ginenean, lehenengo erronka izan zen definitzea zer den naturaren balioa, asko baitaude, eta askotarikoak baitira. Ekonomian, antropologian, giza zientzietan... hainbat diziplinatan balio hitza nola kontzeptualizatu duten ulertzea eta sintetizatzea izan da gure lanetako bat.

Eta nora iritsi zarete?

Adibidez, gu naturatik bizi gara, ezta? Natura ustiatzen dugu. Fabrika baten gisan begiratzen dugu. Itsasotik arrainak hartzen ditugu, adibidez. Baina gu ere naturan bizi gara, beste dimentsio bat da —kostaldeko pertsonek identitate berezia dute, bestelako bizipenak ere baditugu itsasoarekin ustiapenaz gainera...—; naturarekin batera bizi gara —itsasoan bizi dira beste espezie batzuk ere: algak, arrainak...—, eta naturarekin bat gara —parte gara—. Herri indigenek batez ere azken hori oso garatuta daukate.

Analisi horretara iristeko, diziplina ezberdinen arteko jakintza gurutzatu duzue.

Eta ez bakarrik Mendebaldean ezagutzen dugun akademia zientifikoaren ikuspegia. Indigena askok ez dute tradizio zientifikorik, baina gauza asko dakizkite; gainditu egiten dute zientzia. Komunitate indigena oso handien ordezkariekin ere egin dugu lana, ez bakarrik antropologoei irakurrita haiei buruz egindako lana, baizik eta haiekin, inuitekin, Amazoniako ordezkariekin-eta lau urte hauetan zubi lana egin dugu.

Bioaniztasuna, neurri handi batean, erabaki politiko eta ekonomikoengatik galdu dela ondorioztatu duzue.

Neurriz gaineko ustiaketa bat dago. Ongizatea ulertzeko modu horrek, modu hain ekonomizista horrek eraman gaitu egoera honetara. Erabaki politiko eta ekonomiko nagusiek badaukate zerbait komunean: hazkunde ekonomikoarekin lotzen dute ongizatea handitzea. Naturaren balioa ulertzeko modua murrizten du begirada ekonomizistak, gure txostenak ondorioztatzen duenez. Natura fabrika baten modura ikusten dute.

Zer proposatzen duzue?

Natuaren balioak orekatuko bagenitu, beste modu batean ulertuko genuke gure ongizatea, eta bestelakoak izango lirateke gure eguneroko hartu-emanak. Naturaren eta pertsonen arteko oreka ere lortuko genuke.

Eta zer da ongizatea?

Ongizatea ulertzen ari garen modua ez da egokia. Nagusi den modua oso ekonomizista da. Kontsumoaren ahalmena handitzen duen edozer gauza lotzen dugu ongizate handiagoarekin, baina ongizate materiala gorestea da hori, eta horrek beste ongizate moten aurka egin dezake.

Nola azaldu beste dimentsioak?

Lehen esan bezala, naturarekin harreman ezberdina dugu denok: naturatik bizi gara, naturan bizi gara, naturarekin bizi gara, eta naturaren parte gara. Baina lehen dimentsioa gailentzen da, eta besteei jaramonik ez diegu egiten.

Eta zer-nolako eragina dute, adibidez, natura modu industrialean ustiatzen duten enpresek erabaki horietan?

Indar harremanak desorekatuta daude. Sektore ekonomiko batzuetan botere handiegia dago, eta beste sektore batzuek ez dute botere hori, eta haien ahotsa eta haien balioak ez dira mahaigaineratzen azken erabaki handiak hartzen diren guneetan.

Eragileei begirada aldatzeko eskatzen zaie.

Zer ekintza egin litezkeen esaten dugu ikerlanean: zer egin dezaketen gobernuek, hedabideek, herritar taldeek, akademiak, hezkuntzak... Bakoitzari esaten diogu zer ekintza posible dauden eta nola jardun litekeen prest egonez gero naturaren balio askotarikoen betaurrekoak jartzeko. Txosten honetan islatzen dugun ebidentzia guztiak zerbaitetarako balio behar du. Politikan dabiltzan guztientzat da hau, baina ez bakarrik haientzat: gizarte guztiarentzat. Jakintza badugu; arazoa zein da? Ez dugula erabiltzen.

Eta nola jarri «naturaren balioen betaurrekoak» agintariei?

Erabakiguneetan daudenek uste dute badakitela zer balio dituzten beren erabakiak ezartzen dituzten eremu horretako biztanleek, baina ez dituzte benetan aintzat hartzen. Balio askotarikoak direla demostratu dugu; saiatu gara azaltzen balioak nondik datozen, nola aldatzen diren, zergatik diren aintzat hartu beharrekoak eta beste. Metodologiak ere proposatu ditugu. 50 metodologiaren baino gehiagoren azalpena eman dugu hirugarren atalean.

Parte hartzea ere azpimarratzen duzue.

Txostenean azaltzen dugu nola jarri indarrean. Zer gertatzen da balio askotarikoak aitortu eta aniztasun hori erabakietan txertatzen denean? Demostratzen dugu askoz hobeak direla naturaren eta erabakien iraunkortasunaren gaineko ondorioak.

Metodo horiek nola jartzen dira martxan?

Adibidez, espazio deliberatiboak sortuz. Tresnak ematen ditugu, bakoitzak bere eremuan zer egin dezakeen azalduz.

Oinarri bat jarri duzue, bioaniztasunaren alde egiteko beharrezkotzat jotzen duena haren balioak aintzat hartzea. Abenduan Montrealen egingo den goi bileraren atarikoa izan liteke?

Hurrengo hamarkadarako bioaniztasunaren inguruko akordio global bat lortu nahi da Montrealen. Bonnen izan ditugun negoziazioetan, herrialdeetako ordezkariek esan digute aurkeztu berri dugun txostena erabiliko dutela negoziazioetarako. Bakoitzak bere interesak defendatuko ditu.

Ba al daukazu aurreratzerik nondik nora doan gaitegia?

2030erako planetaren %30 babestua izatea bultzatu nahi dutela diote. Sekulako helburua da, baina herrialdeak oso baldintza diferenteetan abiatzen dira helburu horretara, eta sekulako talkak daude. Hori helburu moduan onartzen bada, garabidean diren herrialdeek dirua eskatuko dute hori bideratu ahal izateko. Diru eskarian ez badatoz bat, zaila izango da akordioa lortzea.

Ez zaude oso baikor, ezta?

Ni errealista naiz. Nik datuak aztertzen ditut, eta hori begiratuta ondorioztatzen dut gero eta okerrago gaudela eta gero eta azkarrago goazela.Titanic hau icebergaren kontra doa, eta ez dago itzultzeko aukerarik. Titanic-en nor hondoratu ziren? Zaurgarrienak. Eta munduan nor hondoratu litezke lehenago? Ahulenak. Hori onartzeko prest gaude?

Zer egin?

Erreformak ez du balio; eraldaketa bat behar da. Hau ez da gauza gradual bat: errotik aldatu behar da. Ez badu gizarteak lema hartzen, eta beldur existentziala zabaltzen bada gizartean, diskurtso sinple eta gogorrak gailenduko dira, eta jendeak irentsi egingo ditu. XX. mendean ezagutu dugu hori. Eraldaketa guk kontrolatzen badugu, ez dugu oso ongi egingo, kolpe batzuk hartuko ditugu... baina bidera dezakegu; bestela, ahal duena salba dadila. Klima krisia bazetorrela duela 30 urtetik esaten ari ginen, eta gaur egun hemen bizitzen ari gara, eta galdera da: zergatik ez dugu ezer egiten? Klima krisiarekin bezala, naturaren krisiarekin ere berdin-berdin gaude. Ez dezagun klimarekin egin dugun hanka sartzea naturarekin egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak