Euskal Herriko gazteek ez dituzte bertako animalia eta landare espezieak ezagutzen. Hori izan da EHUk eta Aranzadik elkarlanean egin duten ikerketaren ondorioetako bat. Ikerketa taldeko kidea da Joserra Diez (Bilbo, 1970), Biologian doktorea eta EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslea, eta azterlanaren gakoak azaldu dizkio BERRIAri.
Zer garrantzi dauka biodibertsitatearen ezagutzak?
Egungo testuingurua erronkaz beterik dator: esaterako, klima aldaketa eta biodibertsitatearen galera. Lehenengoari buruz sarritan hitz egiten digute, baina biodibertsitatearen galerari buruz hitz egitean lehoia eta katamotza soilik etortzen zaizkigu burura; tamalez, gutxitan azaldu digute biodibertsitatea funtsezko kontzeptua dela.
Zer zentzutan?
Biodibertsitateak, animaliez eta landareez gain, gainontzeko bizidunak hartzen ditu barruan. Esaterako, onddoak, mikroorganismoak, bakterioak eta birusak. Baina zerbait konplexuagoa ere bada: dibertsitate genetikoa, espezien dibertsitatea eta espazioen dibertsitatea. Jakiak, medikamentuak, baliabideak eta energiak ere ematen dizkigu, baita ezinbesteko zerbitzuak ere: klima erregulatzea, ura araztea eta higadura kontrolatzea.
Ezagutza hori berreskuratzeko hezkuntza hartu duzue tresnatzat.
Bai, azken urteotan horri begira jarri gara gure ikerketa taldean: biodibertsitatearen hezkuntzan hobeto nola irakatsi aztertzea daikerlanaren helburua.
Zein izan da azterlanaren subjektua?
Euskal Herriko 12 eta 13 urte bitarteko 1.000 gazteren fauna eta floraren inguruko ezagutza aztertu dugu, bai eta horiekiko eta naturarekiko daukaten interesa ere.
Nola ikertu duzue interes hori?
Ikasleei buruan dituzten espezieak zerrendatzea eskatu zaie, hamar animalia lehenik eta hamar landare jarraian, haien errepertorio mentala eskuratu nahian. Horrez gain, aztertu nahi izan dugu ezagutza horretan zer faktorek eragiten duen gehien: naturarekiko interesak, bizilekuak, eskola motak, per capita errentak eta animaliekiko edo landareekiko lehentasunak.
Zer emaitza izan ditu ikerketak?
Ikasleen %82,8 hamar animalia izendatzeko gai izan dira, baina %7,4 baino ez da izan hamar landare izendatzeko gai. Ikusi dugu landareekiko itsutasuna deituriko fenomeno bat gertatzen dela.
Zertan datza fenomeno hori?
Gizakiok landareei muzin egiteko daukagun joera da. Esan nahi du ikasle horiek landareei begiratzean belarra ikusten dutela; ez dituzte espezie ezberdinak ikusten, ez dituztelako ezagutzen, eta, beraz, ez dituztelako bereizten. Garrantzitsua da gizartean begietatik benda hori kentzea eta bizkarra gehiago ez ematea landareei. Era berean, landareek duten egundoko garrantzia onartu behar dugu, gure bizitzaren euskarria baitira Lur planetan.
Biodibertsitatearen ezagutzan eragiten duten aldagaiak ere aztertu dituzue.
Bai. Alde horretatik, ikusi dugu ikasleen herriaren tamaina erabakigarria dela animalia eta landare espezieak ezagutzeko orduan. Herria zenbat eta txikiagokoa izan populazioari dagokionez, orduan eta bertako espezie gehiago zerrendatu dituzte ikasleek, eta atzerriko edo exotiko gutxiago. Ostera, herria zenbat eta handiagoa, atzerriko espezie gehiago aipatu dituzte. Batez ere nabarmena izan da animalien kasuan.
Zer espezie ezagutzen dituzte gehien?
Gehien aipatutako animalia espezieak lehoia, tigrea, otsoa, basurdea eta hartza dira. Otsoa, adibidez, herri txikietakoetan. Lehoia, hiri handietan. Ordea, ornogabe edo anfibioak, esaterako, apenas aipatu dira, nahiz eta ornogabeak talde oso ugaria eta anitza izan eta anfibioak mundu osoan mehatxurik handiena duen ornodun taldea diren.
Landareen kasuan, haritza, pinua, astigarra, pagoa eta arrosa izan ziren.
Hain zuzen, anfibioak dira galtzeko arrisku handiena daukatenak. Zer lotura dauka horrek ezezagutzarekin?
Aipatzen ez diren espezieak seguruenik ez dira ezagutzen, imajinario kolektiboan ez baitaude. Eta ezagutzen ez duguna nekez testuinguratu dezakegu, haren falta sumatu edo haren alde egin. Eta horrek hermetikoagoak egiten gaitu, ekosistemak mespretxatuz.
Native species awareness disparity kontzeptua ere proposatu duzue zuen ikerketan. Zer da?
Espezie autoktonoen aurrean dugun kontzientziarik eza da. Nabarmendu nahi izan dugu gure gazteek ez dituztela bertako espezieak ezagutzen, eta ez dituzte kanpokoengandik bereizten ere. Eta hori oso arazo larria da. Esate baterako, espezie inbaditzaileak biodibertsitate galera iturri garrantzitsua direlako.
Globalizatuta dago biodibertsitatearen ezagutza, jatorri ezberdinetako ikasleei galdetuta ere?
Bai, beste ikertzaile batzuek mundu osoan oso emaitza antzekoak aurkitu dituzte. Bi motibo daude: bata, hedabideak, eta bestea, erabiltzen ditugun baliabideetan kanpoko espezie ikusgarriak nabarmentzen direla.
Zer eragin dauka ezezagutza horrek klima aldaketan, esaterako?
Eragina bi norabidekoa da. Batetik, nekez imajina dezakegu klimaren aldaketak nola eragingo dien ezagutzen ez ditugun espezieei eta haien ekologiari. Eta alderantziz, klima aldaketaren eraginez gero eta espezie gehiago ari dira desagertzen, migrazio patroiak aldatzen... eta, horiekin batera, horiek ezagutzeko aukera.
Oraingo umeekin alderatuz gero, esaterako, gure aitona-amonek zer-nolako ezagutza zuten ingurumenaz?
Guztiz murriztu da. Kontaktua galdu da, eta ohikoa da gure umeak pantaila bati begira ikustea, loreak batzen edo zuhaitzetara igotzen ikusi beharrean. Naturarekin kontaktu emozionala txikitu da, eta harekiko dugun pertzepzioa ere aldatuz joan da. Hezkuntzak zeregin handia du horretan guztian ere, heldu eta gazteen naturarekiko konexioa berreskuratzen.
Ze modutan zabaldu behar dira biodibertsitateari buruzko mezuak umeek barnera ditzaten?
Naturaltasunez naturarekin kontaktua suspertzen. Baina kontaktua ez da nahikoa, ezta ere aditu baten laguntzaz espezieak behatzea. Umeak naturara hurbildu behar dira zerbait ikertzera, ikerketa galdera zehatzak erantzutera. Eskola guztietatik metro gutxi batzuetara berdegune bat, erreka bat edo baso bat dago, seguru.
Pokemonen adibidea aipatu duzue ikerketan.
Erresuma Batuan egindako ikerketa batean, 4-11 urteko umeei pokemonen eta bertako espezieen hamar irudi eman zitzaizkien identifikatzeko. Emaitza harrigarria izan zen: Pokemon espezieen ezagutza %80ra iristen zen 8 urtekoen artean. Ostera, apenas ezagutzen zuten espezie basatien %3. Beraz, hortik bi ondorio nagusi atera ditzakegu: umeek gaitasun harrigarria daukatela ezagutzeko, sailkatzeko eta memorizatzeko, eta hezitzaileok asko dugula ikasteko Pokemonen diseinatzaileengandik.
Joserra Diez. Biologian doktorea
«Naturarekin kontaktu emozionala txikitu da; berreskuratu behar da»
Ikerketa batek baieztatu duenez, Euskal Herriko haurrek erraztasun handiagoa daukate kanpoko espezieak izendatzeko, bertakoak baino. Diezen arabera, umeek naturara hurbildu behar dute, «ikertzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu