Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege berria adostu dute gaur. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, araudiak «berritze bat» behar zuen; izan ere, duela 27 urte onartu zen legea, eta, geroztik, ingurumen legedi osoa «asko» aldatu da. Gaineratu du egindako proposamenen %75 onartu dietela, eta «legearen aspektu asko hobetzea» lortu dutela. Legebiltzarkideak azaldu duenez, araudi berriarekin, besteak beste, Eudelek, Aldundiek eta Ingurumen Sailak koordinazio batzorde bat sortuko dute; aurrekontu partida zehatzak egingo dituzte, eta korridore ekologikoei bultzada emango zaie.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko buruaren iritziz, ordea, Jaurlaritzak «aukera paregabea» galdu du «ingurumen politika indartsuen alde» egiteko. Izan ere, koalizioak 67 zuzenketa egin zizkion lege proiektuari, eta, Gorrotxategiren ustez, horiek kanpoan geratzea «akatsa» da.
Elkarrekin Podemos IUk «ingurumen politikak hobetzeko borrokan» jarraituko duela adierazi du, eta jakinarazi du prentsaurrekoa eskainiko duela bihar Eusko Legebiltzarrean, gaiari buruzko «xehetasun gehiago» emateko eta «balorazio lasaiagoa» egiteko.