Antton Alberdi. Natur Zientzien Topaketen koordinatzailea

«Natur zientzien inguruan elkarlana sortu nahi dugu»

Azaroaren 9an eta 10ean egingo dituzte Donostiako Eureka zientzia museoan natur zientziei buruzko lehen topaketak.

ainara arratibel gascon
Donostia
2013ko urriaren 10a
00:00
Entzun
«Elkarlanak natur zientzien inguruan lanean ari garen guztioi egingo digu mesede». Antton Alberdi zientzialariak (Elgoibar, 1987) hala azaldu du UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin antolatutako topaketen garrantzia.

Zein helbururekin antolatu dituzue topaketak?

Jende ugari gabiltza Euskal Herrian natur zientzien inguruan lanean, eta konturatuta gaude gure arteko harremanak ez direla beharko luketen bezain estuak. Izan ere, unibertsitateko lantaldeak kontaktuan gaude, baina askoz zailagoa da natur taldeekin eta horietako kide diren boluntarioekin harremanetan egotea. Helburua da etorkizunari begira elkarlan sare bat sortzea.

Elkarlan horrek zein ekarpen egin diezaioke natur zientziei?

Handia. Adituek egiten dituzten lan asko egin ditzakete natur taldeetako kideek. Ziur gaude, gainera, gustura egingo lituzketela. Nik, adibidez, saguzarrekin egiten dut lan. Euskal Herriko hainbat koloniaren azterketa egiten dugu. Urteanbehin egin behar diren kontaketak natur taldeek egiteak asko lagunduko liguke. Haiek, gainera, saguzarrak gehiago ezagutzeko aukera izango lukete. Bi aldeentzat izango litzateke onuragarria. Oro har, nahi dugu antolakuntza eta eraginkortasun hobeak lortu. Natur zientziak herritarrei gerturatzeko modu bat ere bada.

Euskal Herrian erreferente diren pertsonak bilduko dituzue jardunaldietan: Txema Pitarke, Jose Ramon Etxeberria, Juan Ignacio Perez Iglesias, Iñaki Antiguedad...

Bai. Baina ez horiek bakarrik. Jorratuko ditugun lau gaiak hainbat esparrutatik landuko ditugu. Adibidez, mendian agertzen diren animalien hilotzen gaiaz hitz egingo dute biologo batek, artzain batek, basozain batek eta albaitari batek. Poster saioak ere egingo ditugu.

Basoen kudeaketa izango duzue aztergai; zehazki, hildako zuhaitzena. Nolakoa da basoen egoera?

Gipuzkoan eta Bizkaian baso eremuaren zati handi bat zuhaitzen landaketek osatzen dute. 30-40 urtetik behin, errotik moztu egiten dira. Ondorioz, horietan sortutako habitatak txikitu egiten dira. Horri lotuta, jendearen artean oso barneratuta dago basoak garbi egon behar dutela. Hau da, inolako oihanperik gabe. Badaude hainbat baso naturalki horrelakoak direnak. Beste batzuek, ordea, floraz beteta daude. Horietan gure joera da moztea, garbitzea. Zuhaitzak erori bezain laster kendu egiten dira. Nire ustez, bien oreka bat gorde behar da, eta, ahal den neurrian, basoa bere horretan utzi behar da. Izan ere, bioaniztasun handiagoa lortzen da. Onddo, intsektu, ornodun eta bakterio askok egur usteldu edo hila behar izaten dute beren bizi zikloak garatu ahal izateko.

Mendietan agertzen diren animalien hilotzen kudeaketa da zuen beste kezketako bat. Zein ekarpen egin nahi duzue alor horretan?

Euskal Herrian abereak hiltzen zirenean beti utzi izan dira mendian. Izan ere, hegazti sarraskijale asko ditugu. 1990eko hamarkadan, behi eroen kasuak agertu zirenean, hori guztia aldatu egin zen. Debekatu egin zen abereen hilotzak mendiak uztea. Horren ondorioz, hegazti sarraskijaleen komunitatean jaitsiera handia egon zen. Horri aurre egiteko, bazkaleku artifizialak sortu zituzten. Horietara, hiltegietatik eta baserrietatik eraman zituzten animali hilak. Horrek berriro komunitate horiek handitzea ekarri zuen. Gerora. Bazkalekuak murriztu direnean hegazti sarraskijale horiek eraso egin diete abere jaioberriei. Horrek abeltzainen kexak eragin ditu. Beraz, kontserbazioaren eta administrazioaren ikuspegitik arazo bat dugu. Saiatuko gara alde guztien ekarpenak biltzen, eta, ahal dela, denak kontentu utzi dituen konponbide bat topatzen.

Klima aldaketaren gaia jorratzerakoan, itsasoan zer eragin duen aztertzea erabaki duzue. Zergatik?

Eragina agerikoa da, besteak beste, itsasoko faunan eta floran. Ez dirudi, gainera, gutxituko denik. Eragin begi bistakoena itsas mailan gertatu da. Iragan astean jakin genuen itsas maila 26 eta 82 zentimetro bitartean igoko dela 2100. urtera bitarte. Iristen bada, ez du atzera bueltarik izango. Pena da, baina agian, gure herrietako asko urez betetzean konturatuko gara arazoaz.

Topaketetan mahai inguru bakarra egongo da, eta natur zientzietan euskarak duen lekua aztertuko da. Nolakoa da leku hori?

Egungo mundu globalizatu honetan, natur zientzietan eta, oro har, zientzian, ingelesa da nagusi. Baina euskarak zeresan handia izan dezake alor batean: zientzia gizarteratzen. Gai izan behar dugu egiten dugun lana euskaraz azaltzeko. Alde horretatik, urrats handiak egin dira, eta horretan jarraitu behar da. Lan asko dago egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.