Gerra Ukrainan

NATOren eta EBren kontrako manifestazioa egingo dute Bilbon

Martxoaren 11n egingo dute, eta han «Euskal Herri antiinperialista» aldarrikatuko dute

Manifestazioaren antolatzaileak, aurkezpenean. BERRIA
gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 7a
15:47
Entzun

Askapenak, NATOren eta Europako Batasunaren Kontrako Herri Plataformak eta Bardenas Ya taldeak manifestazioa egingo dute martxoaren 11n Bilbon, NATO eta EB ez, Euskal Herria antiinperialista goiburupean. Manifestazioa Plaza Eliptikotik abiatuko da 17:30ean, eta, horren bidez, «azken erasoaldi inperialista» salatu nahi dute.

Hego Euskal Herrian NATOri buruzko galdeketa egin zeneko urteurrenaren bezpera aukeratu dute deitzaileek manifestazioa egiteko. Izan ere, martxoaren 12an 37 urte beteko dira erreferenduma egin zenetik; Hego Euskal Herrian ezezkoa aise gailendu zen, botoen %60 baino gehiago lortuta. Manifestazioaren antolatzaileen ustez, NATO «erakunde militar hutsa» baino zerbait gehiago da: «NATO burgesiaren armada da, baina, horrez gain, kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra ere bada».

Ikusi gehiago:Salatu dute Bilboko portutik Ukrainara gerra materiala bidaliko dutela

Ukrainan pizturiko gerra eta mundu osora hedatu den krisi egoera ikuspegi horretatik ikusten dute manifestazioa antolatu duten eragileek. Diotenez, sistema kapitalistan krisia ez da «salbuespena», sistemaren berezko ezaugarria baizik: «AEBen hegemonia ekonomiko, politiko eta militarra aldatzen ari da; Txina eta, neurri txikiagoan, Errusia beren eragin ekonomiko eta politikoa areagotzen ari dira munduan, eta horregatik ari dira potentzia atlantistak erasoaldia ekialderantz garatzen». Aukera baliatu dute Donbassko errepublikei «elkartasuna» adierazteko.

Manifestazioaren antolatzaileek kritikatu dituzte Espainiako azken aurrekontuak, «alderdi sozialdemokrata guztiek onartutakoak», horien bidez «NATOren mesedetara herri langileen baldintza materialak okertzea» babesten delakoan: «NATOri gaitasun gehiago eman zaizkio, eta burgesiaren interesak defendatzeko azpiegitura zibilak eskuratzeko eskubidea aitortu zaio».

«Burgesiaren aparatu politiko guztiak suntsitzeari» beharrezko deritzoten manifestazioaren eragileek, eta, horregatik, Espainiako eta Frantziako estatuen kontra ez ezik, NATOren eta Europako Batasunaren kontra ere jo dute: «Horregatik dei egiten dugu NATO buru duen azken erasoaldi inperialistari aurre egin eta Euskal Herri antiinperialistaren aktibazioa aldarrikatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.