«NATO ez!» aldarria ozenduta

Euskal Herri «antiinperialistaren aktibazioa» eskatu dute Bilbon egin den mobilizazio batean

Protesta, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
NATO eta EBren aurkako herri plataformak, BardenasYa kolektiboak eta Askapenak antolatuta, Bilbon protesta egin zuten atzo arratsaldean; Euskal Herri «antiinperialistaren» aktibazioa eskatu zuten. Plaza Eliptikotik abiatu zen martxa. Pankarta ugari erakutsi zituzten manifestariek, besteak beste, «gerra» eta «miseria» gaitzesteko.

Sistema «kapitalistaren krisia» agerikoa dela nabarmenduta antolatu dute protesta, eta horren ondorioak «koiuntural» gisara aurkeztu nahi badira ere, uste dute ez direla inolako «salbuespena». Kontrara, uste dute sistemaren zimenduan daudela, eta zuribiderik ezin dela bilatu horien inguruan: «Sistema kapitalistari berari dagokion ezaugarri bat da krisia». Uste dute Ukrainako gerraren inguruan sortutako krisia ere hori aintzakotzat hartuta ulertu behar dela. Egun, gainera, AEB Ameriketako Estatu Batuak «hegemonia» galtzen ari direla gogoratu dute, eta ataka horretan ulertu behar direla «inperialismo atlantista», NATO eta EB Europako Batasuna azken hilabeteetan egiten ari diren pausoak.

Finean, NATO «kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra» dela pentsatzen dute mobilizazioaren deitzaileek. Horiek horrela, «burgesiaren aparatu politikoak suntsitzera» deitu dute, eta «herri langileen borroka» aldarrikatzera.

Euskal Herrian bertan

NATOren operazioak ez direla urrutiko kontuak azaldu dute, etanabarmendu dute erakundearen itzala argi eta garbi dagoela Bardeako tiro eremuan, Gasteizko Arakako baseko ariketa militarretan, gastu militarra handitzeko bertako talde politikoek hartu dituzten erabakietan, eskubide murrizketetan eta errepresioan. Euskal Herriko hainbat eragilek bat egin zuten atzo Bilbon egin zen mobilizazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.