Familiak horretarako ekinbide judizialik abiatuko balu, NBEko bortxazko desagertzeen lantaldea Naparrari buruzko dokumentuak desklasifikatzearen alde agertuko litzateke, eta babesa emanen lioke sendiari horretarako. Hori adierazi zion atzo Luciano A. Hazan lantaldeko buruak Eneko Etxeberriari taldeak harekin egindako bileran.
Duela bi urte baino gehiago bildu ziren azkenekoz, 2020ko otsailaren 12an, Genevan; eta atzo elkartu ziren berriro Etxeberria eta NBEren bortxazko desagertzeen lantaldea, bideokonferentziaz. Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia da Eneko Etxeberria, haren anaiaren desagertzea argitzearen alde ezagun egin den aurpegia. Izan ere, 42 urte geroago argitu gabe segitzen du Naparraren desagertzeak: 1980ko ekainaren 11n izan zuten azkenekoz haren berri.
NBEko bortxazko desagertzeen lantaldea Genevan bilduta dago egunotan, taldearen 126. bileran, eta horren karietara hartu zuen hitza atzo Eneko Etxeberriak. Lantalde horrek jarraipena egiten dio Naparraren kasuari —2014an NBEk bortxaz desagertutako pertsona izendatu zuen Jose Miguel Etxeberria—.
Lituaniako Henrikas Mickevicius, Italiako Gabriella Citroni, Thailandiako Angkhana Neelapaijit, Ginea Bissauko Aua Balde eta Argentinako Luciano A. Hazan bera dira lantaldeko kideak. Etxeberriak Naparra kasuari buruz dauden azken xehetasunen berri eman zien atzo lantaldeko kideei, eta haiek elkartasuna adierazi zieten senideei: berretsi zuten interesez segitzen dutela kasuaren bilakaera.