Egiari Zor fundazioak azaldu duenez, Frantziako armadako aditu talde batek indusketa lan batzuk egin zituen Landetan apirilaren 22tik 24ra bitarte, Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren gorpuzkiak egon zitezkeen eremu batean, baina ez dute haren arrastorik aurkitu: «Lanen emaitza, 2017an bezala, negatiboa izan da». Orain, Frantziak Espainiako Auzitegi Nazionalari igorriko dio lan horien inguruko txostena, eta hark zer erabakiko zain dago familia, auzian jarraitzeko beharrezko urratsak egiteko: «Oraintxe ez dakigu zer egin, esperoan baikaude [Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael] Morenok zer egingo. Horren arabera ikusiko dugu», adierazi du Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak.
Iñaki Egaña Egiari Zorreko kide eta historialariak eta Eneko Etxeberriak eman dute egoeraren berri, Iruñean egindako prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, Frantziako armadako unitate batek, Jendarmeriaren gidaritzapean, indusketa lanak egin zituen Brocas eta Labrit udalerrien arteko baso eremu batean, «gutxi gorabehera 1.200 metro karratuko eremu batean», eta detektagailuak eta hondeamakina bat erabili zituzten horretarako.
Gainera, markatutako eremuetatik at, zuhaitz arteko are eremu zabalagoa aztertu zuten detektagailuekin. Halere, emaitza negatiboa izan da. Argudiatu dutenez, Naparradesagertu zenetik hona, basoa eraldatu egin da denboraren eraginez, eta zuhaitzen kokalekua ere ez da orduko berbera. Adibidez, 1980ko hamarkadan uholde bat izan zen toki horretan. «Hortaz, zaila da zehaztea gorpuzkiak non egoten ahal diren, zeren, dauzkagun jarraibideekin, nekez seinalatzen ahal baita zalantzarik gabeko toki jakin bat».
Lan horiek bertatik bertara ikusi zituzten Eneko Etxeberriak, Francisco Etxeberria auzi medikuak eta Iñigo Iruin familiaren abokatuak. Etxeberriaren arabera, apirilaren 22an ekin zioten, 09:00etan, eta bi egun geroago eman zioten amaiera, apirilaren 24ko 18:00etan. Erabakiaren berri Jendarmeriako koronel batek eman zion Naparraren familiari. «Telefonoz hitz egin nuen harekin, eta esan zidan lana amaitutzat ematen zutela. Azaldu zidan txosten ofiziala egingo dutela eta [Ismael] Moreno epaileari bidaliko diotela. Horrela dago kontua».
Egiari Zorrek eta Etxeberria familiak adierazi dute ez dutela alde batera utziko «Jose Miguelen gorpuzkiak berreskuratu eta etxera ekartzeko» helburua: «Gertatu zen guztia jakitea eta justiziarako eskubidea gauzatzea, horrenbeste zor baitzaigu». Hala, auzia zabalik mantentzeaz gain, eskatu dute 1968ko Sekretu Ofizialen legea indargabetzeko, egun «Espainiako Estatuko demokraziaren kalitateari buruzko eztabaida» irekita dagoela baliatuta. Hori Naparra auzia argitzeko baliagarria izan daitekeelakoan.
Oinarrian, CESID
Indusketa lanak egitearen oinarria zera da, 2015. urtean CESID ─egun, CNI─ Espainiako zerbitzu sekretuetako ustezko agente ohi batek emandako testigantza, Iñaki Errazkin kazetariak jasoa. «Estatu terrorismoarekin» lotura zuen hark, orduan Iñigo Iruin abokatuak azaldu zuenez, eta, haren arabera, Naparra Frantziako Landetan dago lurperatuta; zehazki, Mont-de-Marsandik (Frantzia) iparraldera dagoen udalerri batean, haritzen paraje batean.
Adierazpen hartatik abiatuta, Paco Etxeberriak eta haren lantaldeak eremu azterketa bat egin zuten, familiaren eskariz, eta bi eremu proposatu zituzten indusketa lanak egiteko. Hain zuzen, horrek balio izan zuen Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno instrukzio epaileak Naparraren desagertzearen auzia berriz irekitzeko, eta Frantziako agintariei indusketa lanak egiteko eskaera bat egiteko.
Lehen lanak 2017ko apirilaren 4an egin zituen Etxeberriak zuzendutako taldeak, aurrez zehaztutako bi eremu horietako batean. Han, baina, ez zuten gorpuzkirik aurkitu. Honela gogoratu zuen afera Eneko Etxeberriak, BERRIAn argitaratutako artikulu batean: «Frantziako agintariek erabaki zuten txostenetan aipatutako toki bakar batean zulatzea, eta erabat baztertu zuten bigarren tokian indusketa egitea. Goizez eta arratsaldez bost orduz aritu eta gero, ezer aurkitu ez zutelarik, indusketa lanak amaitu ziren».
Hala, Auzitegi Nazionaleko Moreno epaileak eta fiskaltzak asmoa azaldu zuten kasua berriz ixteko, baina familiak ez zuen amore eman, eta errekurtsoak aurkeztu, bigarren eremuan ere indusketa lanak egin zitezen. Hala, azkenean, lan horiek egiteko eskaria egin zuen epaileak. Hori 2018ko maiatzean izan zen, eta senideek espero zuten urte hartako udazkenean egingo zirela behar horiek. Hain zuzen, urte hartako abenduan hil zen Naparraren ama Celes Alvarez, semearen gorpuzkien kokalekuaren berri izan gabe. Izan ere, lan horiek aurtengo apirilean egin dira.
Jose Miguel Etxeberria Naparra ETAko kide izan zen, eta, gero, Komando Autonomo Antikapitalistetakoa. 1978an, ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira, eta 1980ko ekainaren 11tik ez da haren berririk. EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak egindako ikerketaren arabera, «tranpazko hitzordu bat» jarri zioten Ziburun (Lapurdi), eta ez da hartaz gehiago jakin.
44 urte epaitegietan
Haren desagertzearen inguruan Baionako epaitegiak egindako diligentziak «oso eskasak» izan ziren, ikerketa beraren arabera, eta urte eta erdi inguru barru artxibatu egin zuten auzia, 1982an. Fiskaltzaren arabera, erakunde barruko «kontu garbiketa» baten ondorio izan zen hura desagertzea. Hipotesi hark, baina, indarra galdu du denborak aurrera egin ahala. Kontuan izan behar da ordurako BVE Batallon Vasco Español eskuin muturreko talde paramilitarrak bere gain hartua zuela haren bahiketa eta hilketa.
Iñaki Egaña historialariak gogorarazi duenez, «gezurra badirudi ere, BVEk biktima gehiago eragin zituen GALek baino». Halaber, eskuin muturreko talde paramilitarrek eta parapolizialek eragindako 1.557 ekintza zenbatuak ditu Egiari Zor fundazioak. «Maiz datu hori ez da aipatu ere egiten kontakizun ofizialetan».
Naparraren auzia 1982an itxi zuen Frantziako Justiziak, eta ez zen berriro ireki 1999ra arte. Orduan, Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa ildoa BVE eta Espainiako zerbitzu sekretuetara bideratu zuen. Halere, azkar itxi zuten auzia, 2004an. Senideek lanean jarraitu zuten auzia berriz ireki zedin, eta, 2014an, NBE Nazio Batuen Erakundeak ere desagertze behartu modura onartu zuen kasua, Espainiako Gobernuari hura argitzeko gomendioak eginez. Azkenik, 2015ean egindako aurkikuntzak tarteko, Baionako epaitegira eta Auzitegi Nazionalera jo zuten. Lehenak erantzun zuen auzia 1992tik preskribatuta zegoela. Bigarrenak, berriz, orain arte iritsi den prozesua zabaldu zuen 2016ko irailean.
Kronologia
- 1980ko ekainak 11. Etxetik atera eta ustez Zibururantz (Lapurdi) abiatu zen. Han hitzordu bat zuen, baina ordutik inork ez du haren berririk izan.
- Ekainak 17. Naparraren gurasoek, Francisco Etxeberriak eta Celes Alvarezek, haren desagerpena salatu zuten Baionako epaitegian.
- Ekainak 19. Naparraren autoa aurkitu zuten Ziburutik gertu.
- Ekainak 20. Komando Autonomo Antikapitalistek ohar bidez jakinarazi zuten Naparra erakundeko kidea zela, eta litekeena zela hori izatea desagertu izanaren arrazoia.
- Ekainak 21. Batallon Vasco Españolen izenean dei egin zuten Deia egunkariaren egoitzara, eta adierazi eskuin muturreko talde paramilitar horrek bahitu zuela Naparra.
- Ekainak 27. Fiskaltzak Baionako epaitegiari eskatu zion ikerketa judizial bat irekitzeko; instrukzioari ekin, eta ikerketa bat egiteko agindu zitzaion Poliziari. Hura, baina, KAAko barne aferetan zentratu zen.
- Uztailak 3. BVEk beste dei bat egin zuen Deia-ra, esanez ekainaren 30ean hil zutela Naparra. Denera, bost aldiz hartu zuen bere gain ekintza, baina kokalekua behin eta berriz aldatuz.
- 1981eko maiatzak 25. Jean Pierre Foixet galdekatu zuten; espetxean zen BVEk 1980an Mont-de-Marsanen egindako atentatu batengatik.
- 1982ko otsailak 10. Baionako epaitegiak auzia artxibatu zuen, fiskaltzak hala eskatuta.
- 1999ko irailak 13. Naparraren familiak Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio epaitegian kereila bat jarri zuen.
- Urriak 1. Ismael Moreno epaileak aferaren inguruko txosten bana eskatu zien Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari.
- 2004ko martxoak 3. Fiskaltzak Gilbert Perret inputatzearen kontra eta auzia artxibatzearen alde egin zuen.
- Martxoak 31. Moreno epaileak instrukzioa artxibatzea erabaki zuen, eta, urriaren 4an, erabaki hura babestu zuen Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Salak.
- 2008. Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren biktimen inguruko txosten batean jaso zuen Naparraren kasua, BVE eta Perret egiletzat jota.
- 2014ko ekainak 13. NBEren Giza Eskubideen Goi Mandatariak afera ikertzeko eskatu zien Espainiari eta Frantziari.
- 2015eko abendua. Iñaki Errazkin kazetaria Brasilen elkartu zen ustez CESIDeko kide izandako batekin, eta hark informazioa eman zion Naparraren gorpuzkien ustezko kokalekuaren inguruan.
- 2016ko uztailak 30. Paco Etxeberria auzi medikuak txosten bat egin zuen informazio horretan oinarrituta, eta indusketa lanak egiteko bi eremu ezarri.
- Urriak 13.
Auzitegi Nazionalak auzia berriz irekitzea erabaki zuen, kokalekuaren inguruko informazioa oinarri hartuta
.- 2017ko apirilak 4. Auzi medikuak zehaztutako eremu batean indusketa lanak egin zituzten, baina ez zuten gorpuzkirik aurkitu.
- 2018ko apirilak 11. Errazkinek esan zuen Ramon Francisco Arnau de la Nuez CESIDeko agente ohiak eman ziola informazioa.
- 2024ko apirilak 22-24. Paco Etxeberriak zehaztutako bigarren eremuan indusketa lanak egin zituzten, baina ez zuten gorpuzkirik aurkitu.