Naizen elkarteak bideoak egin ditu sexu identitateaz, ikasleak hezteko

Urteko agerraldi nagusian, oroitu dute zortzi familiak sortu zutela elkartea; egun 300 pasatxo dira

Goraino bete zuten atzo Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin nagusia. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ume, gazte zein heldu. Tankera askotako ahotsek osatutako zurrumurru bat entzuten zen atzo Donostian, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen eraikin nagusian. Alaitasuna zerien guztiei: Naizen adingabe transexualen gurasoen elkartearen zortzigarren jaialdian ospakizun giroa izan zen nagusi. Hainbat nobedade ere aurkeztu zituzten; besteak beste, sexu identitatea eta aniztasuna lantzen dituzten bost bideo didaktiko sortu dituzte.

Goizeko ekitaldiarekin eman zioten hasiera egun osoko egitarauari; bertsoekin zabaldu zuten Maialen Arzallus eta German Urteagak. Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti aktoreek egin zituzten aurkezle lanak; haiek dira Naizen elkarteak aurkeztu dituen bideo laburren protagonistak ere, Garazi Urkolarekin batera.

Ikus-entzunezkoak bigarren hezkuntzako ikasleentzako eginak dira, eta sexu identitateareningurukoak izango dira. Lehenengoa estreinatu zuten ekitaldian: Sexu-ezaugarriak. Gainontzekoak Naizenen sare sozialetan zabalduko dituzte banan-banan, otsailean, astelehenetan.

Elkarteak ateratako kamiseta berriak ere aurkeztu zituzten. Duela hilabete batzuk, lehiaketa bat jarri zuten martxan, Eman begi leloarekin, kamiseta horien diseinuan parte hartzeko, eta irabazlearen berri eman zuten atzo: Enara Condek jaso zuen saria. Elkarteko kideek adierazi zuten begiradetan jarri nahi izan dutela indarra kamisetaren leloarekin: «Begiratu nazazu, kontuan eduki nazazu. Eman zure begirada».

Zortzi urteko ibilbidea

Zortzi familiak sortu zuten Naizen; duela zortzi urteko martxoaren 8 batez. Ibilbide osoaren errepasoa egin zuen atzo Aingeru Mayor elkarteko kideak: «Elkartea sortu genuenean, haurtzaroko transexualitateari buruz ez zegoen ezagutzarik, baina hori aldatzea erabaki genuen. Mundua aldatzea. Zortzi familiarekin hasi genuen, eta orain hirurehun baino gehiago gara. Lortu dugu jendarteak ikustea badaudela zakila duten neskatoak eta alua duten mutikoak».

Besteak beste, bide horretan egindako lorpenak ekarri zituen gogora Mayorrek: Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan transexualen eskubideen alde egindako legeen erreformak, eskubide horien aldeko «batasun politikoa», transexualen osasun artan egon diren «hobekuntzak», eta eragile askotarikoek adingabe transexualen eskubideen alde erakutsitako «babesa». Lorpen horiek izendatu ondoren, ondorio argi bat atera zuen: «Haur transexualek eta horien familiek inoiz ez dute oraingoa baino egoera sozial hoberik izan».

Hala ere, gehitu zuen «asko» daukatela egiteko oraindik. Besteak beste, «2012ko legearen erreforma, transexualentzako lehen arreta hobetzea edota profesionalei arlo horretan formakuntza ematea» izango dira elkartearen erronka nagusiak aurten. Ekai Lersundi ere omendu nahi izan zuten ekitaldian; mutil transexuala zen Lersundi, eta bere buruaz beste egin zuen 2018. urtean. Eszenatokira igo ziren haren gurasoak, eta Txoriak txori abestu zuten, areto guztiarekin batera.

Elkarteak sortu duen bideoklip berriaren aurkezpenarekin itxi zuten ekitaldi nagusia; Kai Nakai eta ETS musika taldeko Iñigo Etxezarretak sortu dute abestia, eta elkarteko gazteek hartu dute parte ikus-entzunezkoan. Martxoaren 3an estreinatuko dela iragarri dute.

Bazkaria egin zuten ondoren, eta arratsaldean Pontx pailazoa eta Yogurina Borovaren eta Kai Etxanizen emanaldiak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.