Naia Zuriarrain: «Ukitzen hasi ziren, iruzkin sexualak egiten, umiliatzen, iraintzen»

BERRIA.
jon olano
Madril
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«[Madrilera eraman aurretik] guardia zibilak aldatuak ziren; beste lau zetozen nirekin autoan. Lau gizon, ahotsagatik diot, nik begi mozorro bat baineraman. Autoan, bidaia osoan mehatxuak egin zizkidaten, Madrileraino denbora nuela hitz egiten hasteko, Madrilen tratua aldatuko zela eta oso gaizki pasatuko nuela ez banuen esaten haiek nahi zutena. Besoekin posizio behartu batean egonarazi ninduten [...]. Bidean geratu behar izan genuen, goragalea neukalako. Bidaia osoa izan zen horrela: Madrilera iristean, txikituko nindutela.

»Auzitegi medikua uste dut egunean bitan etortzen zela. Zetorren bakoitzean, gertatzen ari zitzaidan guztia kontatzen nion. Tratua okertu egin zen. Haiek [poliziek] esaten zidaten medikuari ezin niola ezer esan, eta esanez gero ondorioak izango zirela.

»Izan zituen. Bi aldiz atera ninduten kalabozotik, oihuka, mozorroa jarrita. Galdeketetako batean, burua eta bularrak ukitzen hasi ziren, mehatxatzen. Esan zidaten nire ahizpa atxilotuta zegoela. Kalabozora eraman ninduten berriro, eta beste galdeketa bat egin zidaten ondoren. Gogoan dut zutik egotera behartzen nindutela, eta ni eseri egiten nintzela. Guardia zibil asko nituen atzean, iruzkin sexistak eginez, nitaz barre egiten. Esaten zuten erotuta nengoela, 'gudarienek' hitz egiten zutela, soilik agindu baten zain zeudela hurrengo fasera igarotzeko.

»Ziegatik atera ninduten, eta gela batera eraman. Ez nuen ezer ikusten, baina bereizten nuen argitasuna zegoen edo ez. Lurra biguna zen. Ez dakit zenbat zeuden, baina lau gizon baino gehiago bereizten nituen. Guardia zibil bat oihuka hasi zitzaidan; entzumen galera dut lesio baten ondorioz, eta uste dut egun horretakoa dela.

»Biluzteko esan zidaten. Ez nuen nire kabuz egin, eta indarrez kendu zidaten arropa. Goma-aparrak jarri zizkidaten besoetan lotuta, eta ur hotza bota zidaten burutik. Barruko kamiseta apurtu zidaten. Gorputz osoa ukitzen hasi ziren; guardia zibil batek bere genitalak jarri zituen nire atzealdean, iruzkin sexualak eginez, umiliatuz, irainduz.

»Ondoren, plastikozko poltsa bat jarri zidaten; ezin nuen arnastu, ahoan sartzen zitzaidan, eta ahoarekin apurtzen saiatzen nintzen. Esaten zuten lasai egoteko, poltsa asko zituztela. Sentitzen nuen hiltzen ari nintzela, itotzen ari nintzela. Galdetzen zidaten guztia buruz ikasi behar nuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.