Iker Aranak, iragan ostegunean Etxarri gaztetxea hustearen aurkako protestetan ertzain batek zauritutako gizonak, auzibidea hasiko du bere aurkako «erasoa» argitu dadin. Salaketa zabala egingo du, arduradun zuzenaren aurka ez ezik haien nagusien aurka ere joko baitu. «Foam bala batekin nahita zauritu ninduen ertzaina eta operatiboko arduradunak salatuko ditut», aurreratu du Bilboko Errrekalde auzoan emaniko prentsaurrekoan. Dagoeneko frogak eta osasun txostenak biltzen ari da, eta hurrengo egunetan aurkeztuko du salaketa.
Ospitaletik irten eta gutxira eman du bere asmoen berri Aranak, ehun bat lagunen babesarekin. Onartu zuen badakiela auzibide «luze eta gogorra» izango dela, «antzeko kasuetan» ikusi duen bezala, baina bere asmoa irmoa dela nabarmendu zuen, eta ez dela oztopoen beldur: «Estatuko erakundeek Polizia babesten dute, eta gertaerak argitzea eta erantzuleak aurkitzea zailtzen dute».
«Badakit bide zail eta gogorra izango dela. Estatuko erakundeek Polizia babesten dute, eta gertaerak argitzea eta erantzuleak aurkitzea zailtzen dute»
IKER ARANAErtzain batek zauritutako gizona
Aranak gehitu du ez duela isilik gelditzeko asmorik, berari gertatu zitzaiona edozeini gerta dakiokeelako, eta ahotsa altxatu ezean horrelako jokamoldeak «normalizatzeko» arriskua dagoelako. Aranak foam pilotakada bat jaso zuen, eta, zaurien ondorioz, barrabil bat kendu behar izan diote.
Agerraldian, gertaturikoa kontatu du berriz, eta ertzainek «neurrigabeko indarkeria» erabili zutela salatu. Susana Ruiz de Tapia Errekalde auzoko bizilagunak ere hitza hartu du, eta zaurituaren bertsioa berretsi du. Foam balaren jaurtiketaren lekuko zuzen bezala mintzatu da, eta azaldu du ertzainak Arana zauritu zuenean gaztetxearen aurrean bilduta zeudela, eta auzoan liskarrak zeuden arren beren ingurua oso lasai zegoela. «Ezerk ezin zuen pentsarazi gure aurka joko zutenik. Ez zen ezer gertatzen ari, eta, gainera, ertzainak oso gertu zeuden», zehaztu du.
Erlazionatuta
Gaineratu du «hainbat» foam bala jaurti zituztela haien inguruan, oso gertutik eta armak bertan bildutakoen aurka zuzenduz. Arana barrabiletan zauritu zuten, baina beste gizon bati izterraren barnealdean eman ziotela azaldu du. «Gu handik urrundu nahi bagintuzten, hori egiteko modu azkoz baketsuagoak bazeuden», kritikatu du.
Jipoia furgoian
Agerraldian argitu dutenez, Arana ez zen izan osteguneko liskarren ondoren ospitalera joan behar izan zuen pertsona bakarra. Etxarri gaztetxeko kideen arabera, ertzainek beste bi lagun «larri» zauritu zituzten. Bat atxilotua izan ondoren, Ertzaintzaren furgonetaren barruan eman zizkioten kolpeen ondorioz. Zehaztu dute eskuburdinak jarrita zeuzkala eta «erabat babesgabe» zegoela jaso zituela kolpeak.
Beste zaurituari, berriz, kalean eman zizkioten borra kolpeak. Zortzi grapa jarri behar izan zizkioten buruan, eta igeltsua beso batean. Gaztetxeko kideek ertzaintzaren indarkeria gaitzetsi dute, eta gaineratu dute debekatuta egon beharko lukeela foam balak eta gomazko pilotak erabiltzeak.
Eskari horretan sakontzeko beharra azpimarratu du Aranak, eta horretarako gizartearen aktibazioa beharrezkoa dela. Azken hilabeteetan, ertzainek hainbat pertsona zauritu dituzte arma horiekin, eta aurrekari arriskutsu asko pilatzen ari direla esan du.