Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. Roberto Uriarte. Elkarrekin Podemos

«Nahikoa osatu gara, baina kalte egin digu boto baliagarriak»

Espainiako Kongresurako Elkarrekin Podemoseko zerrendaburua izan da Roberto Uriarte, eta, 2016ko bozetakoak baino emaitza okerragoak lortu arren, diputatu hautatu dute.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maider Galardi
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
EAEko Ahal Dugu-ko lehen idazkari nagusia izan zen Roberto Uriarte (Bermeo, Bizkaia, 1960) 2015era arte, eta politikaren lehen lerrora itzuli da orain, igandean Espainiako Kongresuko diputatu hautatu ostean, Bizkaian.

Hego Euskal Herrian, zortzi diputatu zenituzten; orain, berriz, sei. Zer balorazio egiten duzu?

EAEko hauteskunde autonomikoetan, 150.000 boto atera genituen, eta orain ia 70.000 boto gehiago lortu ditugu, nahiz eta ez iritsi aurreko Espainiako bozetako emaitzetara. Inkestek zer zioten kontuan hartuta, eta abiapuntua aintzat hartuta, nahikoa osatu gara. Hirugarren indarra gara Hego Euskal Herrian. Kalte egin digu PSOEk eskatutako boto baliagarriak. Gure bozkatzaile potentziala PSE babestera pasatu da.

Espainiako joera hori errepikatu egin da Hego Euskal Herrian?

Eskuinaren mehatxua zegoen, eta hori gelditzeko boto baliagarria PSOErena izan da. Pedro Sanchezek ongi erabili du. Aurreko bozetan Podemosen alde egin zutenen %20k PSOEri eman diote botoa. Baina, hauteskunde sistemagatik, aulkien herenak galdu ditugu.

Espainiako eskuinak, ordea, ez du ordezkaririk lortu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bertako Espainiako eskuinak estrategia suizida erabili du. Bazuten aukera beste modu batean egiteko, baina hau da hartu duten estrategia: Euskal Herrian gauzak gero eta okerrago egon, eta beste lurraldeetan ahalik eta etekin gehien atera. Estrategia horrek eragin du eskuina Euskal Herriko eta Kataluniako mapatik desagertzea. Hori baliatu nahi izan dute beste lurraldeetan indartsuago egoteko. Baina hori ez zaio inori komeni ikuspegi sozial batetik. Espero dut hori zuzentzea.

Behin baino gehiagotan esan duzu EAJ ere eskuina dela.

Euskal gizartea aurrerakoia da, baina boto kontserbadorea alderdi bakarrean, EAJn metatzen da. Ezkerrekoak diren indarrak bilduta, ordea, gehiengoa gara Euskadin.

Zertan eragin dezake Elkarrekin-Podemoseko hautagai batek Madrilen? Estatu mailako alderdi bateko kide zarete, baina berezitasun batzuekin.

EAJk egiten du joko hori: badirudi haiek direla euskal gaiak defendatzen dituzten bakarrak. Baina Navaleko auziaren jarraipena Elkarrekin Podemosek egin du, eta inork ez du egin guk egin dugun ahalegina Garoñako zentrala berriz ireki ez dadin. Noren interesak defendatuko ditugu, bertakoenak ez badira? Horretaz gain, guk defendatzen duguna da inolako murrizketa sozialik ez egotea, autogobernua mantentzea eta arazo nazionalak elkarrizketarekin bideratzea. Beste modu batera bideratu nahi dugu auzi nazionala, eta badakigu ez dela erraza azaltzen, baina hor mantentzen gara sendo.

Europako eta udal eta foru hauteskundeak datoz berehala. Nola egingo diezue aurre?

Ustez, EAJ da alderdi indartsuena, baina inkestek diote ez dutela ordezkaririk lortuko Europan, eta kontuan hartuta han hartzen direla erabaki nagusiak, hori ahulezia bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.