Bilera artean dabil Miren Gorrotxategi (Abadiño, Bizkaia, 1967), Elkarrekin Podemos-IUren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea. Halere, BERRIAri tarte bat egin dio legebiltzarrean duen bulegoan, ituna lortu eta astebete eskasera. Ez zaio «perfektua» iruditzen, baina uste du lortu dutela eragitea.
Lau alderdi nagusiek lortu duzue hezkuntza akordioa. Nolakoa izan da prozesua?
Aspaldi hasi zen, akordioak beste maila batzuetan lortu ziren, eta gailur moduan heldu zen lantaldearen zirriborroa. Publikatu zenean irakurri genuen lehen aldiz; ez genuen parte hartu osaketan. Oso kritiko agertu ginen. Batetik, ez genuelako parte hartu, eta, bestetik, ez zuelako kontuan hartzen segregazioa, eta ez zelako ezer esaten eskola publikoa eta itunpekoa orekatu beharraz edo dualtasun horrek sortzen dituen arazoez. Ez zeukan garapen programatiko bat, oinarriak gauza zehatzen bidez garatzeko. Handik aurrera, sartu gintuzten.
Alegia, zirriborroa ateratzerako, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk eginda zeukaten akordioa?
Bai.
Zuek zergatik ez zenuten parte hartu azkenera arte?
Ez zigutelako aukerarik eman.
Noizbait ikusi al zenuten zeuen burua akordiotik kanpo?
Bai, noski. Zirriborroa publikatu zenean, horrela geratu izan balitz, gu ez ginateke barruan egongo.
Zertan nabaritzen da zuen eskua? Zer utzi duzue alde batera?
Ekintza plana existitzea guk eragindako gauza bat da, argi eta garbi. Baita haren edukia ere, bi ardatzen inguruan: eskola publikoen eta itunpekoen arteko desberdintasuna azaleratzea, eta eskola publikoaren aldeko tresnak eta segregazioaren aurkako neurri jakinak txertatzea. Lehen testua eta bigarrena alderatu besterik ez dago, eta desberdintasunek gure eragina dutela esango nuke.
Azken bururaino negoziatu zenuten. Zer zen oztopoa?
Azken eguneko azken orduan deitu ziguten; ez dakit zer eztabaida izan ziren aurretik.
Zer da euskara ardatz duen sistema eleaniztuna?
Hizkuntza bat baino gehiago egongo diren sistema bat. Euskadin bi hizkuntza ofizial daude: gaztelera eta euskara. Biak jakiteko, ikasketak bietan egin behar dira. Zer proportziorekin? Xedeak markatu beharko du, eta egoera soziolinguistikora egokitu.
Ikastetxeen hizkuntza proiektuaren bidez lortu nahi duzue DBH amaitzerako B2 maila eskuratzea. Eskolen esku egongo da irakas-hizkuntza hautatzea?
Ez da hainbeste zehazten; hori garatzen duen araua onartu behar da. Akordioak helburua eta hori lortzeko tresnak markatzen ditu.
A, B eta D ereduei eutsiko zaie?
Ez dakit. Akordioan ez da horri buruz hitz egiten. Mahai gainean jartzen dira gai garrantzitsuak, eta bakoitzari bide emateko marko bat eskaintzen da. Gero, hori dena garatu egin behar da.
Zergatik ez duzue euskarazko murgiltzea jaso?
Herri akordio bat sinatu nahi denean, gauzak jaso behar dira sinatuko dutenek gutxieneko erosotasuna sentitzeko moduan. Murgiltze ereduak ez du adostasun maila nahikoa ematen.
Esan zenuten nahi zenutela sare publikoa hamar urtean hegemoniko bihurtzea eta gutxienez %65 izatea. Itunak bide ematen al dio horri?
Adostasunik ez genuen lortu, eta horregatik ez dugu jartzen. Espero dugu akordioak jasotzen dituen tresnak martxan jartzen badira helburu horiek emaitza bezala agertuko direla.
Zuzenketetan esan zenuten hutsuneak zeudela eskola publikoei dagokienez. Zer aldatu da?
Mahai gainean jartzen da publifikazioak egiteko prozesuak garatuko direla. Jaso dugu euskal eskola publikoaren perimetroa zabaldu egingo dela, batez ere hiriguneetan eta sortuko diren hiri eremuetan, baita eskaintza publikoak nahikoa izan behar duela ere. Jaiotza tasaren jaitsiera ikusita, ikasgelak sobran egongo dira. Neurriak jarri ditugu itxiko direnak pribatuak izateko. Beste tresna bat da plan estrategikoa eratzea.
Itunpekoei, baldintzak onartuta, %100eko finantzaketa emango zaie. Ados zaudete?
Neurri hori jaso da, batez ere, legea ez zelako betetzen: ezartzen zuen kuotak ezin zirela kobratu, eta kobratzen ziren. Jakin behar dugu benetan leku batek zenbat balio duen hezkuntzaren ikuspuntutik, jakiteko zenbat diru eman behar zaien itunpekoei. Oso ondo kontrolatu beharko da nondik datorkien dirua eta nola gastatzen den. Hezkuntza Sailean unitate jakin bat sortuko da.
Nahiko berme eskaintzen al ditu segregazioa murrizteko?
Aurreikusten da ezingo dela matrikulazioa eskoletan egin, eta bulego bakar bat egon beharko dela. Horrez gain, jasotzen da konplexutasun maila berezia daukaten ikastetxeek giza baliabide, azpiegitura eta baliabide ekonomiko gehiago lortu beharko dituztela.
Hezkuntza sistemaren laikotasuna aitortzen du itunak. Uztargarria al da sistemaren herena eskola erlijiosoak izatearekin?
Bai. Laikotasuna eta ikastetxeek balio erlijiosoak edukitzea ez dira kontrajarriak. Doktrinamendurik ezingo da existitu.
Diru publikoa jasoko dute?
Bete behar dituzten ezaugarriak betetzen badituzte, bai.
Lau sindikatu nagusiek grebara deitu zuten, eta gero atzera egin. Zer iruditu zaizu haien jarrera?
Bat nator eskatzen zituzten neurriekin. Bakoitzak bere espazioa dauka lanerako, eta errespetu osoa diot ekintza sindikalari.
Hezkuntza publikoa, euskalduna eta propioa eskatzen zuten sindikatuek. Jaso al da hori?
Ez da perfektua, ez ditu gure 80 neurriak jasotzen, baina tresna batzuk ezartzea lortzen du, gure helburuak —justiziazkoak direnak— gauzatzeko. Akordioaren garapena nolakoa den ikusi beharko da, nahikoa den edo ez jakiteko.
Itunak Jaurlaritzarekin duzuen harremana alda dezake?
Ez dago harreman bat kolore batekoa, betirako eta edozertarako. Gure eragina lortu dezakegula ikusten dugun eremuetan, lanean hasten gara haiekin.
Aukerarik badago antzeko itunak beste esparru batzuetara zabaltzeko?
Gaiaren eta eduki dezakegun eraginaren arabera.
Bihar: Ikoitz Arrese (EH Bildu)
EAEko hezkuntza legea. Hezkuntza akordioa (I) Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos-IU).
«Nahikoa den jakiteko, itunaren garapena ikusi beharko da»
EAJk, EH Bilduk, PSEk eta EP-IUk akordio bat egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza legearen oinarriak ezartzeko. BERRIAk elkarrizketa sorta bat egingo du datozen egunetan alderdiekin eta hezkuntza eragile nagusiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu