Euskal Herriko Bilgune Feministaren 15. urteurrenaren karietara, espetxe martxa feminista egingo dute gaur. 300 emakume inguruk Valladolideko espetxera (Espainia) joko dute, eta, ekitaldi horren bidez, emakume presoei elkartasuna adierazteaz gain, auziari buruzko «gogoeta feminista» sustatu nahi dute, Idoia Arraizak (Iruñea, 1987) azaldu duen moduan.
Nolako erantzuna izan du antolatu duzuen espetxe martxa feministak?
Hasieran, hiru autobus antolatzea aurreikusi genuen, baina, azkenean, bost aterako dira, orotara 280 pertsona. Valladolidetik joango direnak kontuan hartuta, 300 emakume inguru bilduko gara espetxe aurrean. Beraz, erantzuna oso positiboa izan da, eta, gainera, oihartzuna izaten ari da hainbat hedabidetan. Pozik gaude.
Zergatik antolatu duzue martxa hau?
Bilgune Feministak aurten hamabost urte beteko ditu, eta, hori dela eta, hainbat ekinbide antolatuko ditugu, normalean lantzen ditugun ildoetan sakontzeko eta aurrerapausoak emateko asmoz. Euskal Herriko gatazka politiko armatuaren ondorioak ikuspegi feministatik lantzea da ildo horietako bat; emakumeen eta espetxearen gaian zentratzea erabaki genuen, eta, gainera, horren inguruan ekinbide mobilizatzaile bat antolatu nahi genuen.
Eta zein helbururekin antolatu duzue?
Alde batetik, salatu nahi ditugu emakume presoek jasaten dituzten askotariko zapalkuntzak eta espetxeen izaera patriarkala bera, azken finean emakume hauek, zigor penalaz gain, zigor soziala ere pairatzen dutelako, eta oro har zigor sistemaren inguruko gogoeta feminista bultzatu nahi dugu. Beste aldetik, preso dauden emakumeei gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu, eta gure eta haien arteko sareak indartu nahi ditugu; denok emakume gara, badago denok dugun problematika bat eta emakume izatearen subjektu kolektiboa indartu nahi izan dugu.
Hirugarren helburu bat ere aipatuko nuke: sakabanaketa politika salatu nahi dugu, eta preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea exijitu.
Nolakoa izango da espetxe martxa feminista?
Autobusak Bilbotik, Iruñetik eta Donostiatik aterako dira eta Valladolideko espetxera joango gara. Trikiti eta panderoekin joango gara espetxeraino, eta inguruan ekitaldi bat egingo dugu. Bilgune Feministako kideek, Valladoliden preso egon diren zenbait emakumek eta Euskal Herriko emakume presoen aldeko elkartasun plataforma antolatu duten Valladolideko feministek parte hartuko dute. Badugu batukada batekin emakumeen modulura gerturatzeko asmoa, gure elkartasunaren oihartzuna entzun dezaten. Gero, Valladolidera joango gara, han badugulako harremana zenbait elkarte feministarekin, eta haiekin bazkalduko dugu.
Zein gogoeta egiten duzue Sara Majarenasek eta haren alabak jasandako erasoaren inguruan?
Emakume izateak zapalkuntza espezifikoa ekartzen du; denok dakigu indarkeria matxista gure jendartean pil-pilean dagoela eta emakume guztiok pairatzen dugula, baita preso daudenek ere. Sarak eta bere alabak jasandakoak hori uzten du agerian, eta espetxean egoteak asko zailtzen du horren aurrean erantzun bat eman ahal izatea. Kasu honetan sakabanaketak eragiten duen kaltea ere kontuan hartu behar da. Fisikoki eta emozionalki eraso basati honek utzitako aztarnak sendatzeko ezinbestekoa da Sara eta Izar Euskal Herrira ekartzea.
Bakartzeak nola eragiten die emakume presoei?
Sakabanaketaren eraginez, eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboan emakumeak gutxiago direlako, bakartze kasu gehiago gertatzen dira emakumeen artean. Orain, hemeretzi preso daude espetxean bakarrik, eta horietatik hamabi emakumeak dira. Agerian gelditzen da emakumeek bakartze gehiago pairatzen dutela. Baina kartzela batean preso politiko bakarra egoteaz harago, zenbait kasutan kartzela barruan bakartze erregimen bereziak egoten dira, teorian oso kasu bakanetan, salbuespen moduan eta denboran mugatuta gertatu beharko liratekeenak —Amnesty Internationalek torturatzat jotzen ditu hamabost egun baino gehiago irauten dutenak— eta, adibidez, Arantza Zuluetaren kasuan bi urte eta erdi eman du egoera horretan.
Polizia etxeetan izandako sexu eraso eta bortxaketen inguruan zelako analisia egiten duzue?
Torturaren gaian ere egin behar dira analisi feministak. Nekane Txapartegirena kasu lazgarria izan zen, eta orain, gainera, Suitzan dute preso. Bilgune Feministako kideak han izan dira, Txapartegi bisitatzen eta haren egoerari buruzko hitzaldiak egiten, Suitzan elkartasun sare garrantzitsua eratu baita haren auziaren inguruan. Guk jarraituko dugu tortura sexista salatzen.
Zuen gogoetetan zaintzaren auzia, espetxe barruko arta ginekologikorik eza eta normalean oharkabean igarotzen diren beste hainbat atal jarri nahi izan dituzue agerian.
Orain arte nahiko ikusezina izan da emakume presoek bizi izan duten egoera espezifikoa eta zapalkuntza bikoitz hori. Zigor penal horri gehitu behar zaio emakumeek pairatzen duten zigorra. Legea apurtzeaz gain, haiengandik espero zen hori ere apurtu dute emakume presoek, feminitate eredu hegemonikoa eta jendarteak ezarritako arauak eta morala. Espetxe sistema saiatzen da bidetik atera diren emakume gaizto horiek berriro emakume on bilakatzen saiatzen. Horren adibide izan daitezke eskaintzen zaizkien jarduerak, edo ezarri nahi dieten infantilizazioa.
Idoia Arraiza. Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea
«Nahiko ikusezina izan da emakume presoen zapalkuntza bikoitza»
Valladoliderako (Espainia) espetxerako martxa egingo du gaur Bilgune Feministak; emakume presoei elkartasuna adierazteaz gain, haien egoeraren inguruan «gogoeta feminista» sustatu nahi dute horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu