Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren egoeraz kezka agertu du Euskara Geroan elkarteak. Ipar Euskal Herriko bigarren mailako ikastetxe publikoetan eta pribatu giristinoetan euskaraz irakasten duten langileek osatzen dute, eta iazko irailetik euskarazko irakaskuntzak duen egoera aztertu dute. Sail elebidunean ikasle kopurua eta euskaraz emanak diren ikasgaiak emendatu badira ere, legez onartua den oren parekotasunetik «urrun» egotea deitoratu dute. Halaber, Frantziako Hezkuntzaren «nahikari politikoaren falta» salatu dute. Akademia ikuskariak euskarazko irakaskuntzari atxikiak izan behar ziren bi irakasle postu ezeztatu berri ditu, eta biharko EEP Euskararen Erakunde Publikoko biltzar nagusian landuko dute gaia. Euskarazko irakasle postuak «kartsuki» defendatzeko eskatu diete hautetsiei.
Oren parekotasunean oinarritzen da sail elebiduna Ipar Euskal Herrian; euskaraz eta frantsesez, ordu kopuru bera izan behar dute ikasleek. Lehen mailako eskoletan kausitzen dute, baina kolegio eta lizeoetan, ez. Bigarren mailako irakasleen hitzetan, bi kolegio baizik ez dira hurbiltzen oren parekotasunera, eta, gainerakoetan,gero eta «tentsio» handiagoa nabari dute hizkuntzak ez diren ikasgaiak euskaraz egiteko, ikastetxeen ordu kopuru orokorretik diruztatuak baitira. Era berean, euskara ikasi nahi duten irakasleei EEPk proposatzen dizkien prestakuntzak mugatzea leporatu diote akademia ikuskariari.
Funtsean, hizkuntza politika «hitzarturik eta eraginkorrik ez izatea» da arazoa, Euskara Geroan elkartearen iritziz. Euskarazko irakaskuntzaren garapena «brikolatua» eta ikastetxeen araberakoa dela deitoratu dute: «Sail elebidunaren funtzionamendua argitzeko eta balorizatzeko hizkuntza politika koordinaturik ez da existitzen oraindik».
Azkenik, lizeoen erreformak sail elebiduna «desegituratu» duela erran dute. Ondorioa: ikasleen abandonatze tasa emendatu da. «Gure indarrak segitzen ditugu ikasleek euskarazko kalitatezko irakaspena ukan dezaten, baina ez dugu hiztun osoen formatzen lortuko baldintzak ez badira betetzen». Oren parekotasuna, lizeoetako sail elebidunen zinezko aitortza eta euskara hautazko ikasgai gisa balioztatzea eskatu dute.
«Aitzakia administratiboak»
Azken berria agiria idazten ari zirela jakin dute Euskara Geroan elkarteko irakasleek: heldu den ikasturtean euskaraz irakasteko atxikiak ziren bi postu ezeztatu ditu akademia ikuskariak, bi kolegiotan, bietan administrazio kontseiluak baiezkoa emana bazuen ere. «Ez da erabaki arina. Ikasleen euskara mailak erakusten du euskara erabiltzeko espazio gehiago behar dutela beren maila sendotzeko».
Akademia ikuskariaren gainetik, errektoreak du azken hitza. Horregatik, bihar iraganen den EEPko biltzar nagusian postu horiek «kartsuki» defendatzera deitu dituzte hautetsiak. «Emanen zaizkien aitzakia administratiboen gainetik, haien determinazioan sinetsi nahi dugu». Eskaera bera egin du Euskal Konfederazioak ere: «EEPko hautetsiak deitzen ditu premiazko gai horretaz jabetzera».
«Nahikari politikoaren falta» salatu du Euskara Geroan irakasle taldeak
Euskarazko irakaskuntzaren garapena trabatzea leporatu diote Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Hizkuntza politika «hitzarturik eta eraginkorrik ez izatea» eta «brikolajean» aritzea gaitzetsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu