Koronabirusa

Nahiago dute eskolara joan

EHUko ikerketa talde batek aztertu du ikasleek zer sentitu zuten konfinamendu garaian, eskolara joan ezin izatearen ondorioz; ohiko martxaren falta igarri zuten.

Haur bat, konfinamendu sasoian, idazmahaian eskolako lanak egiten. IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Terrazak betetzen hasita zeuden, konfinamendu latzenaren arauak samurtzen hasiak zirela begien bistakoa zen eremu askotan, baina haur eta nerabeak ezin ziren oraindik ikastetxera joan, eta gehienak online jasotzen ari ziren eskolak. Horixe zen ekainean COVID-19aren izurriari aurre egiteko hartutako neurriek eragindako egoera, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kideon ikerketa taldeak erabaki zuen garai horri neurria hartzeko inkesta bat egitea. Hego Euskal Herriko 2-12 urte arteko neska-mutilen 650 gurasori eta 500 neraberi galderak egin zizkieten jakiteko ataka berezi horrek zer sentimendu, egoera eta gogoeta sortu zizkien. Naiara Berasategi da ikerketa egin duten ikertzaileetako bat, Nahia Idoiaga, Maria Dosil, Naiara Ozamiz, Amaia Eiguren eta Maitane Pikazarekin batera. Ondorio argi bat da ikasle gehienek ohiko eskola ereduaren falta sumatu zutela: nahiago dute eskolara joan. Hain justu, gurasoei galdera egin zietenean, %85ek esan zuten beren ustez umeek eskolara joatearen falta sentitu zutela; nerabeen %83k onartu zuten institutuko ohiko martxaren falta zutela.

Beste ondorioetako bat, hona: guraso askok adierazi zuten umeek «denbora gehiegi» eman zutela egoera berezi horretan eskolako lanak egiten. %45ek esan zuten denbora tarte bat eman behar zietela egunero etxeko lanei, %26k denbora dezente, eta %8k, asko. «Bereziki ikusten da adin batetik aurrera: zenbat eta nagusiago, etxeko lan gehiago», nabarmendu du Berasategik. Areago, gurasoen %52k adierazi zuten seme-alabak «estresatuta» ikusten zituztela. Eta estres horri atxiki behar zaio pandemiak, oro har, etxe gehienetara eramandako artegatasun egoera. «Guraso gehienak estresatuta zeuden egoerarengatik». Emozio gogor asko agertu zaizkie ikerketan: «Estresa, frustrazioa, gainezka eginda egotea». Hala ere, eskolako ohiko martxa apurtuta, guraso gehienek lagundu egin behar zieten etxean seme-alabei eskolako lanekin; soilik %7k esan zuten ez zietela inolako laguntzarik ematen. Irakasleen «inplikazioa» goratu zuten gehienek, baina askok sentitu zuten seme-alabek arta «jarraituagoa» behar zutela. «Hainbat gurasok esan zuten ez zirela gai sentitzen haiei laguntza emateko, batez ere seme-alabak nagusiago egin ahala».

Nerabeei jasotako datuek ere erakusten dute zama: %37k adierazi zuten nahiko estresatuta zeudela ematen zizkieten lan guztiekin, eta %33k, oso estresatuta. %98k azaldu zuten iruditzen zitzaiela denbora gehiegi ematen zutela eskolako lanak egiten.

Ondoan ikaskiderik gabe

Inkestaz harago, elkarrizketak ere egin zituzten ikerketan, eta gurasoen artean usu agertu zen kezka bat izan zen zer bakartuta jarduteak ondorio izan zezakeen umeengan, adineko ikaskideak ondoan izan gabe, haiekin harremanak oso urrituta. «Arduratuta zeuden haurrek, gelako lagunekin, berdinekin, kontaktu gutxiago zutelako; azkenean eskola da sozializaziorako gune bat», azaldu du Berasategik. Agertu ziren izurriak haurren «egoera emozionalean» laga ditzakeen ondorioei buruzko kezkak ere gurasoen artean. «Eta uste dute eskolan hori ere landu behar dela, bitartekoak jarri behar dituela horretarako». Alor akademikoan, kezka apartekoa gai batekin: euskara. «Ume askok euskararekin harreman bakarra eskolan izaten dute».

Konfinamenduak utzi zituen gogoeta gozoak ere. Zenbait familiak nabarmendu zuten, halako era ustekabean heldu bazen ere, ederra izan zela «familian igarotzeko denbora gehiago» izatea; areago, hazten ere lagundu ziela: «Zenbaitetan, ezagutzen ez zituzten aukera berriak aurkitu zituzten. Txikienekin agertzen da, batez ere, aurretik egin izan ezin zituzten gauzak egiteko era izan zuten». Galdera egin zieten nerabeei koronabirusaz orokorrean ere. Maiz zabaltzen diren mezuek diote gazteenek birusa hutsaltzera egiten dutela, baina ikerketan askotan adierazi zuten honako kezka hau: «Etxekoak, batez ere adinekoak, kutsatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.