Nagoreren izenean heziz

Material didaktikoa atera dute, Laffageren hilketaren kasua oinarri hartuta indarkeriaren aurka egiteko

Iruñea
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Iruñea sanferminetan murgilduta zegoen. 2008ko uztailaren 7a zen. Hurbileko herri batean, Orondritzen, Nagore Laffageren gorpua hilik aurkitu zuten. Orduan hasi zen amesgaiztoa. Neska gazteak indarkeriaren zantzuak zituen gorputzean. Foruzaingoak egun horretan bertan atxilotu zuen Jose Diego Yllanes. Bi urte geroago, epaiak Laffageren hiltzailea hura zela baieztatu zuen. Neskatoaren senitartekoak, ordea, ez ziren epaiarekin kontent gelditu: Yllanesek egindakoa homizidiotzat hartu zuen epaileak, erailketatzat hartu beharrean. Laffageren amak argi dauka: «Nire alabarekin ez da justiziarik egin». Orain, hiru urte geroago, material didaktikoa argitaratu berri dute, hezkuntzan berdintasunaren eta indarkeriaren aurkako gaiak lantzeko. Guztia Nagoreren izenean.

Laffageren ama Asun Casasolak malkoen artean gogoratzen ditu 2008ko uztailetik aitzin jazotakoak. «Mundu guztiak jakin dezala nire alabari zer egin zioten, guztiok batera indarkeriari aurre egiteko», dio kementsu. Hain zuzen ere, horretarako sortu dute indarkeriaren aurkako material didaktikoa: Nagore izeneko dokumentalaz eta gidaliburu batez dago osatuta. Biak Helena Taberna zinemagilearen zuzendaritzapean ekoitzitakoak dira. Zuzendari altsasuarra «harro» azaldu da prentsaurrekoan: «Asko pozten nau Nagoreren kasua zinemara eraman eta horren inguruko material berria dagoela ikusteak; horrek adierazten du Nagoreren espiritua oraindik gure artean dagoela». Astelehen Lilak berdintasunaren aldeko ekimenak lagunduta hedatuko dute materiala.

Gidaliburua bortz gai handitan banatuta dago: generoaren araberako analisian, emakumeen aurkako indarkerian, analisi juridikoan, linguistikoan eta filmikoan. Tabernaren dokumentala oinarritzat hartuta, Laffageren hilketa aztertzen da atal bakoitzean, ikuspuntu ezberdinetatik. Oro har, gidaliburua hezkuntzan erabiltzeko egina dago. Casasolak adierazi duenez, «oso ongi biltzen du emakumearen aurkako indarkeriari buruz egin den lana». Liburua bi hizkuntzatan banatuko da: euskaraz eta gaztelaniaz. Dendetan salgai egoteaz gain, sarean ere salduko dute.

Materialaren erabilera

Teresa Saez Astelehen Lilak ekimeneko kideak azaldu duenez, haiek arduratuko dira materiala zentro guztietara iristeaz. Hala ere, ikastetxe bakoitzean landuko denik ez dago ziurtatzerik. Irakaslearen erantzukizuna izanen da hori.

Horretaz gain, Eloisa Ramirez Vaquero Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Proiekzioko errektoreordeak erran du gradu berrietan pixkanaka ari direla ezartzen genero indarkeriaren inguruko edukiak. «Gainera, zenbait gradutan dagoeneko zeharka ezarrita dago», erantsi du.

Casasola baikor agertu da bere alabaren hilketak gizartean eragindako aldaketarekin. «Nagoreren erailketa mugarria izan da genero indarkeriaren aurkako jarrera indartzeko». Horregatik, Casasolak eskertu egin nahi izan ditu haren alde egindako keinuak. «Eskerrak nire alabaren historia ezagutzera emateagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.