Nafarroari trafiko eskumena itzultzeko prozesua 2026ko uztailean hasiko da

Transferentzia Batzordean bi aldeek itxitzat eman dute iazko Auzitegi Gorenaren epaia. Hiru urteko trantsizio epea hitzartu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek.

(ID_14804329) ESPAÑA TRÁFICO NAVARRA
Gaurko bilkura, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
joxerra senar
2025eko martxoaren 25a
14:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroari trafiko eskumena itzultzeko prozesuak atal bat itxi du, eta, oraindik bide luzea geratzen bada ere, gaur urrats garrantzitsua egin dute. Madrilen, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak transferentziaren nondik norakoak hitzartu dituzte eta bide orria zehaztu dute. Datorren urteko 2026ko uztailean hasiko da itzultzeko prozesua, eta hiru urte iraungo du, Foruzaingoak zerbitzua osorik hartu arte.

Berez, 2023ko uztailean hasia behar zuen eskumena bereganatzeko bideak, baina iazko otsailean Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen juridikoki transferentzia hori errege dekretu bidez ezin zitekeela egin argudiatuta —Gorenak zioen Foru Hobekuntzak ez zuela hitzez hitz jasotzen berezko eskumen gisa—. Hori zuzentzeko, iaz Foru Hobekuntza aldatu zen, eta, hori eginda, gaur bi aldeek errege dekretu berria berretsi dute. Espainiako Ministroen Kontseiluak aurki onartuko du, eta nola Espainiako hala Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratuko da ondoren.

Dena den, bi aldeek hitzartu bezala, transferentzia ez da berehalakoan hasiko, 2026ko uztailean hasiko baita exekutatzen. Data horretatik aurrera hasiko da hiru urteko trantsizio epea. Era berean, ordutik aurrera, Nafarroako Gobernua arduratuko da isunak biltzeaz eta kudeatzeaz. Geratzen den epean oraindik zehaztu gabeko auziak daude: zenbat foruzain gehiago beharko diren, egun trafikoan aritzen diren guardia zibiletako zenbatek nahi duten foruzain izan, eta haien baldintzak, lan eskaintza publikoak, transferentziaren kostuak ekarpenean zer eragin izango duten...

Dena den, gaurko bilkuraren garrantzia nabarmendu dute bi gobernuek. Angel Victor Torres Espainiako Lurralde Politikako ministroaren arabera, aintzat hartu da Nafarroaren «aldarrikapen historiko bat», «eskumen hori diktadura urteetan kendu egin baitzitzaion». Felix Taberna Nafarroako Gobernuko presidenteordearen arabera, «eskumena osorik hartu du Nafarroak», nahiz eta gero zehaztu hori 2026ko uztailetik aurrera izango dela.

Taldeak, Madrilen

Madrilen, Nafarroako Parlamentuko taldeetako ordezkaritza bat izan da, Voxekoak izan ezik. Iaz, PPk Foru Hobekuntza berritzeari ezezkoa eman zion eta Senatuan betoa ezarri zuen. Alta, PPko Javier Garcia ere bertan izan da.

Hainbat eledunek adierazpenak egin dituzte. PSNko Ramon Alzorrizen arabera, «egun historikoa» da. «Epeak azkartu egin dira eskumen hori eraginkorra izan dadin». EH Bilduko Laura Aznalen arabera, «azkenean» lortu da eskumena berreskuratzea «oztopoz betetako prozesu luze baten ostean». Geroa Baiko Pablo Azkona «pozik» agertu da akordioarekin, eta geratzen diren eskumenak esku aldatzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.