Iruñean, kanpaina orotan gertatzen den legez, alderdi gehienek ekitaldi politikoak egin dituzte Foru monumentuaren aurrean. Sinbolo handiko tokia izaki, Nafarroaren nortasunaren inguruko alderdi bakoitzaren mezua zabaltzeko baliatzen dute aukera. Atzo, UPN-PP koalizioa pasatu zen Foruen monumentutik, eta bere ohiko erretorikari heldu zion: «Nafarroaren nortasunaren alde egingo dugu», azaldu zuen Carlos Salvador zerrendaburuak.
Alabaina, diskurtsoaren azalean geratu zen Carlos Salvador. PP Espainiako Gobernura helduz gero, baliteke zentralizazio olde bat bultzatzea, eta UPNren bereizgarri politikoetako bat Nafarroaren izaera politiko berezia izaki, kontraesanak azalera daitezke etorkizun hurbilean koalizioa osatzen duten bi alderdien artean. Horregatik, Carlos Salvadorrek izkin egin zion diskurtso horretan sakondu eta lurralde antolamenduaren eztabaidan Nafarroak nolako funtzioa izan behar duen xehetasunak emateari.
Hala, kontzeptu orokor eta lausoetan galdu zen. «Maite dugu lur hau, atsegin dugu hemengo jendearen izaera, haren eskuzabaltasuna eta etorkizunari aurre egiteko gogoa», azaldu zuen Salvadorrek. «Horregatik, Kongresuan eta Senatuan haren interesak aldeztuko ditugu, erkidego honen nortasun politikoaren alde egingo dugu eta gure ordezkaritza umilaren bidez Mariano Raxoiri lagundu egingo diogu krisitik atera ahal izateko», gaineratu zuen.
Hala, nortasunaren inguruko mezua, batez ere, krisiari aurre egiteko jarrera azaltzeko baliatu zuen Carlos Salvadorrek, eta aldarrikatu zuen «batasunaren eta adiskidetasunaren» aldeko konpromisoa duela koalizioak, horien bidez «iraganeko eztabaida antzuak eta aurreiritzi ideologikoak» gainditu ahal izateko. Haren ustez, etengabe mugitzen ari den mundu konplexu honetan, ezinbestekoa da jarrera hori izatea. Krisialdia «hortzak estutzeko eta etorkizunari aurrez aurre begiratzeko garaia» dela iritzi dio.
Nafarroaren nortasunaren inguruko diskurtsoa izaki, alderdi abertzaleak kritikatu zituen UPN-PP koalizioko hautagaiak. Batetik, goraipatu zuen koalizioak «nafar guztiekin batera» erkidego «aitzindari» bat eraikitzearen alde lan egin duela. «Bestetik, hala ere, energia asko jarri behar izan dugu, beste batzuek nahiago zutelako Nafarroa erkidego berezi bat ez izatea; ez zuten nahi gu lehen mailako erkidegoa izatea».
Hala, Salvadorrek beste behin indarkeria eta abertzaletasuna parekatu egin zituen: «ETAren ideia totalitarioak jendaurrean babestu eta berretsi eta armak utzi arren oraindik ere mehatxatzen jarraitzen duten horiei esaten diegu beren proiektu politiko hori atzo baino urrutiago dagoela eta bihar are urrutiago egongo dela». Salvadorren arabera, euskal abertzaletasunaren proiektuak Nafarroa «bakartuta» utzi beharra eta Espainia hautsi beharra dauzka oinarrian.
Atzoko ekitaldian, Amelia Salanueva, Jose Cruz Perez Lapazaran, Begoña Sanzberro eta Patxi Yanguas egon ziren.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
«Nafarroaren nortasunaren alde» egingo dute UPNk eta PPk
Salvadorren ustez, abertzaleen proiektua «atzo baino urrunago dago eta bihar are urrunago egongo da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu